Beste 25 urte gehiagorako

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urt. 9a, 11:22

'Haize Berriak eta lagunak. 25 urte musikan' kontzertuaren amaiera.

Haize Berriak bandaren 25. urteurren urtea izan da 2022 eta ospatzeko 'Haize Berriak eta lagunak. 25 urte musikan' kontzertua emanen dute abenduaren 30ean, ostirala, Altsasuko Burunda frontoian. Hemeretzi talde ariko dira.

Duela 25 urte Sakanako musika eskoletara "joandako batzuk" eta musika zaletasuna zuten zenbait musikari Altsasuko Gure Etxean bildu ziren "zerbait" egiteko asmoarekin. Ideiak botatzen hasi ziren eta, azkenean, musika banda bat sortzea erabaki zutela azaldu du Ekhiñe Lumbreras zeharkako txirula jotzailea eta Haize Berriak bandako kideak. Banda baino gazteagoa da Lumbreras, baina kontatu diotenez, 1997an sortu zen ofizialki Haize Berriak banda elkarte bezala. Mende laurdena ospatzeko abenduaren 30ean Altsasuko Burunda frontoian kontzertu erraldoia eskaini zuten. Haiekin ibarreko hemeretzi elkarte aritu ziren; Haize Berriak eta lagunak. 25 urte musikan.

"Beharra bazegoen; banda kultura berreskuratzeko sortu zuten Haize Berriak"

"Beharra bazegoen. Aurretik fanfarre bat egon zen eta herrietan bandak zeuden, baina urteekin desagertu ziren". Banda bi helburu nagusirekin sortu zutela azaldu du Lumbrerasek: "Alde batetik, banda kultura berreskuratu nahian eta, bestetik, musikarien ikusgarritasuna azaleratzeko". Duela bi hamarkada baino gehiago musikariek aukera gutxi zituztela gaineratu du altsasuarrak.

Hasieratik Sakanako banda ibar mailakoa izan zela azaldu du musikariak: "Sakanako musika eskoletako ikasleak ziren sorreran egon zirenak". Banda 25 kiderekin hasi zen, eta gaur egun, Sakanako hamar herritako 45 musikarik osatzen dute Haize Berriak: Arakil, Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Altsasu eta Olazti. Ia Sakana osoko ordezkaritza du. Inoizko bandarik handiena da, baita gazteena ere; musikarien erdiak 25 urte baino gutxiago dituzte.

25 urte hauetan lau zuzendari pasatu dira Haize Berriak-etik: Mario Fernandino izan zen bandako lehenengo zuzendaria, ondoren Juanjo Torres aritu zen, Luis Orduñak hamalau urtez zuzendu zuen banda eta 2019an utzi zuen; David Sanchez erriberriarrak hartu zuen ardura, bandaren etapa berri bat hasiz.

Haize Berriak bandak astean bi entsegu egiten ditu, bakoitzak bi ordu ingurukoak; astearte arratsaldeetan eta larunbat goizetan. "Lehenengo entseguan jo behar ditugun obren irakurketa orokor bat egiten dugu. Hortik aurrera gauzak zuzentzen eta xehetasuna zehazten lanean jartzen gara, hori guztia zuzendariaren laguntzarekin". Zuzendariaren lana etxean ikasitakoa "pixka bat" bideratzea dela azaldu du Lumbrerasek. "Entseguetan jotzeko aurretik etxean bakoitzak berea landu behar du".

Musikariak ez ezik, bandako hamaika kidek batzordea osatzen dute eta bakoitzak ardura bat duela esan du Lumbrerasek. "Sare sozialak kudeatzea, ekonomiaren gaia, sarreren salmenta eta abar, kartelak egin eta jarri...". Zuzendariak juntan ere "eskua sartzen" duela aipatu du, "ez da koordinazio burua, baina ardura badu".

Ospakizun handia
2022. urtean "latza-latza" izan da Haize Berriak bandarako. Urtero banda oso aktiboa da, baina urteurrenaren harira, kontzertu gehiago eman dituzte. Urtea inauterietan hasi zutela aipatu du Lumbrerasek, Piñata inauteri egunean kalejira egin zuten. Martxoan %100 Haize Berriak deitutako kontzertua eman zuten, eta 25 urtetan bandak konposatzea eskatu dituen obrak eta mustu dituztenak berreskuratu zituzten. "Iortia osoa bete genuen, gainera pandemia ondoren izan zen eta kontzertu oso polita izan zen".

Maiatzean musika eskoletako ikasleekin kontzertu bat egin zuten Altsasun, "eta niretako oso berezia izan zen Irurtzungo eskolako irakaslea izan nintzelako eta nire ikasle batekin jo nuelako. Txikitako emozio horiek gogoratzea izan zen". Kontzertu honetatik sortu zen Haize Txikiak Banda, musika eskolen eta bandaren arteko zubia egiten duen banda. Udan bildu zen lehenengoz bandaren harrobia, eta abenduaren 26tik 30era Iortia kultur gunean bildu dira trebakuntzarekin jarraitzeko. Urtarrilaren 8an, Iortia kultur gunean kontzertua eman zuen Haize Txikiak Bandak, eta urtarrilaren 22an, 13:30ean, Lakuntzako plazan, sansaastin festen barruan. "Musika eskoletatik izena ematen dute eta eskaria handia dago. Ilusio handiarekin hartu dute. Etorkizuna badago". Beste 25 urtetarako eta gehiago.

Uda mugitua izan zuen ere Haize Berriak bandak: San Juan eguneko Altsasuko ohiko kontzertua, Irurtzun, sanferminak, Bakaiku... Irailean Ziordian egon ziren: "Kontzertu berezia izan zen Karlos Sanchez txistulari eta konpositorearen laguntzarekin Ziordiko Zortzikoa berreskuratu genuelako eta Etorkizuna dantza taldeak parte hartu zuelako ere". Besteak beste, Txistu eta Banda kontzertu bat eman zuten eta umoregile batekin ere kontzertuak eman dituzte. "Elkarlana oso garrantzitsua da".

Sakana
"Nik uste historia egingo dugula. Ez da inoiz horrelako proiektu bat Sakanan aurkeztu; ibarreko ia elkarte gehienek parte hartuko dute kontzertu batean. Gauza handia da". Abenduaren 30ean kontzertu bat baino askoz gehiago prestatu zuen Haize Berriak bandak. Bandarekin hemeretzi musika eta dantza talde aritu ziren. 

Kontzertuarekin hasteko Haize Txikiak bandako kideak agertu ziren eta, ondoren, Joselu Ruiz de Gordoak konposatutako Sakana lana mustu zuten, Etxarri Aranazko eta Erkudengo Ama abesbatzak lagunduta. "Bandaren 25 urteurrenagatik egin du lan hau eta ibarraren inguruan hitz egiten du". Etxarri Aranazko eta Altsasuko koroekin zendutako bandako kideen omenez Agur, Jaunak abestia interpretatu zuten ere.

Deserritek Putzuaren Barrunbean abestiaren mustutzea egin zuen, Ekain Alegreren bandarako moldaketekin. Erkuden Ezeolaza eta Irantzu Gonzalez dantza eskolako talde batekin This is me abestia egin zuten; Irurtzungo, Etxarriko eta Altsasuko gaiteroekin batera Altsasuko Erraldoiak ere festara gerturatu ziren, eta Txorongo eta Eztanda txarangen eta Enrike Zelaiaren perkusioren doinupean Altsasuko inauterietako momotxorroak ere agertu ziren frontoian. Trasteando taldea ezaguna da Altsasun, eta haiekin jotaren doinuak interpretatu zuen bandak ere.

Los del Rayo eta Haize Berriak bandak Los del Rayo sinfonikoa kontzertu sorta egin zuten duela zenbait urte, eta ikuskizun horretako abesti bat hartu eta Erkudengo Ama abesbatzarekin eta Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko gimnastekin interpretatu zuten. Luis Orduña hamalau urtez bandako zuzendaria izandakoak ere parte hartu zuen emanaldian. Kontzertuarekin amaitzeko Altsasuko Txistulariekin batera Altsasuko zortzikoa jota eta porrusalda interpretatu zuten, Etorkizuna dantza taldeko dantzariekin. 

Kontzertuan eskerrak emateko tartea egon zen eta emanaldian parte hartu zuten talde guztiek oroigarria eraman zuten, baita zuzendariak izandakoek ere.