Herriko denda txikietan erosteko deia egin dute.
1. Noiz ireki zenuten denda?
1984an Zapatillas Mari Paz bezala zabaldu zen, eta txapinak eta kirol oinetakoren bat saltzen hasi ginen. Espartinak ere bagenituen. 1989an berreraikuntza bat egin genuen eta Calzados Mari Paz jarri genion. Autozerbitzua zen. 1996an beste berreraikuntza bat egin genuen eta apalategien ordez egurrezkoak jarri genituen. Jendea gogoratuko da. 1991tik 1998ra Donostian denda bat izan genuen, Tipi-Tapa, eta izena erregistratu genuen. 2006ko irailaren 11n lokal berria mustu genuen izen berriarekin. Calzados Mari Paz deitzen dionik ere bada oraindik.
2. Zergatik zapata denda?
Zapatilekin hasi ginen zapatak garestiak zirelako. Jendea emakumezkoen zapatengatik galdetzen hasi zen eta ekartzen hasi ginen. Gero ea gizonezkoen oinetakoak ekarriko genituen, eta pixkanaka-pixkanaka ekartzen hasi ginen. Gero haur oinetakoak...
3. Nola aukeratzen zenuten zer ekarri?
Bezeroaren araberakoa zen. Baziren erosten genituen gauzak gutxi gorabehera nori saldu behar genizkion banekiena. Denborarekin ikasten da. Badira modak ibarretik gelditu gabe pasa direnak eta beste batzuk baietz. Kremailerazko Salomon-ak asko saltzen ziren, baita Dr. Martens-ak ere.
4. Nola garatu da moda?
Takoidun zapatak desagertuko direla esango nuke. Oso takoi gutxi erabiltzen dira. Orain, deportibak eramaten dira, ez bakarrik kirola egiteko, baizik eta egunerokotasunerako.
5. Eta sakandarrek nola janzten dituzte oinak?
Sandalia Sakanikolak eskatzen zizkiguten; mendiko botak. Udan ere eramaten direnak. Txiruka botak, esaterako, urte osoan zehar saltzen ziren.
6. Nongo bezeroak izan dituzue?
Sakanako, Lautadako eta Goierriko jendea ere etorri da. Familia bereko lau belaunaldiak pasatu dira; haur zirenetik egun arte haien seme-alabekin etortzen direnak.
7. Zertan nabarmentzen zineten?
Denetarik genuen. Txapinak, zapatak, sandaliak, botak, kirol oinetakoak... Pertsona batek baratzerako botak eta ezkontza baterako zapatak eros zitzakeen. Horrelako denda bat ez dago hirietan ere. Markako kirol oinetakoak zapata denda batean erostea oso zaila da, aitzindariak izan ginen eta borrokatuz mantentzea lortu dugu. Guztira 40 hornitzaile baino gehiagorekin egin dugu lan.
8. Zergatik ixten duzue?
Asko pentsatu dugun zerbait izan da. Negozioa ez doa gaizki; hainbat faktore egon dira. Alde batetik, ez genuen belaunaldi erreleboa izango semeek ez zutelako hartuko. Ikasketak egin dituzte eta haien bidea egin dute. Lokala saltzeko aukera etorri zen eta bizitza lasaiago bat izateko aukera etorri zen. Bestela, ikusten genuen behera zihoala eta agian itxi beharko genukeela eta gero lokala urtetan hutsik geldituko litzatekeela. Gero, Dori Diaz ere jubilatzen zen. Gurekin 24 urtez egon da saltzaile, dena izan da, ahizpa bat bezala. Ordezkatu ere egin behar genuen.
9. Denda bat izatea sakrifikatua ere bada, ezta?
Ordu asko dira, eta denda zurea denean etxera arazoekin joaten zara. Denda ez da bakarrik saltzea, ia garrantzitsuagoa da generoaren erosketa, biltzea, antolatzea... Opor gutxi. Ezkondu ginenean ere dendan pentsatzen ezkondu ginen.
10. Pena ematen dizue?
Pena bai. Gure bizimodua izan da, eta aurrera eramateko borrokatu dugu. Oso eskertuta gaude urte hauetan izan ditugun bezero guztiei. Herriko denda txikien apustua egiten jarraitzea eskatzen diogu jendeari. Herriko dendak laguntzen jarraitzeko, guri lagundu diguten bezala.
11. Eta orain zer?
Pixkanaka joan gara ixten. Azkenaldian goizez irekitzen genuen bakarrik. Iruditzen zaigu lehen denbora gehiago genuela.