Xabier Irujo Ametzaga historialaria Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikerguneko zuzendaria da eta genozidio ikasketetako katedraduna da, besteak beste. Gaiaren inguruan hainbat liburu idatzi ditu, tartean, Genocidio en Euskal Herria 1936-1845. Arbasoak sakandarrak zituen eta haiek euskara ikasteagatik pairatutako zigorren inguruan, genozidioaren inguruan eta, horien artean, euskara desagerrarazteko politiken inguruan solasaldia egin zuen aurreko ostiralean, ilbeltzaren 20a, Altsasuko Gure Etxean. Nabarraldek eta Altxa Burua Sakanako Euskaltzaleen Sareak antolatu zuten hitzaldia.
Nor zen zure herenaitona Eusebio Ollo Miranda?
Altsasun jaioa zen, 1838an, lehenengo karlistadaren amaieran. Estatu espainolean monarkia instauratu zen, hemen Euskal Herrian ere, eta garai horretan eskola sistema elebakarra ezarri zen. Altsasun bezala beste herri eta bailara guztietan ere. Bereziki hiri nagusietan ezarri zen gaztelaniazko sistema hori. Eusebiok gaztelaniaz ez zekienez burdinazko eraztuna jarri zioten, eta berari bezala hainbat haurrei Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere. Oso arrunta d gaur egun ere mundua zehar. Boisen, Idahon, bizi naiz eta Ghanako neska bat elkarrizketatuko dut; orain dela gutxi Estatu Batuetara iritsi berria zela lepoko antzeko bat jarri zioten eskolan bere hizkuntza hitz egin ez zezan. Ez da praktika bat Euskal Herrian bakarrik aplikatu zena, kasu honetan, euskara desagerrarazteko; munduko puntu guztietan ematen da.
Ondorioak ondorengoetara iritsi dira.
"Eraztunaren zigorrak pertsonarengan izugarrizko inpaktu psikologikoa du"
Bai. Genozidio kanpaina batek eragin psikologikoak ditu, bai gizarte orokorrarengan bai pertsonarengan; orain hasi da pixka bat ikertzen. Horrelako jazoerak izugarrizko eraginak ditu pertsonarengan. Lehenengo, erantzun soziala da: zenbat jendek hitz egiten zuen euskara Altsasun 1838an? Zenbat jendek hitz egiten zuen gaztelania lehenengo hizkuntza gisa Altsasun orain dela berrehun urte? Eta zein da gaur egungo egoera? Hori sistema hauen emaitza da. Hizkuntzaren egoeraren aldaketa. Pertsonarengan izugarrizko inpaktu psikologikoa du eraztunarenak. Solasaldian sakonki azaldu dut, baina zigor psikologiko bat da. Horregatik dakigu familian, berak pasa zion esperientzia hura seme-alabei eta lau gizalditan etxean izan dugu horren oroimena. Oso larria izan zelako haur batendako horrelako zigorra jasotzea zekien hizkuntza bakarrean egiteagatik. Gaur egun, ondorio larrienak natiboengan ikusten ditugu, adibidez, Estatu Batuetan, Kanadan edo Australian. Genozidio kanpaina larriak bizi izan dituzte eta gaur egun alkoholizatuta daude, biolentzia izugarrizkoarekin bizi dira, bortxaketak eta beste arazo sozial handiak dituzte. Hori guztia genozidio batetik dator
Zer da genozidio bat? Euskal Herriak genozidioa pairatu zuen?
"Azken berrehun urtetan pairatu dugu Euskal Herrian genozidioa"
Orokorrean pentsatzen dugu genozidioa dela jende asko hiltzea. Baina ez da hori. Definizioz herri baten identitate kolektiboa desagerraraztea da. Rafael Lemkinek genozidio hitza sortu zuen eta berak esaten du: "Genozidioek ez dute zertan nazio baten berehalako suntsiketa esan nahi, hau da, pertsonak hiltzea. Genozidio baten helburua da talde nazional hauek talde gisa desagerraraztea bizitzaren oinarriak suntsitzen". Besteak beste, ekintza desberdinekin koordinatutako plan bat bultzatu eta nazio horren hizkuntza, gizarte erakundeak, kultura, sentimendu nazionalak eta abar desagertuz talde nazionalaren existentzia suntsitzea. Hortaz, oso garbi da Euskal Herrian pairatu dugula azken berrehun urte hauetan. 1936tik 1945ra kapitulu konkretu bat izan zen, genozidioa fisikoaren piko bat bizi izan genuen, jende gehiago hil zen momentu horretan. Baina genozidioa herri honetan frantses iraultzarekin hasi zela esan dezakegu, non beste nazio baten hizkuntza eta ohiturak ezarri ziren Euskal Herrian.
Nola egiten da?
Lehenengo pausoa identitatea desagerraraztea da eta hori lortzeko herri horren ohitura sozialak eta kulturalak suntsitu behar dira. Lehenengo praktika genozidio fisikoa da, jendea hil edo desagerraraztea; jendea espetxeratu edo erbesteratu. 1936tik aurrera 150.000 euskal herritar erbesteratu ziren. 7.000 inguru hil zirela kalkulatzen da. Genozidioaren piko bat izan zen. Aurreko gerretan ere erbesteratu asko izan ziren. Herri bat garbitzeko, kakotxen artean, estrategia bat da. Genozidio politikoa, soziala eta kulturala ez dira mota desberdinak, genozidio kanpaina baten estrategiak dira, hau da, batera gertatzen dira.
Horiek frogatzeko?
Dokumentazioarekin. Genozidio kanpaina bat ez da bi urtetan gauzatzen; oso konplexuak eta luzeak izaten dira. Prozesu hauek estatuek eta gobernuek sustatukoak dira eta lehenengo ebidentzia legedian dugu. Jendetza jakin bati aplikatu diren legeak daude, adibidez, euskaldunei egokitutako legeak. Normalean salbuespen legeak eta neurriak izaten dira eta hizkuntza batetik idatzita. Hortik hasita dokumentazio mota desberdinak daude. Badakigu zenbat erbesteratu izan ziren Euskal Herrian, zein itsasontzietan joan ziren, nondik atera ziren eta nora joan ziren. Oso lege genozida tipikoa Ley de responsabilidades políticas delakoa da. Lege horren ondorioak epaitegietan ikusten ditugu: nor epaitu zuten, zergatik eta abar. Ebidentzia asko daude.