Udalak zergak bere horretan utzi ditu

Guaixe 2022ko abe. 21a, 11:17
Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Heldu den urteko zerga-tasak, tasak eta prezio publikoak aurtengo berak izanen dira.

Altsasuko Udalaren osoko bilkurak 2023ko ekitaldian aplikatu beharreko zerga-tasak, tasak eta prezio publikoak aurtengo ekitaldian aplikatutakoari eustea onartu du, eta ez du inolako aldaketarik aplikatu horri dagokionez. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, ″joan zen urtearekin alderatuta, aurten %2ko igoera aplikatu zen. Horretarako erreferentzia gisa hartu zen udaleko funtzionarioei eta lan-kontratuko langileei soldatak igotzeko 2022an aurreikusitako ehunekoa. Hala ere, 2023an ez da egokitzat jotzen inolako igoerarik aplikatzea zerga-tasetan, tasetan eta prezio publikoetan, eta ez da erreferentziatzat hartzen ekitaldi horretako soldatetan aurreikusitako igoera, ezta egungo Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) bilakaera ere, guztiz onartezintzat jotzen baita udalari dagozkion tributuetan eta prezio publikoetan aplikatzea″. 

Erabaki horren ondorioa izanen da udalak diru sarrera gutxiago izanen dituela 2023an. Ollok azaldu duenez, ″une berezi honetan, duela hogeita hamar urte baino gehiagotik ezagutzen ez diren zifretako KPIarekin, udalak bere zerga, tasa eta kontribuzio berezietan bizilagunen erosteko ahalmenari eragiten dion igoerarik ez duela aplikatu behar uste izan da. Bizi dugun salbuespenezko egoerak dagoeneko behar adina eragiten dio erosteko ahalmenari″.

Udalaren zergen tasak 2023an

  • Lurralde ekarpena: % 0,3311.
  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga: ezarritako gehienekoa.
  • Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga: %4,22.
  • Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga: %20,81.
  • Zirkulazioaren gaineko zerga: legez finkatutako ehunekoa.
  • Jenderik gabeko etxebizitzen gaineko zerga: %1.