Udalaren erakunde autonomoetan 41 lanpostu egonkortuko dira

Guaixe 2022ko abe. 14a, 11:47

Jendea Aita Barandiaran adinduen egoitzaren ondoan pasiatzen. ARTXIBOA

Aita Barandiaran adinduen egoitzan 20 lanpostu, udal musika eta dantza eskolan 14 lanpostu eta kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Atabo-Altsasu enpresan, berriz, zortzi. 

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legeari segituz, Altsasuko Udalak bere menpeko erakunde autonomoetan lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdiak egin ditu. 

Udal erakunde autonomoen artean lanpostu gehien egonkortuko diren entitatea Aita Barandiaran adinduen egoitza izanen da. Guztiak ere merezimendu lehiaketaren bidez beteko dira. Alde batetik, zuzendari kudeatzaile lanpostua dago, euskarazko C1 ezagutza duena berarekin. Erizain lanpostua ere beteko da adinduen egoitzan. Horrek B2 euskara maila du. Horiekin batera mantentze lanetako langilea izateko deialdia egin du udalak; lanpostu horrek B1 euskarazko maila du. Beste 17 lanpostuak zaintzailearenak dira, guztiak ere B1 euskara mailarekin. Guztiak lan kontratudun finkoak izanen dira eta lanaldi osoan ariko dira, lanaldi partziala izanen duen zaintzaile bat izan ezik. 

Udala musika eta dantza eskolan 14 lanpostuetatik bat oposizio lehiaketa bidez beteko du udalak: kantu eta abesbatzako irakaslea. B mailako lan kontratadun finkoa izanen da langile hori eta euskarazko C1 hizkuntza maila egiaztatu beharko du. Udala musika eta dantza eskolako gainontzeko 13 lanpostuak merezimendu lehiaketa bidez beteko dira. Dozena bat lanpostu irakasle izateko da, zehazki honako espezialitateak: musika hizkuntza eta musika mugimendua, pianoa, musika hizkuntza, zeharkako txirula, biolina, saxofoia, perkusioa eta bateria, klarinetea, gitarra eta baxu elektrikoa, txistu, metalezko haize tresnak eta dantza. Irakasle guztiak B mailakoak izanen dira eta lan kontratudun finkoak. Haien lanaldia aldakorra izanen da eta guztiek euskarazko C1 maila izan beharko dute. Horretaz aparte, udal musika eta dantza eskolarako administrazio ofiziala aukeratzeko deialdia ere egin du udalak. C mailako lanpostua da eta bertan ariko den langilea lan kontratudun finkoa izanen da, lanaldi partzialarekin. Euskarazko C1 maila izan behar du. 

Altsasuko Udalaren bi erakunde horietako deialdietan parte hartu nahi dutenek hilaren 20ra arte dute aukera udalean eskabideak aurkezteko. 

Atabo-Altsasu 
Udalaren kirol azpiegiturak kudeatzen dituen udal enpresan zortzi lanpostu zortzi lanpostu merezimendu lehiaketa bidez beteko dira. Alde batetik, harreragile lanpostua, %45,33ko lanaldia duena eta B2 euskaraz eskakizuna. Bestetik, garbitzailea, lanaldi osokoa eta hizkuntza eskakizunik gabe. Eta, azkenik, bost begirale-sorosle lanpostu, lanaldi erdian lan eginen dutenak eta euskarazko B2 maila izan beharko dutenak. Guztiek Zelandi kiroldegian lan eginen dute eta lan kontratudun finkoak izanen dira. Deialdian parte hartu nahi dutenek abenduaren 27ra arte dute eskabideak aurkezteko epea.