Basoitxin dozena bat hagin landatu dituzte

Guaixe 2023ko urt. 10a, 10:04

Zuhaitz Maiteak taldekoak haginak landatzen. UTZITAKOA

Zuhaitz Maiteak taldeak basoaren birsortzearekin kezka azaldu du, eta zenbait hagin landatu dituzte. 

Basoitxin egindako baso aprobetxamenduarekin ados ez dagoen Zuhaitz Maitiak taldeko kideek dozena bat hagin landatu zituzten basoko dermio horretan abenduaren 11n. Landareak eskaini zizkieten eta aukera baliatzea erabaki zuten. Taldeko dozena bat kidek parte hartu zuten landaketan, eta haiek dira zuhaitzen zaintzaz arduratzen direnak. Etorkizunean beste espezie batzuen landaketak eginen dituztela ere jakinarazi dute taldeko kideek.

Zuhaitz Maiteak-ekoek azaldu dutenez, zuhaitz mozketa egin ondoren udalarekin bildu ziren eta jakinarazi zieten Basoitxin hainbat zuhaitz espezie landatuko zituztela. "Baina klima aldaketagatik eta ur faltagatik, udan basora egindako bisitaren ondoren teknikariek iritziz aldatu dute eta basoari berez etortzen utziko diote. Birlandaketa eginen den toki bakarra dameroaren bidearen bi aldetara 40 metroko zabaleran izanen da. Gainontzekoa berez etortzen den eran utziko dute", azaldu du taldekide batek. Gaineratu duenez, "garai batean bezala landaketa auzolanean egitea proposatu genion udalari, baina ez zuten argi. Ekintza zuzena egin dugu".