Astekaria

Diru bilketa klinikaren eguneko zentroa eraberritzeko eta handitzeko

Guaixe 2022ko abe. 23a, 09:02

Argibideak Nekane San Romanek, Joseba Arregik, Patxi Goikoetxeak eta Javier Casteigek eman zituzten. UTZITAKOA

Institutu arteko kalerantz 115 metro karratu handitu nahi dute eguneko zentroa, eta egungoa eraberritu. Horretarako, Clinica Josefina Arregui Fundazioak eta Klinikaren Lagunen Elkarteak crowdfunding kanpaina martxan izanen dute otsailaren 15era arte. Helburua 75.000 euro biltzea da. 25 plaza izatetik 30era pasako da.

Josefina Arregi Klinika psikogeriatrikoak bere eguneko zentroa eraberritzeko eta handitzeko 350.000 euroko aurrekontua du esku artean. Kopuru horretatik Gizarte Eskubideen Departamentuak 120.000 euro emanen ditu. Gainontzeko finantziazioa lortzea falta da. Eta egiteko horretan laguntzeko Klinikako Lagunen Elkarteak Sakanan ahal da kanpaina aurkeztu du. Bi hilabete iraunen duen crowdfunding edo diru bilketa horren bidez sakandarren artean 75.000 euro lortu nahi dituzte. ″Sakandarrak baitira eguneko zentroa erabiltzen dutenak″, zehaztu du klinika zuzentzen duen fundazioko patronatuko presidente Joseba Arregi Pabolletek. Lanak 2023an eginen dira. 

Presidenteak azaldu duenez, ″lortzen den diruarekin, eguneko zentroa modernizatu eta handitu egingo da, adinekoendako ingurune positiboa sortuz, baita haien gizarte harremanetarako ere. Horrela, zentroa adinekoengandik eta adinekoarentzat pentsatutako arkitekturara egokitu nahi da″. Gogorarazi zuen eguneko zentroa 1994an sortu zenetik aldaketa gutxi egin direla. ″Ondorioz, zentroko zenbait gune zaharkituta geratu dira, eta erreforma batzuk egin behar izan dira horiek erabiltzen dituzten Sakanako adineko pertsonen egonaldiak abegikorragoak izan daitezen″.

Beharrezko hobekuntzak
Hainbat hobekuntza egin behar dira eguneko zentroan, narriadura kognitiboa duten pertsonei arreta ematen jarraitzeko. Klinika handitzeko lanak eraikinaren ipar-mendebaldeko izkinan eginen dira. Kaletik eguneko zentrora zuzenean sartzeko ate berri bat izanen da. Hori baliatu nahi dute  argiztapen naturala hobetzeko. Beste beharretako bat estalkiaren, lurzoruen eta fatxaden isolamendua hobetzea da, baita kanpoko arotzeriarena ere, horrela eraikinaren energia eraginkortasuna hobetuko litzatekeelako. Ildo berean, aerotermia bidez energia berriztagarria sortzeko sistema bat instalatu nahi dute, neguan beroa eta udan hotza emateko gaitasun nahikoa izanen duena.

Klinikaren zerbitzuak handitzea eta hobetzea ahalbidetuko duten eremu berriak sortzea dira zentroaren beste beharretako batzuk. Arregik azaldu duenez, ″gustatuko litzaiguke kristalezko erizaintza kontrol gunea izatea, handik gela guztiak ikusi ahal izateko eta, horrela, erabiltzaileak hobeto kontrolatzeko. Horrekin batera, erizaintzako eta fisioterapiako bi gela sortu nahi ditugu, banakako esku-hartzea egiteko″. Bestalde, ″sarreraren ondoan eguneroko bizitzarako jarduera gela bat izatea gustatuko litzaiguke. Areto horrek sukaldea izango du, jarduerak egiteko beharrezko ekipamenduarekin, eta zabaltzearen gainerako espazioetara irekita egongo da″, esan du Arregik.

Presidenteak gaineratu duenez espazioak berregituratzea da zentroaren beste beharretako bat: etxe-giroko eta giro beroko materialak jarri nahi dituzte; sukaldea eta egongela sortzea; sei bainugela egokitzea irisgarriak izan daitezen; sukalde jantokiko altzariak eta tresneria berritzea; bai eta energia eraginkortasuna (A+++) eta domotika hobetzeko materiala (txartel teknologikoak eta bideozaintzako kontrol-sistemak) eta etxetresna elektrikoak ere.

Josefina Arregi klinikako eguneko zentroa handitzeko lanak despeditzean gaur egun baino bost pertsona gehiago hartzeko gaitasuna izanen du, hogeita hamar. Gainera, kanpainatik lortzen den diru-bilketaren arabera, garraio propio bat sortuko da, behar duen edonori zentrora joateko erraztasunak emateko. Izan ere, gaur egun kontzertatutako plazak dituzten erabiltzaileak Gurutze Gorriaren autobus batean joaten dira, gainontzekoak ez. 

Zerga pizgarriak eta parte hartzea
Josefina Arregi Klinikaren Lagunen Elkartea kanpainaren ″bozgoragailua″ izango da. Elkarteko presidente Patxi Goikoetxea Askorbek gogorarazi du klinikakoa dela Sakanan dagoen eguneko zentro bakarra eta, horregatik ″Sakanako pertsona guztiak animatuko ditugu eskualdearendako hain beharrezkoa den proiektu hau babes dezaten″. Goikoetxeak gaineratu duenez, ″proiektu ederra da, premia bat da, eta Sakana osorako prestazio eta zerbitzu gehiago izango dituen eguneko zentroa izango dugu, Felipe Lecearen nahia betez″. 

Elkarteko kideak jakinarazi duenez, ″egiten diren diru ekarpenek pizgarri fiskalak dituzte bai pertsonendako bai enpresendako, eta, beraz, ahalegin ekonomikoa minimizatu egiten da″. Ekarpenak www.josefinaarregui.com webgunearen bidez egin daitezke txartel, bizum edo kontu-zenbaki baten bidez. Gainera, La Caixan eta Laboral Kutxan kontu korronteak ireki dituzte. 

Partikularren kasuan, urteko 150 eurorainoko ekarpenetan urteko Errenta Aitorpenean emandako zenbatekoaren %80raino berreskura daiteke. Eta 150 eurotik aurrera, gainera, kopuru hori gainditzen duen dohaintzan emandako zenbatekoaren %35 itzultzen da. Dohaintzak egiten dituzten enpresek ere kuota likidoaren kenkari fiskalak jaso ditzakete emandako zenbatekoen gaineko sozietateen zergan, %20rekin. Zerga tasaren araberako zerga aurrezpena dohaintzaren %48raino irits daiteke.

Erabiltzaileak 
Eguneko zentroan, batez ere, autonomia funtzionalean edota pertsonalean zailtasunen bat duten adineko pertsonak biltzen dira, desgaitasun edota mendetasun maila desberdinak dituztenak. Gainera, adineko horiek narriadura kognitibo arina edo dementzia izan dezakete, kognitiboki zainduta egon daitezke edo beste nahasmendu psikiatrikoren bat izan dezakete.

477
Klinikako lagunen elkarteak gaur egun duen bazkide kopurua.