Saskibaloia

CBASK-ek bere taldeak eta asmoak aurkeztu ditu

Maider Betelu Ganboa 2023ko urt. 18a, 14:00
CBASK-ek 10 talde, 147 jokalari eta 20 entrenatzaile eta laguntzaile ditu. CBASK

Altsasu Saskibaloi Taldeak 147 jokalari, 10 talde eta 20 entrenatzaile ditu 2022/2023 denboraldirako. Eskola sendotu eta helduen taldeak aurrean egotea dira helburu nagusiak, babesletza lortzearekin batera

Altsasuko CBASK saskibaloi klubak 2022/2023 denboraldiko aurkezpena egin zuen ilbeltzaren 7an beteta zegoen Zelandi kiroldegian. Denboraldiko hamar taldeek -kimuak, benjamin mistoa, premini mistoa, aurreinfantil mistoa, mutilen infantila, mutilen kadetea, nesken kadetea, gizonezkoen bigarren maila autonomikoa, emakumezkoen lehen senior maila eta gizonezkoen bigarren maila interautonomikoa- argazkia egin zuten eta bukaeran guztiek batera argazki erraldoia atera zuten. Erraldoia, aurten CBASK-ek guztira 147 jokalari eta 20 entrenatzaile edo laguntzaile dituelako, taldearendako ezinbestekoak direnak. 

“Lizentzia berri asko izan ditugu aurten, kategoria txikietan neska-mutil askok eman baitute izena. Saskibaloi Federazioak saskibaloia sustatzeko hitzaldiak eskaini zituen ikastetxeetan, eta uste dugu eragina izan duela. Oso pozik gaude” azaldu du CBASK-eko Xabier Ramirez de Alda Galarzak. 

Xabier Ramirez de Alda: "CBASK-en lizentzia berri asko izan ditugu aurten. Oso pozik gaude"

CBASK-en aurtengo helburuak “saskibaloi eskola sendotzea eta egonkortzea, eta helduen senior taldeak euren kategorietan aurrean egotea da, lan ikaragarria egiten ari direlako. Bigarren maila interautonomikoko taldea ikusgarri dabil, eta baita gizonezkoen bigarren maila autonomikoko taldea eta emakumezkoen lehen senior taldea ere” gaineratu zuen. Aurten sortu da emakumezkoen senior mailako taldea, “lorpen handia, emakumeek saskibaloian jarraitzeko aukera bermatzen duelako”. Talde berria da, baina lan ederra egiten ari dira Iosu Marañon eta Igor Martinezen aginduetara. “Ea ahalik eta gorenen despeditzen duten denboraldia. Dena den, garrantzitsuena da ibilbide luzeko taldea izan dadila”. Bigarren maila Interautonomikoko taldeak lauko finala jokatzea “helburu polita” litzateke Ramirez de Aldaren esanetan, eta gizonezkoen bigarren maila autonomikoko taldeak “ahalik eta lan onena egitea”. 

Taldearen oraina eta etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa da baliabide egokiak izatea, eta horregatik babesle edo sponsorrak lortzea da CBASK-en beste helburu garrantzitsua, “horrela kluba sendotuko dugulako”.

Iñaki Herrerori omenaldia
Taldeen aurkezpena egitearekin batera, kategoria txikikoek saskibaloi erakustaldia egin zuten. Horretaz gain, CBASK klubak Iñaki Herrero jokalari ohia omendu zuen. “Duela bi urte utzi zuen saskibaloia eta orduan egin nahi genion omenaldia, baina pandemiarengatik bi urte generamatzan denboraldiko aurkezpena egin gabe, eta horregatik aurten omendu dugu Iñaki. Bizitza guztia egin du klubean. 7 urterekin hasi zen saskibaloian, lehendabizi Altsasu Kirol Elkartean eta 1999an, CBASK sortu zenetik, bertan jarraitu zuen 2021/2022 denboraldira arte. Ordutik taldeko babeslea da, talde interautonomikoak CBASK Narum bere fisioterapia zentroko izena baitarama, eta helduen mailako lesioak arintzeko laguntza ematen du bere zentroan. Merezitako omenaldia da, guztiz” nabarmendu du Xabier Ramirez de Aldak. 

Bestalde, Iosu Marañon Emakumezkoen Lehen Senior mailako entrenatzaileak, Unai Mundiñano gizonezkoen bigarren mailako talde interautonomikoko entrenatzaileak eta Ander Gabirondo CBASK-eko jokalariak taldekideen omenaldia jaso zuten. 

Neskak bikain
Aurkezpen ekitaldia despeditzeko Emakumezkoen Lehen Senior mailako ligako partida jokatu zen, Santa Agedako asteburuan jokatu beharreko partida aurreratu baitzen hain zuzen ere. CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeko neskak ikusgarri aritu ziren eta partida oso borrokatuan 73 eta 70 irabazi zioten Burlada A taldeari Zelandiko saskibaloi zaleen gozamenerako.