Eguberrietako oporren ondoren Erregional mailan Altsasu B taldeak Beti Kozkor B taldea izan zuen aurkari larunbatean Lekunberrin. Etxekoak ongi hasi ziren eta hamahirugarren minuturako aurreratu ziren. 10 minutu beranduago bigarrena sartu zuten, baina Altsasuk ongi erantzun zuen eta Julen Floresek sartutako golari esker 2 eta 1 hurbildu ziren markagailuan, atzera ere partidaren borroka bete-betean sartuz. Altsasuarren zorigaiztoko jokaldi batean iritsi zen Beti Kozkorren hirugarren gola, Altsasuk ate propioan sartutakoa.
Bigarren zatian Beti Kozkorrek agintzen jarraitu zuen eta, azkenean, 5 eta 1 irabazita, puntuak Lekunberrin geratu ziren.
Erregional mailako liderra Beti Onak B taldea da (36 puntu). Altsasu hamabigarren postuan dago (12 puntu). Asteburuan Altsasuk sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena den San Ignacio taldea hartuko du Dantzalekun.