Altsasuko Geroa Baik azken astetan herrian agertutako pintaketen kontra egin du. Batzuk Ernaik sinatuak dira, eta besteak Gazte Koordinadora Sozialistak. Geroa Baik azaldu duenez, pintaketek "eraikin pribatu zein publikoen fatxadetan eragin larria izan dute. Zenbait kasutan, harrizko fatxadetan egin dira, zeinen ezabaketa ekonomikoki oso garestia den".
Koalizioko kideen iritziz, "herria geroz eta gehiago pairatzen ari da ezker abertzalearen sektore desberdinen arteko liskarrak, eta horren adibide da aurrez aurre dauden bi sektoreen estrategia, pintaketen bidez espazio publikoa batzuk besteek baino gehiago ‘kontrolatzen’ dutela erakustea duten estrategia". Geroa Bairen iritziz, "Sakanako hainbat udalerritan geroz eta nabariagoa den liskar baten aurrean gaude, eta Altsasun herritarren gehiengo argi batek pairatzen du. Herritarrek etengabe ikusten eta pairatzen dute beren herriaren irudiari eragiten dioten pintaketak".
Horregatik, Geroa Baik bi gazte erakundeei exijitu die "euren aldarrikapen legitimoak herri osoaren ondareari kalterik egin gabe azaltzea. Altsasuarrek ez dute jasan behar herria etengabe margotzen eta kaltetzen duten ekintzen jomuga izatea, adierazpen askatasunaren idei oker bati erantzuten diote". Koalizioak gaztigatu duenez, "pintaketak ahalik eta lasterren ezabatuko ditu udalak".