Saskibaloia

CBASK: Interautonomikoak trabatuta, eta Autonomikoak eta Seniorrak gorantz

Guaixe 2023ko urt. 19a, 12:00

Gizonezkoen bigarren Maila Autonomikoko taldeak eta Emakumezkoen Lehen Senior Mailakoak sailkapenean gora egin dute eta Bigarren Maila Interautonomikoko taldeak behera

Eguberritako oporren atsedenaldiaren ondotik bueltan dira saskibaloi txapelketak. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan sailkapenean laugarren zen Narum CBASK taldeak arerio zuzena zuen, sailkapenean bosgarrena zen Aguerri Larraona Claret taldea. Hain zuzen ere, sailkapeneko laugarren postua zuten jokoan. Partida Larraonan jokatu zen eta oso estua izan zen, asko baitzegoen jokoan. Azkenean, 10 puntuko aldearekin Aguerri Larraona gailendu zitzaion Narum CBASK-i eta laugarren postua lortu zuen.

Sailkapen orokorrean Logrobasket da liderra (21 puntu) eta Narum CBASK bosgarren da, 17 punturekin, laugarren den Aguerri Larraonarekin puntutara berdinduta. Asteburuan hamabigarren jardunaldia dago jokoan eta Narum CBASK taldeak sailkapenean bederatzigarren den Decam Clavijo talde errioxarra hartuko du larunbatean Altsasuko Zelandin, 18:00etan. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan CBASK Ifuel taldeak garaipen garrantzitsua lortu zuen, sailkapenean laugarren zen Marcilla Basketi 56 eta 48 irabazi baitzion partida eder, borrokatu eta estuan. Sailkapenean CBP Selco Electronica taldea da liderra (20 puntu) eta CBASK Ifuel seigarren postuan dago (17 puntu), zazpigarren den Berriozarrekin puntutara berdinduta. Asteburuan hamabigarren jardunaldia dago jokoan eta 16 punturekin zortzigarren eta arerio zuzena den Cantolaguaren kontra jokatuko du CBASK Ifuelek larunbatean, 10:00etan, Zangozan. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan hamaikagarren jardunaldia jokatu zen eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak San Cernin hartu zuen Zelandin. Partida ederrean, Iosu Mendiolak zuzentzen dituen neskek bikain jokatu zuten eta 58 eta 38 hartu zituzten mendean San Cerninekoak, garaipen polita lortuz, sailkapenean gora egitea ekarri duena. 
Sailkapenean Burlata A taldea da liderra (21 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea bosgarren postutik laugarrenera igo da (15 puntu). Asteburuan hamabigarren jardunaldia erabakiko da. Iruñean jokatuko du CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak sailkapenean seigarren den Sanduzelairen kontra, larunbatean, 17:15ean.