Ikusezin bilakatutakoak azaleratzeko bide

Maialen Huarte Arano 2022ko abe. 22a, 14:03

Ikasleak, irakasleak eta teknikariak bildu zirenetako une bat. UTZITAKOA

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan diagnosi lana egin du Nafarroako Unibertsitateko lan talde batek. Ikasleen artean dauden harremanak aztertu eta zailtasunak ba ote diren jakitea izan da diagnosiaren asmoa. Orain, hartu-emanak hobetze aldera, lanketa prozesuan murgilduta daude.

Jatorriz magrebtarrak diren familia batzuengandik sortu da kezka: gure seme-alabak moldatzen ote dira bertan betidanik bizi direnekin? Harremanik ba ote dute euren artean? Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak jaso ditu gisa horretako zalantzak eta nerabeen artean zer nolako harremanak dauden aztertzeko bide izan dira duda horiek guztiak. Horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Soziologia eta Gizarte Laneko Saileko irakasle eta ikertzaile Izaskun Andueza Imirizaldu eta Ruben Lasheras Ruiz aritu dira diagnosia egiten. Altsasuko Institutuko ikasle, irakasle eta gurasoekin egin dute ikerketa. Galdetegiak, elkarrekin hartu emanak aztertu eta hizketaldiak egon dira tartean.

“Ordu eta hogei minutuko elkarrizketan, emakume nerabeekin, bederatzi aldiz azaldu zen bere buruaz beste egiteko hitza”, nabarmendu du kezkaz Anduezak. Oso gogorrak izan dira diagnosiaren bidez agertu diren emaitza eta bizipenak. Esaterako, emakume nerabe horien esanak testuinguru jakin batean agertu dira: euren egunerokoaz hitz egiterako garaian, hiyaba erabiltzen ote duten galdetzerakoan. Izan ere, askotan eta ohiko izaten diren ohituretan “kontraesanak edo balio desberdinak jasotzen dituzte; atzerrian jaiotako gurasoak dituzten nerabeek, hiyaba erabiltzearen aldeko mezuak jasotzen dituzte, baina, kalean aldiz, kritikatuak sentitzen dira, edo behintzat behin eta berriz azalpenak eman beharra sentitzen dute”. Elkarrizketetako une horietan erabili dute bere buruaz beste egiteko hitza: “beraiei ez zaie gehiegi inporta hiyaba eraman edo ez, baina, susmoa dute, toki batzuetan onartuak direla zapia eramanda, eta beste batzuetan hobe ikusiak daudela eraman gabe. Horrek sortzen die nolabaiteko kontraesan iraunkorra,” azaldu du Anduezak. Ez du batere erraza izan behar, are gutxiago nerabezaroan, halako erronkei aurre egin behar izatea: etxean ematen dizkieten balioak jarraitu eta buruko zapia eraman, edo kontrara, kalean jasotzen dutenaz baliatu eta ilea biluzirik eraman. Horra hor koska. Horra hor dilema. 

“Prozesu konplexua izan da diagnosiarena”, esan du Anduezak. Hari mutur asko izan ditu eta prozesuan berean ere sortu da fase desberdinetan aritzeko beharra. 2019an hasi zen guztia. Oraindik ere pandemiarik ezagutzen ez zen garaian. Eta gero, dena katramilatu zen eta dena aldatu zen. Baina, egoera hark baldintzatu duen arren, ez da kalterako izan, diagnosiak emaitza askotarikoak utzi dituelako. “NUPera etorri zitzaizkigun Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Mankomunitatekoekin batera Anitzarteaneko kideak. Eurengana iritsi zen kezka bati irtenbidea bilatzeko modua landu nahian etorri zitzaizkigun. Izan ere, zonalde hartako familia hainbat gerturatu zitzaizkien euren seme-alaben ezinegona azalduz. Familia magrebtarrak ziren eta euren gazteen artean gatazkak eta etxeko jarreretan zailtasunak sumatzen zituztela azaldu zieten: “Hortik tiraka sortu zen diagnosi bat egiteko aukera”, azaldu du Anduezak. Eurek jakin nahi zuten, susmo zutena ea hala ote zen edo ez: “etxean eta gizartean balio desberdinak transmititzen zitzaizkienez, nahasmendua sortzen al zien horrek?, galderari erantzuteko bidea egin nahi izan dugu aztertze-lan honekin”, hori izan da abiapuntua. 

Balio erantsia onerako eta txarrerako
Altsasuko institutuan izan da azterlan handiena. Izan ere, horixe da Sakanako nerabe askoren elkargunea. Bertako gurasoak dituzten nerabeak zein jatorriz kanpoko gurasoak dituztenena. Sakanara zabaldu zen modu horretan diagnosiaren esparrua, eta ikasle horien bizipenak aztertzen aritu dira urteotako lanketan. Horretarako, ezinbestekoa izan da, noski, institutuaren beraren inplikazioa: irakasleena, beste langileena, gurasoena, ikasleena, eta abar. Espazioak, eskola orduak, jolas orduak … denak izan dira baliagarriak. Profil anitzenekin biltzeko aukera eskaini du institutuak. Hasteko, jatorri magrebtarra duten ikasleekin batu ziren. “Jaso genuena oso kezkagarria izan zen. Espero ez genituen emaitzak. Hemen bizi diren nerabeak dira, hemen jaiotakoak. Baina, hala ere, ezin dugu imajinatu ere egin zer nolako bizipenak dituzten. Bi munduren artean bizi dira”, esan du ikerlariak. Horrek, aberastasuna dakarren bezala, balio erantsia, zailtasunak ere badakartzala argi geratu da. Balioetan jartzen dute fokua: “etxean ongi ikusia dagoena kalean ez da horrela izaten”, transmititu zieten gazte askok.

Presionatuta ikusten dute euren burua maiz, bai euren komunitatearengandik zein gizartearengandik ere. Harrapaturik eta noraezean izaten dira askotan. “Oso kontziente dira jasaten dituzten diskriminazioekin. Horiei aurre egiterako garaian, adibidez, neska eta mutilek modu desberdinean egiten diete: emakumeek gehiago egiten dute gordetzera, eurentzat barneratzera eta mutilen kasuan kanpora ateratzekoa, gehiegitan gatazka eta borrokaren bitartez”, hala iruzkindu du. Bizipenak desberdinak dira generoaren aldetik; eta, hortaz, erantzunak ere ezin dira berberak izan. 

A eta D ereduen arteko distantzia
“Elkarren ondoan gaude, baina, ez dugu elkarren berri”, baieztapen hori berretsi du diagnosiak ere. Arrakala izugarria da bi ereduen artekoa. Ez du inor ustekabean harrapatu horrek, baina azalarazi egin du: “Bi mundu dira topagune berean. A eta D ereduen artean sekulakoa da haustura”, azaldu du Iñaki Mundiñano Larrazak, institutuko zuzendariak. Eta zerk eragiten duen elkargunea ez izatea elkartzeko gune bi ereduentzat? Bada, nabarmena da, adibidez, batzuen eta besteen arteko egoera sozioekonomiko desberdina. “Gurasoen ikasketa mailak esaterako, zeharo desberdinak dira: A ereduan (jatorriz atzerritarrak diren guraso gehien biltzen dituen ereduan) ikasleen gurasoen %62k, gehienez, oinarrizko ikasketak ditu, eta %72ak ezta hori ere. Aldiz, D eredukoen gurasoen ikasketa maila bestelakoa da: %31k unibertsitate mailako ikasketak ditu”, azaldu du Anduezak. Horrek, noski, lan egoerari dagokionez ere sortzen du batzuen eta besteen arteko distantzia: “D ereduko ikasleen gurasoen %80 lanean ari dira, A eredukoen kasuan %48”, agerikoa da desberdintasuna. “A ereduko ikasleen artean asko markatzen duen beste datu bat: %30 soldatarik gabe dago etxean”. 

Baliabideak, beraz, ezin berberak izan batzuen eta besteen etxeetan. Hala, ikasketekin laguntza jaso ahal izateko, D eredukoen artean %80k daukate aukera hori, baina erdiak baino gutxiagok A  ereduan, %47k. “Aukera gehiago dituzte D ereduan ikasten ari direnek A ereduan ikasten dutenekin alderatuta, baliabide gehiago dituztelako. Aisialdiari dagokionez ere aldea handia da: “A ereduko ikasleek neurri askoz ere gutxiagoan egiten dituzte eskolaz kanpoko ekintzak, musikarekin, dantzarekin nahiz artearekin erlazionatutakoak, adibidez; A eredukoen artean eskolaz kanpokoren bat egiten du %15ak eta D eredukoen artean %50ak. A eredukoen artean gehiago izaten da esaterako, bideojokoetan aritzeko denbora edota erlijio zentroetara joateko ohitura”, adierazi du Mundiñanok. 

“Ereduen arteko segregazioa erabatekoa da”, azpimarratu du Anduezak. Euren artean errealitate desberdinak bizi dituztela nabarmena da eta hori “zuzentze” aldera baliabide gehiago beharko lirateke jarri institutuaren eskura. “Ikasle askorentzat gutxiengoa da matematikak edo filosofia ikastea, bestelako kezka eta ardurak dituztelako”. Hori bai, kezka horiei institutua erantzuten ari zaie jada Anduezak azaldu duenez, eta, izugarri onuragarria izanen zaiela uste du: “Erronka oso handia eta zaila izan daiteke, ohiko ikasgeletatik eta ikas-materietatik aldentzen dena guztiz. Hala ere, institutuak zailtasun horri heltzea erabaki du eta ikasleen arteko amildegia txikitzeko bideari ekin dio”, nabarmendu du. 

Pozik egiten dute instituturako bidea 
“Gustura egoten dira ikasle gehienak institutuan”, datu pozgarri hori ere argi utzi du diagnosiak. Ekainean emaitzak jendaurrean azaldu zituztenean, irri txikiak eta ezezko keinuak nagusitzen ziren ikasleen artean baieztapen hori entzundakoan, baina, errealitatea da baietz, gustura egoten direla euren ikasketa zentroan: “Ikasleen %82k esan du pozik joaten dela institutura, A eredukoen artean are gehiago, %92k, eta ikasle guztiek oso iritzi positiboa dute gainera institutuari dagokionez”. 

Diagnosi lan horrek 14 talderen emaitzak jaso ditu, 379 galdetegiren datuak eta irakasleen artean egindako AMIA (Aukera, Mehatxu, Indargune, Ahulezia) analisiarenak, tartean. Ikasleen artean galdetegiak eta eztabaida-taldeak zabaldu zituzten, gurasoen artean ere bai eta baita institutuko beste langileen artean ere. “Emaitza guztiekin ondorio zenbait planteatu dira eta horiei heltzeko garaian daude orain, ekintza planaren bitartez”, azaldu du soziologoak. 

Kultur aniztasuna, kulturartekotasun bilakatu
“Erronka handia utzi dute datuek”, onartu dute Uxua Azpiroz Armendarizek, institutuko Filosofia irakasleak. Lanketa sakona egin nahi dute, eta horren bidez orain arte dauden hutsune zein distantziak murriztu. Bi bideren bitartez joko dute: alde batetik, eta agian mardulena dena, curriculumarena da. Mugimendu migratorioak aztertuko dituzte kulturartekotasunaren ikuspuntutik. “Hiru fasetan arituko gara: formazioa izanen da lehenbizikoa, kontzientziazioa etorriko da gero eta, amaitzeko, ekintza bat prestatuko dugu egindako guztia borobiltzeko asmoz”, azaldu du Azpirozek. 

Proiektu horretan, beraz, ikasleak izanen dira euren jatorriaren inguruko informazioa jasoko dutenak: nondik gatoz. Ikasle eta familien jatorriaren mapa osatuko dute: “Agerian geratzen ari dena da arbasoen jatorriaren emaitza oso aberatsa dela eta egiten diren lekualdatzeak ezaugarri naturala dela”, nabarmendu du irakasleak. Ipuin ere bilakatuko dute ikasitako guztia: “Kamishibai formularekin A eta D ereduetako ikasleek elkarlanean sortuko dute ipuina. Hizkuntza zenbaitetan eginen dute eta erakusketa zabaltzen den egunean proiektatzea ere bada asmoa. 

Kontzientziazio lana helduko da gero: ´break out´ edo ihes joko baten bidez enpirikoki ezagutuko dute norberaren jatorrizko herritik ihes egin behar izan duen pertsona baten errealitatea. Hemen ere, bi ereduak, A eta D, ariko dira lanketa prozesuan. Azkenik, irratsaio bat sortzeko tailerra ere eginen dute. Azken horrekin iritsiko dira proiektuaren azken fasera; irratsaioa sortuko dute. Hizkuntza batean baino gehiagotan zabalduko dute ikasitako guztia. Horretarako, inguruko komunikabideekin harremanetan jarri dira dagoeneko, egindako lan guztiak ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan.
 
Metodologia aktiboak eta ebaluazio konpetentzialaren bidezko lanketa izaten ari da. Elkar ulertzea, bestearen azalean jartzea eta sentimenduetan murgiltzea bilatzen ari dira ekintza planaren bidez: “Jatorriaren ikerketan ari gara orain. Jarduerak egiten ari gara familiekin eta ezusteko handiekin egiten dute topo. Dituzten aurreiritziak guztiz desmuntatzen ari zaizkie eta horrek dakar eraldatzea guztiz aurretik zituzten iritzi eta jarrerak”, azaldu du Azpirozek. Izan ere, ikasle asko konturatu dira, euren gurasoak herrian bertan jaioak badira ere, aitona-amonak edo birraitona-birramonak, kanpotik etorriak direla, agian ez oso urrunetik, baina bai kanpotik. Alegia, guztiok garela hein batean edo besteak etorkin. 

Etorkin izan edo ez, haratago doan ikasketa prozesua
Konpromisoa, enpatia, etika, elkarreragina, ezagutza eta ezberdin izatearen aberastasuna lantzeko aukera emanen die prozesu honek guztiak. Hemen jaio, atzerrian jaio edo gurasoak hemengo nahiz hango izan, zoriontsu izateko eskubidea baitute denek. Identitatea eta bizi diren herriarekiko duten atxikimenduan ere badira zenbait ezberdintasun. “Pertenentzia sentimenduak ez dira berdinak: D eredukoen artean %96,5 asko sentitzen da bizi den herrikoa, A eredukoen artean %69, horrek atzean ezkutatua duen datuarekin; %30 ez dela bizi den herrikoa sentitzen”, kontatu du. Euskaldun identifikatzen ote duten euren burua galdetuta, D eta A eredukoen artean %60ko aldea dago sentimendu horri dagokionez. 

Etorkizunari begira jarrita, berriz, alde handiak daude bost urte barru euren burua non ikusten duten galdetuta: D eredukoen artean %42ak bizi den herrian segituko luke bizitzen eta %30ak ez daki, baina ez oso urrunean ikusten du bere burua. Aldiz, A eredukoen artean bizi den herrian bizitzen %13k baino ez du ikusten bere burua eta, gainera, ez daude oso gustura. Espainiar estatuko beste hiri batean ikusten dute euren etorkizuna %30ek edo baita atzerrian ere. “Nahiz eta gurasoek bizi diren herrian edo gertuan lana izan, ez daude gustura eta horrek kezkatzeko datua uzte du agerian”, esan du. Sakanari buruzko ideiak onak ziren orokorrean, leku ona da bizitzeko gehienen ustez, baina ez dute atxikimendurik askok. “Askok zioten ez zeudela gustura hemen, baina, lana hemen izanda, ezinezkoa zitzaiela alde egitea”, sakandar bezala, kezkaz jasotako datua dela dio Anduezak. 

Integratzeko, euskara
Eredu bien arteko arrakala txikitzea eta elkarrekin harremanak egitea erronkatzat dute institutuan. Bi ereduetako ikasleek aitortzen dute euskara jakiteak integratzen laguntzen duela, bai A eredukoen artean (%67k), bai D eredukoen artean (%82k) ere; eta euskararen irakaskuntza sustatzearen alde agertzen da gehiengoa (A ereduan, %54; D ereduan, %85). Bi ereduetako ikasleak elkartzeko unea eta guneak aprobetxatze aldera, esate baterako, denendako antolatutako jardueretan (aurkezpenak, hitzaldiak, bisitak…) euskaraz antolatzen direnean, D ereduko ikasleek itzultzaile, laguntzaile edo bideratzaile lanak egin eta harremana sortzea da aukeretako bat. 

Ikerketa honek azaleratu duen beste kontuetako bat euskararen erabilera da. Mundiñanok aipatzen duenez, agerikoa da pasilloetan eta patioan zein hizkuntza erabiltzen den gehien, eta ikasleen gehiengoak ere aitortzen du klaseetatik kanpo (patioan, kalean…) harreman gehienak gaztelaniaz izaten direla. Datu hauek guztiek tokia izanen dute Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuaren,  aniztasunaren trataeraren eta kulturartekotasunaren plan estrategikoetan.    

Bai euskararena, bai ereduen arteko distantzia salbatzearena eta ikasleek dituzten ikasketez haratagoko ardurei heltzea erabaki du institutuak: “Izugarrizko esfortzua eginen dute eta erakutsi dute benetan, badutela konpromisoa eta ardura. Beste alde batera begira zezaketen, biderik errazena har zezaketen baina gizarte mailako erronkari parez pare begiratu eta erantzuna ematea erabaki dute”, kontent adierazi du Anduezak. 



Erakusketa, erakusleiho
Joan den aste osoan izan zen zabalik erakusketa, igandean Migranteen eguna zelako, aukera izan zen ikasleek egindako lan guztia ezagutzeko. Migrazioak aztertu zituen erakusketak, informazioaren eta irudien bitartez islatu zuten. Sakanatik mundura eta mundutik Sakanara, izenarekin migrazioaren eta pertsona migranteen errealitatearen isla izan zen erakusketa.

Errealitate gordinari begiak zabaltzen saiatu ziren ikasleak. Benetako esperientziak jasoko dira eta ikasleek euren larruazalean jarriko dira ihes joko baten bidez: ikasleak euren jaioterria utzi behar izan duten pertsonen azalean jarriko dira. Irratsaio bati esker ere bailara osoari eman nahi diote egindako lanaren berri.