Saskibaloia

CBASKeko taldeen itzulera

Guaixe 2023ko urt. 12a, 12:30

Talde Interautonomikoak Iruñean jokatuko du eta gizonezkoen autonomikoak eta emakumezkoen seniorrak etxean, Zelandin

Gabonetako geldialdiaren ondoren asteburuan berrekingo zaie saskibaloi txapelketako partidei. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan sailkapenean laugarren den Narum CBASK taldeak arerio zuzena izango du aurkari, sailkapenean bosgarren den Aguerri Larraona Claret taldea. Partida larunbatean jokatuko da, 18:00etan, Larraonan. Sailkapeneko postua dute jokoan, eta ea nork lortzen duen gailentzea. 

Bestalde, gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan CBASK Ifuel taldeak Santa Agedetako otsailaren 11ko jardunaldia aurreratzea erabaki zuen eta larunbatean jokatu zuen partida hori, Lagunak taldearen kontrakoa, Barañainen. 49 eta 62 irabazita pozik itzuli ziren altsasuarrak. Asteburu honetan hamaikagarren jardunaldiko partida dute jokoan eta sailkapenean zazpigarren den CBASK Taldeak laugarren den Marcilla Basket taldea hartuko du larunbatean, 16:00etan Zelandin. Partida polita aurreikusten da. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan kintada ospakizunen otsailaren 11ko jardunaldia aurreratu zuen CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak eta larunbatean Burlada A izan zuen arerio CBASK-eko denboraldiko aurkezpenaren ondoren jokatutako partidan. 73 eta 70 gailendu ziren altsasuarrak partida eder eta borrokatuan. Asteburu honetan hamaikagarren jardunaldia dute jokoan eta sailkapenean bosgarrenak diren altsasuarrak sailkapenean azkena den San Cernin taldea hartuko dute larunbatean, 18:00etan, Zelandin.