Saskibaloia

Espainiako Txapelketatik berri onak ekarri ditu Imanol Ramirezek

Maider Betelu Ganboa 2023ko urt. 16a, 12:30

Imanol Ramirez, eskuinean, eserita, Nafarroako selekzioko taldekideekin. UTZITAKOA

Nafarroako selekzioarekin jokatu zuen, eta 9 eta 19 postuen arteko irabazleak izan ziren

Altsasuko CBASK saskibaloi taldeko Imanol Ramirez Santano altsasuarrak Nafarroako selekzioarekin hartu zuen parte Espainiako Haurren Mailako Saskibaloi Txapelketan, Huelvan, ilbeltzaren 3tik 7ra.

Guztira 19 selekzio lehiatu ziren Espainiako txapelketan, eta Nafarroari taldekako faseen D multzoan aritzea egokitu zitzaion. Nafarroak Aragoiren kontra 58 eta 49 galdu zuen eta Gaztela eta Leonen kontra ere, 76 eta 24, baina Ceutaren kontra 74 eta 24 gailendu zen, nagusitasunez. Euren multzoko hirugarren sailkatu zirenez, hurrengo fasean 9 eta 16 postuen arteko kanporaketetarako sailkatu ziren. Hortik aurrera partida bakarrera jokatu ziren kanporaketak.

Orduan berpiztu ziren gorritxoak. Lehen arerioa Murtzia izan zuten, eta partida oso borrokatuan irabaztea eta aurrera egitea lortu zuten, bi punturengatik (61 eta 59). Segidan Cantabria izan zuten aurkari. Partida hau ere estua izan zen. Bi taldeak parez pare lehiatu ziren eta, azkenean, Nafarroak 49 eta 46 irabazi zuen. Horrela, preferente mailako finalerako sailkatu zen Nafarroa, 9 eta 19 postuen arteko finalera. Final hori Balear Uharteak taldearen kontra jokatu zuen, eta kasu honetan ere paretsu ibili ziren bi taldeak. Nafarroak tartea atera zuen eta 51 eta 46 irabazita, 9 eta 19 postuen arteko txapelduna izan zen, 1 eta 8 postuen arteko txapeldunaren atzetik txapelketako bigarrena.

Imanol Ramirezek Nafarroako selekzioak jokatutako sei partidak jokatu zituen. Espainiako Txapelketan aritzen den bigarren aldia da hau, 2021ean Cadizko txapelketan aritu baitzen, kasu honetan minibasket mailan.