Futbola

Preferente mailan jardunaldi negargarria

Guaixe 2022ko abe. 20a, 11:10

Altsasuk, Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak ez zuten punturik biltzea lortu

Asteburuan urteko azken partida jokatu zuten Preferente mailako hiru talde sakandarrek, Altsasuk, Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak. Ez zen jardunaldi ona izan, hiru taldeek ez baitzuten punturik bildu. Oporrak ongi etorriko zaizkie egoerari buelta emateko. 

Universidad de Navarra liderraren kontra jokatu zuen Altsasuk OPUS-eko Unibertsitateko instalazioetan. Ez zen partida erraza, liderra denboraldi bikaina egiten ari baita, baina Altsasu ez zen kikildu eta partida lehiatua eskaini zuten bi taldeek. Atsedenaldia baino lehen gola sartu zuen liderrak eta nahiz eta bigarren zatian Altsasu partidari buelta ematen saiatu, bigarren gola sartu zuen Universidad de Navarrak. Altsasuk ekinean jarraitu zuen eta 83. minutuan Imanol Lobok penaltiz sartutako golarekin 2 eta 1 hurbildu zen Altsasu, atzera ere partidaren lehian sartuz. Baina berehala iritsi zen partidaren bukaera eta markagailua aldatzeko ez zen tarterik egon. Beraz, 2 eta 1 galdu zuen Altsasuk. 

Etxarri Aranatzek Valle de Egües B taldea hartu zuen San Donato zelaian. Bi taldeak hasieran parez pare ibili ziren, baina partida hasi eta ordu erdira Iruñerriko taldeak aginte makila hartu eta ia konturatu gabe zazpi minutuko tartean hiru gol sartu zizkion Etxarri Aranatzi. Etxarriarren une okerrena izan zen hori. Bigarren zatian lehiakorrago atera zen Etxarri, eta 55. minutuan Alain Alberdik sartutako golari esker 1 eta 3 hurbildu ziren eta animotsuago aritu ziren sakandarrak. Baina 80. minutuan Valle de Egüesek laugarren gola sartu zuen eta horrek jota utzi zuen Etxarri. Horrela, 1 eta 4 galduta, hiru puntuak Iruñerrira joan ziren. 

Bukatzeko, Lagun Arteak Uharte Iruñean jokatu zuen Itaroa Uharte B taldearen kontra. Ongi hasi ziren bi taldeak, baina lehen zatiaren bukaera aldera bi gol sartu zituen Uharte Iruñeak, bigarrena penaltiz, eta partida maldan gora jarri zitzaion talde lakuntzarrari. Bigarren zatian partidari buelta ematen saiatu zen Lagun Artea, baina ezinezkoa izan zen, Itaroa Uhartek aginte makila atera eta beste hiru gol sartu baitzituen. 5 eta 0 galduta, jipoi ederra jaso zuten lakuntzarrek eta azken postuko zuloan gehiago barneratzen ari dira. 

Sailkapena
Preferente mailako sailkapenari dagokionez, Universidad de Navarrak jarraitzen du lider (34 puntu), Amigo gertu duela, puntu batera. Altsasu zazpigarren postura jaitsi da (24 puntu) eta Etxarri Aranatzek eta Lakuntzak beheko postuetan jarraitzen dute: Etxarri hamaseigarren da (10 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarren, azkena (5 puntu). 

Eguberriak direnez, Preferente mailak atseden hartuko du. Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 14an eta 15ean jokatuko da. Altsasuk Itaroa Huarte B hartuko du Dantzalekun, Etxarri Aranatzek Doneztebe izango du aurkari, Donezteben, eta Lagun Arteak Burlades B taldea hartuko du Zelai Berrin. 

Emakumezkoen Preferentean, oporrak
Emakumezkoen Preferente mailan Eguberrietako oporren ondorenera arte atseden hartu du ligak. Momentuz, Mutilvera B da liderra (26 puntu) eta Altsasu seigarren da (10 puntu). Ilbeltzaren 14an eta 15ean jokatuko da hurrengo jardunaldia, hamaikagarrena, eta Altsasuk sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena den Lagunak taldea hartuko du.