Biak Bat zentro berrirako diru bilketa hasi du

Guaixe 2023ko urt. 9a, 10:20

Biak Bat elkartekoen tailer bat. ARTXIBOA

Dibertsitate funtzionala edo zailtasun soziala duten pertsonen autonomia sustatzeko baliabide sozialen zentroa izanen da. Otsailaren 13ra arte 2.000 euro jaso nahi ditu mikromezenazgo kanpaina bidez. 

2021eko abenduaren 10eko euriteek uholdea eragin eta Biak Bat elkarteak Altsasuko Isasia industrialdean zuen egoitza urpean gelditu zen. Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, ″gure lokala eta 10 urtetan landutako guztia galdu genuen″. Horregatik zentro berri bat sortzea erabaki zuten. Azaldu dutenez, egoitza berria Altsasuko herrigunean egonen da. Aurrera pausoak emateko crowndfunding edo diru bilketa kanpaina abiatu dute www.migranodearena.org webgunearen bidez. Otsailaren 13ra bitartean 2.000 euro lortu nahi dituzte.  

Elkartekideek aurreratu dutenez, ″gizarte baliabide inklusiboen eta irisgarrien zentro bat izanen da, dibertsitate funtzionala edota gizarte zailtasuna duten pertsonendako animaliekiko eta naturarekiko esku hartzeak ardatz dituena. Askotariko beharrei erantzuteko eta pertsona guztiek, batez ere kalteberatasun-egoeran daudenek, beren ingurunean arreta jasotzeko duten eskubideari laguntzeko″.

Aurreratu dutenez, zentroak berriak, besteak beste, honako zerbitzuak izanen ditu: animaliekin eta naturarekin lagundutako esku hartzeak (terapia, hezkuntza eta aisialdia); dibertsitate funtzionala edota zailtasun soziala duten helduendako eguneko arreta; profesionalen prestakuntza (prestakuntza, aholkularitza eta mentoretza); familiei laguntzea (prestakuntza eta laguntza) eta komunitatearendako laguntza (boluntarioak). Biak Bateko kidek azaldu dutenez, ″eragin sozial positiboa sortu nahi dugu, komunitatea bera inplikatuz eta animaliak eta natura errespetatuz″.