Taekwondoa

Bargagain ezin hobea Nafarroako Txapelketan

Maider Betelu Ganboa 2023ko urt. 30a, 13:30
Senior mailako Nafarroako Taekwondo Txapelketan parte hartu zuten Bargagaingo taekwondistak, sariekin. BARGAGAIN

Ilbeltzaren 22an jokatutako Nafarroako Taekwondo Txapelketan Bargagain klub sakandarrak banaka sei domina lortu zituen, hiru txapeldun nafar tartean, eta emakumezkoetan klub onena eta gizonezkoetan hirugarrena izan zen

Ilbeltzaren 22an senior mailako Nafarroako Taekwondo Txapelketa jokatu zen. Altsasuko Bargagain Taekwondo klubak, Gerardo Montero Rivera irakasleak zuzenduta, beste behin sekulako lana egin zuen eta sariz beteta itzuli ziren etxera.

Nafarroako hiru txapeldun
Emaitzei begiratuta, banaka sei domina lortu zituzten Bargagaingo borrokalariek, horietako hiru urrezkoak. Hau da, Nafarroako hiru txapeldun ditugu. Erkuden Moreno Muñoz Nafarroako txapelduna izan zen emakumezkoen 46 kilo azpiko pisuan, Irati Irigoien Crespo emakumezkoen senior mailako 62 eta 67 kiloko pisuan, eta Mohamed Essobai gizonezkoen senior mailako 54 kilo azpikoan. 

Horretaz gain, Nafarroako bi txapeldunorde ditugu. Maite Gurutxarri emakumezkoen 53 eta 57 kiloen arteko txapelketan bigarren sailkatu zen, eta Aaron Rodriguez gizonezkoen 63 eta 68 kiloen arteko txapelketan ere bigarrena izan zen. Bukatzeko, Saray Agudo Gurbindo hirugarren sailkatu zen emakumezkoen 57 eta 62 kiloen arteko pisuan. 

Bargagain, onena
Banakako dominak garrantzitsuak dira, baina taldekako trofeoek zapore berezia dute, guztienak direlako. Bargagainek egindako lan bikainaren isla, Nafarroako Taekwondo Txapelketan Bargagain izan zen talderik onena emakumezkoetan, eta hirugarren talde onena gizonezkoetan, Mendialdea eta Castejonen atzetik. 2023 denboraldia, beraz, bikain hasi da klub sakandarrarendako. Halakoek lanean jarraitzeko indarra ematen dute, zalantzarik gabe.