Sunsundeguiko CEO edo erakundeko exekutibo goren Jose Ignacio Murillok jakinarazi duenez, “Sunsundeguin gaur egun 281 langile gaude, haietatik 27 ikerketa eta garapen departamentuan ari dira lanean. Langileen %83 eta %85 artean finkoak dira. Hurrengo hilabeteetan langile kopuru horri helduko diogu, horrela gai garelako urteko plana betetzeko”. La Tribuna de la Automocion hedabideari emandako elkarrizketan eman ditu argibideak Murillok. Azaldu duenez, enpresak egunean hiru autobus egiteko gaitasuna du. Murillok elkarrizketan “gure produktuekin, haien fidagarritasunarekin eta iraupen handiarekin bezeroei konponbide indibidualizatuak eskaintzeko dugun gaitasuna” nabarmendu du.
Murillok elkarrizketan esan duenez, “pandemiaz geroztik estatuko merkatuak behea jo du, garraio enpresa gehienek kolpe handia hartu zuten. Errekuperazioa izaten ari da, lehenik hiri garraioan izan zen, gero ibilbide luzeko autobusekin. Baina garraio enpresek arazoekin segitzen dute. Espero dugu aurten egoera konpontzen hasiko dela eta heldu den urtean bere onera bueltatzea”. Enpresek autobusak erosteko inbertsioa egiteko “denbora behar” dutela argitu ondoren, “baina noizbait berritu beharko dute flota, baikorrak gara”.
Aurtengoa “trantsizio urtea izanen da eta 320 unitate eginen ditugu, %70 esportatzeko”, argitu du Sunsundeguiko buruak. Merkatu nagusiak Arabiar Emirerri Batuak, Israel eta Erresuma Batua dira. Azaldu duenez, “merkatu globalean azken sei urteetan saldutakoaren %36,5 SC7 modeloa izan da, %23,5 SC5, %36 SB3 eta SB3 Go modeloak eta %4 SB3 artikulatua”. Azken sei urteetan esportatutakoaren %63 Israel, Irlanda, Frantzia eta Portugalera joan zen. “Txikiagoa bada ere, Italian, Suedian eta ekialdeko herri batzuetan presentzia dugu. Gure helburuak Europa eta Ekialde Hurbileko merkatuetan zentratzen dira”, gaineratu du exekutiboak. Aitortu du autobusak ez saltzean ordezko piezen salmenta handitu dela.
Hornitzaileez
Pandemiaren lehen urtean tresneria elektronikoen gabeziak karrozatzeko bastidore gabe utzi zituen eta, horregatik, lantegiak bere jarduna eten zuen. Ondoren, hainbat piezak jasotzeko atzerapenak izan dituzte, esaterako, argiztapenekoak. “Ondorioz, matrikulazioak atzeratu egiten dira eta autobusak lantegian denbora luzeagoaz egoten dira. Lehen, bataz beste, eskaera genuenetik autobusa eman arteko epea bi hilabetekoa zen, orain hirukoa. Bezeroen aldetik ez da arazoa”. Bestetik, Ukrainako gerra dela eta, Errusiatik ekartzen zituzten zenbait lehengai orain ezin dituzte handik ekarri eta zaildu egin zaie.
Enpresa altsasuarreko arduradunak azaldu duenez, “hornitzaileen prezioen igoerak eta inflazioagatik soldatak igotzeak kostuak pandemiatik gaur egunera %12 baino gehiago handitzea ekarri du. Baina igoera guztia ezin du bezeroak ordaindu, %8 eta %10 artean igo ditugu prezioak; irabazi margena galdu dugu”.
Atzeraispilurik gabeko Sunsundeguiren autobusa.
Edozein autobus modelotan atzeraispiluen ordez kamerak jartzeko aukera eskaintzen du enpresak lastailaz geroztik. “Momentuz ez diegu guztiei jarriko. Produktua garestitzen du, baina mantentze aldetik ispiluak dira gehien hausten diren elementuak. Ibilgailuaren bizitza guztia kontuan izanda, ez dago halako alderik”. Gaur egun ibilgailua gidatzeko elementu guztiak integratzeko eta, autoetan bezala, pantaila batetik ibilgailu guztia erabili ahal izatea lantzen ari dira”. 2024an autobus elektrikoak karrozatzen hasiko da Altsasuko enpresa.
Unibertsitatearekin elkarlanean
Sunsusndegui eta Euskal Herriko Unibertsitatea Aerosun proiektua garatzen ari dira. Haren helburua da enpresa altsasuarraren autobusen isuriak eta kontsumoa %6 murriztea. “Haize-tunel batean gure produktuen portaera simulatzen dugu. Horri esker, eredu teorikoan hobekuntza aerodinamikoko neurriak har ditzakegu, eta ez eredu errealean, eta gero probatu. Simulagailuak izango dituzun hobekuntzak ikusteko aukera ematen dizu. Logikoki, gero egiaztatu egin behar dira, benetako formatuan, baina ez duzu azken produktuarekin probarik egin behar, modelizatuta daukazu eta zer forma hartu behar dituzun adierazten dizu”, argitu du Murillok. Programak “erabakiak hartzea azkartzen du”. Gaineratu duenez, “garrantzitsua da, kontsumoa lehiakortasun faktore izango den ezaugarrietako bat izango delako. Izan ere, etorriko den lege batek, ibilgailuaren sartze-koefizientearen arabera, tratamendu fiskal bat edo beste emango dizu”.