Abenduaren 6an Espainiako Kluben Arteko Taekwondo Txapelketa jokatu zen Alacanten. Altsasuko Bargagain Taekwondo klubeko taekwondistek emaitza paregabea izan zuten: Irea Etxanizek urrezko domina lortu zuen kadete mailan eta Erkuden Moreno Muñoz altsasuarrak brontzezko domina lortu zuen 21 urtez azpiko mailan. Morenok 17 urte bete zituen abenduan, eta hemendik aurrera bere helburua “dominak baino, progresioa lortzea da”.
Espainiako Taekwondo Txapelketetan zenbait domina lortu dituzu. Esaterako, 2017an kadete mailan, 2022an junior mailan eta 2022an 21 urtez azpikoan brontzea izan zinen.
Espainiako Txapelketetan zortzi domina ditut guztira, hori uste dut. Sarri geratzen naiz hor, brontzean. Urduritasuna beti dago, kirolaren eta lehiaketaren zati da, baina gertatzen dena da errondak gainditu ahala azken txanpa hoberenetarikoekin geratzen zarela, eta une horretan puntu batengatik edo salto batengatik irabazi ahal duzu edo galdu. Azkeneko errondak zailtzen dira, baina hoberena da indartsu ikusten dudala nire burua, onenekin borrokatzeko trebetasunarekin. Askotan Europa mailan dominak lortu dituztenekin borrokatzen dut azken txanpa horietan, eta hori oso seinale ona da.
Txikitatik hasi zinen taekwondoan, Bargagain klubean, Altsasun. Zerk erakarri zintuen?
Bargagainen kartel bat ikusi nuen, eta amari esan nion borrokatzen ikasi nahi nuela. Oso lotsatia nintzen eta harremanak izatea kostatzen zitzaidan, eta iruditu zitzaidan integratzeko modu egokia izan ahal zela. Oraindik ere harremanena kosta egiten zait, baina hobetu ahal dudan zerbait dela ikasi dut. Asko hobetu dut, baina oraindik badut zer landu eta hobetu.
Eta taekwondoak horretan lagundu zizun? Arerioekiko errespetua funtsezkoa da kirol honetan, baita arauei begirunea eta errespetua ere. Eta talde ederra duzue Bargagainen.
Bai, hala da. Bargagainen nire bigarren etxea aurkitu dut. Eroso sentitu naizen lehen lekua da, eta familia txiki bat gara. Bargagainen errespetua oso finkatua dugu eta, bestalde, harreman oso ona dugu gure artean.
Zeinen polita, kirol batek, entrenamendua eta lehiaketa eskaintzeaz gain, aldi berean balio horiek sustatu eta egunerokotasunean zu lagundu izana.
Bai, guztiz. Borrokatzen ikasten dugu, fisikoki sasoian egoten eta lana ongi egiten. Baina, horretaz gain, beste balio batzuk jasotzen ditugu: errespetuarekin batera frustrazioa ongi kudeatzea, hobetzen ikastea, gure barrenean indarra bilatzea, diziplina eta halako balioak, eguneroko bizimoduari aurre egiteko oso baliagarriak direnak.
Gerardo Montero Rivera irakaslea da Bargagaingo zutabeetako bat. Taldean duen inplikazioa izugarrizkoa da. Nolako entrenatzailea da Gerardo?
Oso ona da bere lanean eta gure kirola, taekwondoa, bere bizia da. Pasioz aritzen da. Guztiok asko maite dugu, oso pertsona jatorra delako. Beti bilatzen ditu moduak gure maila hobetzen laguntzeko, eta askotan bere burua sakrifikatzen du gure onena ateratzeko eta guk gure bertsiorik hoberena eman dezagun. Bera bezalako entrenatzaile bat izatea babes handia da, eta asko eskertzen diot. Esango nuke lagun bat bezala ikusten dudala. Giro egokia sortzen du, oso dibertigarria. Berari esker oso ongi pasatzen dugu kirol honetan.
Taekwondoan hasi eta berehala, txikia zinenetik emaitza onak hasi zinen pilatzen. Nafarroako txapelduna izan zara sarritan.
Bai, ez dakit zenbat domina ditudan. Egia da Nafarroan ez dagoela taekwondista asko eta borrokatzeko lehiaketa asko, baina...
"Kirolari gisa gehien betetzen nauena da taekwondoan progresioa dudala ikustea"
Zein izango da hurrengo txapelketa?
Larunbatean Nafarroako Konbate Txapelketa jokatuko da Larrabiden eta emakumezkoen 46 kilo azpiko maila absolutuan lehiatuko naiz. Bestalde, ilbeltzaren 14an Zaragozako Opena jokatu zen eta Nafarroako selekzioarekin hartu nuen parte eta brontzea lortu nuen. Irea Etxanizek urrea eta Leire Etxanizek zilarra lortu zuten. Nire curriculuma dela eta, Nafarroako Gobernuko teknifikazio programan onartu ninduten, eta sarritan hautatzen naute txapelketetarako.
Teknifikazio zentroan zaudenez, Bargagaingo entrenamenduez gain beste espezifiko batzuk egiten al dituzu?
Bai. Teknifikazio programan nagoenez, Iruñeko erresidentzia batean nago, eta beka bat dut ikasketak egin ahal izateko eta erresidentzian egoteko. Abenduaren 28an 17 urte bete nituen, eta Batxilergoko bigarren mailan nago, Osasun Zientzietako Batxilergoa ikasten, gustura. Zientzia arloa oso gustukoa dut, baina arazo bat dut, gauza asko gustatzen zaizkidala (kar, kar...) eta horregatik zerbait aukeratzea zaila izaten da niretako. Batetik, psikologia edo bioteknologia ikasi nahiko nuke. Horretaz gain, antzerkia egin nuen eta musika instrumentuak jotzen ditut, artea maite dut... orduan zaila egiten zait zer egin aukeratzea. Gaztea naizenez, badut erabakitzeko tartea.
Egunak 24 ordu ditu, nola moldatzen zara aipatu duzun guztia aurrera eramateko?
Zortzi urterekin bibolina jotzen hasi nintzen eta aurten pianoa eta ukelelea jotzen hasi naiz. Taekwondoa gehituta, erotuta ibiltzen naiz, baina lagunekin egoteko denbora ere hartzen dut, oso garrantzitsua.
Bargagain klubean martxa onean zabiltzate. Esaterako, duela gutxi Miranda de Ebron eta Iruñean Openak jokatu zenituzten eta emaitza onak lortu zenituzten.
Bai, aipatu dituzun horietan dominak lortu nituen, brontzea eta zilarra, ustez. Bargagain klubarekin Espainiako Txapelketetan lau domina lortu ditut eta beste lau Nafarroako selekzioarekin. Gehienak brontzezkoak dira, zilarrezko bat izan ezik. Bestalde, Bulgariako Nazioarteko Txapelketa batean ere beste brontze bat lortu nuen.
Irati Irigoien, Irea eta Leire Etxaniz, Rania Machour, Zoe Martin, Aaron Rodriguez, Mohamed Essobai, Joseba San Miguel... talde bikaina osatzen duzue Bargagainen. Nafarroako Taekwondo Federazioak 2021. urtean Bargagain Nafarroako klub onena izendatu zuen, lizentzia gehien izateagatik. Eta palmares ikaragarria duzue.
Bai, eta esan duzun bezala oso gazteak gara, baina potentziala dugula ikusten dugu. Guztiak biltzen gara eta bata besteari laguntzen eta hobetzen saiatzen gara. Eta askotan beste klub batzuekin entrenatzen saiatzen gara. Adibidez, duela gutxi Kataluniara joan ginen beste taekwondista batzuekin entrenatzera eta sinbiosi dinamika batean gure artean hobetzera.
"Errespetuarekin batera, frustrazioa ongi kudeatzea eta gure onena ematea kudeatzen dugu taekwondoan"
2023 urtean, zein dira zure erronka nagusiak?
Niretako garrantzitsuena da egindako lana pistan erakustea. Egindakoarekin ongi eta gustura sentitzea, hobetzen ari naizela jabetzea. Dominak politak dira, zure bilakaera ikusteko ongi daude, baina niri ez zait gustatu inoiz zenbat domina ditudan esaten egotea. Elkarrizketa honetan esan beharra dut, baina egunerokotasunean ez dut gustuko. Izan ere, hori ez da gehien asetzen nauena. Kirolari gisa gehien betetzen nauena da progresioa dudala ikustea, gauzak ongi egiten ditudala konturatzea eta hobetzen ari naizela sentitzea. Bizitzen ditugun momentuak eta emozioak askoz ere baliagarriagoak eta garrantzitsuagoak dira metal puska bat baino. Dominak ongi daude, baina garrantzitsuena da gure taekwondo ibilbidean bizitzen duguna. Lehiaketei dagokienez, Nafarroako eta Espainiako Txapelketetan parte hartuko dudala aurreikusten dut, eta baita estatuko zenbait open eta txapelketatan.