Nazioarteko aldizkarietan

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urt. 18a, 13:27

Ekiñe Fernandez modelo altsasuarra VIGOUR aldizkarian. UTZITAKOA

Ekiñe Fernandez modelo altsasuarra nazioarteko aldizkarietan publikatu duten proiektu baten sormen zuzendaria izan da; proiektuan, besteak beste, Altsasuko Kristina eta Leire Gonzalez estilistak eta Quenatillo argazkilariak parte hartu dute.

Ekiñe Fernandez modelo altsasuarrak sei urte daramatza modaren munduan modelo lanak egiten eta ez da lehenengo aldia aldizkari ezagunetan agertzen dela, baina lehenengo aldia izan da sormen proiektu batean sormen zuzendaria dela. "Ideia bat neukan buruan eta ideia hori martxan jarri nuen. Inguruan dudan jendearekin, argazkilariak, makillatzaileak eta ile apaintzaileak, hitz egiten hasi nintzen eta saioa aurrera eramateko neukan ideia komentatu nien". Sormen proiektua "pixkanaka" zuzentzen hasi zen eta taldea osatzen hasi zen. Moda argazki saio bat egitea zen ideia, gero nazioarteko aldizkarietara aurkezteko. Emaitza Vigour, Moevir Paris, Malvie, Like a lion eta Marika Magazine nazioarteko moda publikazioetan argitaratu dute.

Quenatillo altsasuarra, Mikel Costa, Iñaki Vicente, Sergy studio eta Johan Fernandez dira moda proiektuan parte hartu zuten argazkilariak eta Marisa Tissa eta Amaia Ocre makillajeaz eta ile apaintzeaz arduratu ziren. Modeloak Fernandez bera, Iratxe Frances eta Rocio Piñar izan ziren. "Baina ez genuen jantzirik. Iruñeko denda batekin harremanetan jarri nintzen eta hasieran baietz esan zuten, baina gero ezetz; Altsasuko denda bati esan nion eta hasieran baietz esan zidan, arazorik gabe, baina gero ez ziren nirekin harremanetan jarri. Beraz, amari galdetu nion ea herriko dendaren bat zegoen Instagramen zegoena eta abar eta ML Moda aipatu zidan". Fernandez arropa dendara joan zen, buruan zuena azaldu zien eta MLko Kristina eta Leire Gonzalezek "dudarik gabe" baietz esan zioten.

"Egia esan, pixka bat estresantea izan zen talde oso bat zuzentzea, kontuan izanda aste bat edo bi lehenago ia proiektua bertan behera gelditu zela". Modaren mundua gustatzen zaiolako egin du proiektu hau altsasuarrak, "aukera asko ematen dizkit eta poza ematen dit jendeari ere aukerak ematen dizkiodalako".

Argazki saioa
ML Moda dendako Gonzalez ahizpendako "esperientzia izugarri polita" izan da proiektuan parte hartzea. "Ekiñek kontatu zigun Vogue bezalako aldizkari batean aterako ginela eta dendan genuen produktuekin festarako lau edo bost look prestatu genituen". Hasiera batean ez zuten sinisten nazioarteko aldizkari batean atera ahalko zirenik, "baina zure buruan sinistearen eta espektatibarik gabe joatean nik uste hoberena ematen duzula", azaldu du Kristinak. "Guk ahalik eta hoberen egin genuen". Jantziak aurkezteko baldintza bakarra erromantikoak zirela zen, Fernandezek emandako argibideen arabera. "Aldizkari horietan bilatzen zuten estiloa zen".


Leire eta Kristina Gonzalez estilistak nazioarteko aldizkariekin.

Look-ak sortzeko orduan "oso argi" ikusi zutela azaldu dute. "Normalean horrela funtzionatzen dugu. Jantziak sortzen oso ohituta gaude eta estiloa esan zidanean kolore itzaliak, festa eta oso leuna etorri zitzaizkidan burura. Begeneuzkan horrelakoak". Kristinak moda diseinua ikasi du, eta biak irudi aholkularitzan adituak dira. "Zerbait oso polita" egin zutela esan dute eta profesional bakoitzak bere "esentzia" jarri zuen. "Ateratzen denean ateratzen da".

Argazki saioa Fronda deitutako loradenda batean egin zuten, Iruñean, eta dena "oso erromantikoa" zela esan dute bi estilistek. "Elkar ezagutu gabe dena oso ongi joan zen, oso-oso profesionala izan zen. Ekiñerena izugarria da poseak oso ongi egiten ditu. Makillajea... Emaitza ikusten da". Errekonozimendu "pertsonala" handia izan dela esan dute. "Zerbait oso gurea, oso handia"

Moda aldizkariak
Fernandezen proiektua nazioarteko bost moda aldizkarietan agertu da: Kanadako Vigour, Moevir Paris, Malvie frantziarra, Like a lion australiarra eta Marika Magazine. Modaren profesionalendako aldizkariak dira eta bertan modaren munduko artistek haien lanak bidal ditzakete argitaratzeko.

Sormen zuzendaria izatea zaila izan den arren, "ziur" berriro egingo duela esan du altsasuarrak. Etorkizunean martxan jarri nahi duen beste proiektu batekin bat egiten du: "Modelo agentzia bat ireki nahi dut, baina ez betiko agentzia bat. Izan ere, guztiek 1,75 metroko altuera eta 90-60-90 neurriak dituzten emakumeak bilatzen dituzte eta nik benetako pertsonak egotea nahi dut. Denda batek ez du behar horrelako modelo bat, pertsona errealak behar ditu". Modelatzea eta posatzea ezinbestekoa dela esan du, "baina perfil anitzak behar ditugu". Miss Star Spain lehiaketan parte hartu du modeloak, bigarren saria irabaziz.