Udalari gorabeheren berri mugikorren bidez emateko aukera

Guaixe 2023ko urt. 30a, 09:30

Udaletxea eta Linea Verde aplikazioa mugikorrean.

Linea Verde aplikazioak udalari zuzenean hiri-ekipamenduan atzemandako kalteak jakinarazteko aukera ematen du. Baita udalaren oharrak jasotzekoa ere. Udalak altsasuarrak zerbitzua erabiltzera animatu ditu

Altsasuko Udalak zuzeneko komunikazio kanal berria du, Linea Verde zerbitzuarekin bat egin baitu. Edozein telefono mugikorretarako baliagarria den aplikazioa da aipatutakoa, Google Play edo APP Store bidez doan deskargatu daitekeena. Haren bidez altsasuarrek herrian ikusten dituzten kalteen berri udalari zuzenean jakinarazi diezaiokete, udalak konponbidea emateko. Udaletik azaldu dutenez, “zerbitzu horren ezarpenaren bidez eta altsasuarren parte-hartze garrantzitsuari esker, herritarren gizarte ongizaterako itxaropenak beteko dituen udalerri bat lortu nahi da”.

Gorabehera baten berri emateko “prozedura oso azkarra eta erraza da”, azaldu dute udaletik. Aplikazioan sartu eta “Gertaera berria” botoia sakatu behar da. Hainbat gorabeheren zerrenda erakusten duen pantaila zabalduko da eta erabiltzaileak egoki jotzen duena aukeratu beharko du. Aplikazioak automatikoki gorabeheraren koordenada zehatzak detektatzen ditu. Hurrengo pausoa intzidentziaren berri ematen duen argazki bat egitea, eranstea eta horri buruzko oharra idaztea da. Horiek guztiak eginda, “Bidali” botoia sakatuta udal langileek jakinarazpenaren berri jasoko dute, antzemandako gorabeherari konponbidea emateko pausoak hasiko dituzte. Bestetik, gorabeheraren egoera aldatzen den bakoitzean haren berri eman duen herritarrak jakinarazpena jasoko du mugikorrean. 

Beste aukera batzuk 
Jakinarazpenak egiteko aukera emateaz aparte, aplikazioak aukera emanen die hala nahi duten herritarrei udalaren zerbitzu publikoko informazioa mugikorrean jasotzeko, esate baterako: kale bat trafikorako moztuko dela, udal-ikuskizun jakin batzuen ordutegia edo ura edo argia mozketak non eta noiz izanen diren. Udalerrian dauden interesgune nagusiak eta horri buruzko informazio garrantzitsua ere kontsulta ditzakete.

Horretaz aparte, Linea Verde aplikazioren bidez, erabiltzaileak ingurumen-arloko edozein kontsulta ere plantea dezake. Nahikoa da “Kontsulta berria” aukera hautatzea. Gehienez 24 orduko epean, gaian aditua den talde baten erantzuna jasoko du, erabat doan. Linea Verdek 902 193 768 telefonoaren bidez ere eskaintzen ditu bere zerbitzuak, 08:00etatik 17:00etara; deiaren kostua 0,07 euro minutuko da.