Udalak 32 lanpostu huts betetzeko deialdia egin du

Guaixe 2022ko abe. 13a, 11:32

Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Merezimendu lehiaketaren bidez 31 lanpostu beteko dira, eta beste bat oposizio lehiaketa bidez. Haietan parte hartu nahi dutenek hilaren 20ra arte dute aukera udalean eskabideak aurkezteko. 

Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Altsasuko Udalak lanpostu hutsak merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia egin du. Prozedura horren bidez udalak guztira 31 lanpostu bete nahi ditu. Beste lanpostua, gazteriaren eta partaidetzaren teknikaria, oposizio lehiaketa bidez beteko du udalak. Lanpostu hori lan kontratudun finkoa izanen da, B mailakoa, lanaldi osokoa eta euskarazko C1 maila hizkuntza eskakizuna duena. Deialdietara aurkezteko eskabideak heldu den asteartera arte aurkez daitezke udaletxean. 

B mailakoa
Udalak aparejadorea kontratatuko du, funtzionarioa, lanaldia osoan aritzeko hirigintza alorren eta euskarazko C1 maila izan behar du. 

C mailakoak 
Bete nahi diren bost lanpostuk dute maila hori. Horietako bat admnistrari-ofiziala da, funtzionarioa izanen dena eta ogasun alorrean lan eginen duena, lanaldi osokoa eta euskarazko C1 maila hizkuntza ezagutza duena. Bestetik kulturako  teknikari ofizial lanpostua betetzeko deialdia ere egin du udalak. Lan kontratudun finkoa izanen da, lanaldi partzialarekin eta euskarazko C1 ezagutza maila duena. Horiekin batera, udalak ludotekari lanpostua ere bete nahi du. Lan kontratudun finkoa eta lanaldi osoan ariko den langilea izanen da, euskarazko C1 maila duena. Gainera, Obra Zerbitzurako arduraduna hautatuko du udalak. Funtzionarioa izanen da eta lanaldi osoa izanen du. Hari B2 euskara maila eskatzen dio. Azkenik, Obra Zerbitzurako igeltsero ofiziala eta zerbitzu anitzetako langilea behar du Altsasuko Udalak, lan kontratudun finkoa eta lanaldi osoan aritzeko. Hautaketa proban euskara merezimendu hizkuntza izanen da. 

Azkenik, Txirinbulo haur eskolan aritzeko lau haur hezitzaile kontratatzeko prozedura hasi du Altsasuko Udalak. Laurak lan kontratudun finkoak izanen dira eta lanaldi aldakorra izanen dute. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, ″Altsasuko Udalaren plantilla organikoan haur eskoletako langileen mailarik ez zen agertzen orain arte, estatuko Lan Hitzarmen bat aplikatu delako, eta ez Administrazioko araudia. Hori ikasturte honetan aldatu da, Nafarroa 0-3 plataformak egindako grebaren ondorioz, eta Nafarroako Gobernuarekin egon diren negoziazioen ondorioz. Beraz, hurrengo urtetik aurrera udalaren Plantilla Organikoan hezitzaileek C mailako langileak izanen dira eta haur eskolako zuzendaria B mailakoa″. Guztiek euskarazko C1 maila izan beharko dute. 

D mailakoak 
Udalak, batetik, administrari laguntzailea kontratatzeko deialdia egin du, funtzionarioa, lanaldi osoan aritzeko eta C1 euskara maila eskatzen du. Obra zerbitzuan aritzeko zazpi zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu beteko ditu udalak, lan kontratudun finkoak izanen dira eta lanaldi osoan ariko dira. Haietako bati B1 euskara maila eskatuko zaio. Euskararen ezagutza merezimendua izanen da gainontzeko lanpostuetan. Bestetik, Gazteria Zerbitzurako hiru begirale lanpostu huts betetzeko deialdia egin du Altsasuko Udalak. Haietako bat lan kontratudun finkoa izanen da eta beste biak aldizkako kontratudun finkoak. Hirurek ere lanaldi partzialak izanen dituzte eta euskarazko C1 maila egiaztatu beharko dute izangaiek. Horiekin batera, ludotekako laguntzailea ere kontratatuko du udalak. Aldizkako lan kontratudun finkoa izanen da lanaldi partziala duena eta euskarazko C1 maila duena. Azkenik, Obra Zerbitzuan ariko den etxezaina behar du udalak. Funtzionarioa izanen da eta lanaldi osoan ariko da. Lanpostuak B1 euskara maila du. 

E mailakoak 
Maila horretako zortzi lanpostu huts daude betetzeko. Beteko diren lanpostuetako bat zerbitzu orokorretan lan eginen duen mandatariarena da, lan kontratudun finkoa, lanaldi osokoa eta B1 hizkuntza eskakizuna duena. Bestetik, haur eskolan eta obra zerbitzuaren bidez udal eraikinetan garbiketa lanak egiteko 6 langile kontratatuko ditu udalak. Garbitzaileak lan kontratudun finkoak izanen dira, lanaldi osoan ariko direnak. Euskararen ezagutza merezimendua izanen da probaldian. Azkenik, Obra Zerbitzuari atxikia dagoen mendiko eta zerbitzu anitzetako langilea aukeratuko du udalak, lan kontratudun finkoa eta lanaldi osoan ariko dena. Deialdi horretan euskararen ezagutza merezimendua izanen da. 

Deialdiaren xehetasunak abenduaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialeko zenbaki berezian daude.