Tenisa / Futbola

Altsasuk tenis pista izanen du

Guaixe 2023ko urt. 10a, 11:00

Tenis pista Zelandin jasoko da.

Udalak Dantzaleku futbol zelaiko belardia eta argiteria berrituko ditu ere. Lanak urte honetan eginen dira. 

Nafarroako Gobernuak prestatu dituen aurrekontuei aurkeztutako zuzenketen artean Altsasu eta kirolari lotutako bi onartu ziren abenduan. Altsasuko Udalak foru administraziotik zuzenean 400.000 euro jasoko ditu. Berritasuna da udalak tenis pista bat eraikiko duela. Javier Ollo Martinez alkateak jakinarazi duenez, igerileku estaliaren mendebaldean eginen da tenis pista. Hara Zelandi kiroldegitik sartuko da. Lanak heldu den urtean eginen dira. Horretarako, 146.410 euro jasoko ditu udalak kirol azpiegitura berria egiteko. Aipatu zuzenketa Geroa Bairen parlamentuko taldeak aurkeztu zuen. Argudiatu zuenez, ″tenis udal eskola izanik ere, hura praktikatzeko azpiegitura egokia ez duen herriko kirol bakarra da″. Zuzenketa aho batez onartu zen. 

Eta emaitza bera izan zuen Dantzalekuko futbol zelaiko belardi artifiziala eta argiteria berritzeko Geroa Baik aurkeztutako zuzenketak. Egiteko horietarako Altsasuko Udalak 253.590 euro jasoko ditu Nafarroako Gobernutik. 400.000 euro horiek Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontingentzia Funtsaren diru sailetik aterako dira.