Altsasun kultura euskaraz aingura gura dinamikako kideak dira Jone Rubio Mazkiaran, June Bengoetxea Irigoien eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta. Euskarazko kultur eskaintza handitzeko "borondatea eta apustua" nahi dituzte udalean, horregatik sinadurak biltzen ari dira
Nahi horregatik elkartu zarete?
June. Nahi eta beharrezkoa ikusten dugulako euskararen normalizaziorako, eta benetan euskaldundu nahi badugu.
Haizea. Euskararen erabilera sustatzeko beharrezkoa da aisia ere euskaraz egotea, hizkuntza esparru formaletik ateratzea. Altsasun aisiaren zati handi bat kulturak betetzen du, horregatik da garrantzitsua horretan eragitea.
Zein eskaera dituzue?
H. Udalari zuzendutako hiru eskaera ditugu.
Ju. Batetik, kultur guneko haurrendako eskaintza %100 euskaraz izatea. Bestetik, Hizkuntza Eskubideen Protokoloan oinarrituta, helduei zuzendutakoaren %25 gutxienez euskaraz izatea. Berez, hori baino altuagoa izan beharko luke. Baina epe motzean bete daitekeen zerbait da. Azkenik, euskarazko emanaldien eskaintza handitzeko plangintza sortzeko konpromisoa hartzea.
Haurrendako %100 jartzea kanpoko emanaldi onei uko egitea izan daiteke.
H. Udalaren euskararen ordenantzan oinarritu gara, eta eskaintza, oro har, euskaraz izan behar duela jartzen du. Gainera, Altsasun 16 urtez azpiko denak euskara dakite edo ulertzeko gai dira. Beharrezkoa da haien aisia euskaraz izatea.
Ju. Galdu dezakete ikuskizun zoragarriren bat, bai. Baina haurrek ez badute euskaraz gozatzen, hizkuntza ez dute barneratzen egunerokotasunean erabiltzeko. Halakoetara ez baditugu bideratzen, haur eta helduak, euskalduntze maila jaisten da. Gozatze horretan dago gakoa. Hautu bat da.
Jone. Askotan euskara eskola edo ikastolako hizkuntza izatera mugatzen da. Haur askoren gurasoek ez dakite euskara.
H. Euskarazkoa izateak ez du esan nahi kalitaterik ez duenik. Euskarazko kalitatezko produktu asko dago.
Ju. Pantailek duten eragina ere aipatu behar da. Mundu guztia erakartzen dute, baita haurtxoak ere. Argi dugu %100 euskara izan behar duela.
Helduendako %25, zer eduki?
Ju. Eskaera guztia kontuan izanik. Jakinik, lorgarria den helburu bat eskatzen ari garela.
Euskarazko kultur kontsumorako publikoa dago?
Jo. Bai. Baina aukerak nahiko murritzak dira. Askotan beste leku batzuetara jotzen dugu euskarazko eduki horiek kontsumitzeko.
H. Hori ere landu beharreko kontua da. Gurpila da: eskaintzarik ez badago, jendea ez du ohiturarik hartzen. Ohiturarik ez badago aitzakia hori erabiltzen da ez eskaintzeko. Garrantzitsua da euskarazko kultur eskaintza kontsumo produktu huts gisa ez erabiltzea. Ez da negozioa egiteko zerbait, zerbitzu bat eskaintzea da.
Ju. Heziketa prozesu bat da, ez da gauetik goizera lortzen den zerbait. Eta hautua. Udalak sinisten badu benetan herri euskaldun bat garela, inbertsio eta aurrerapauso batzuk eman behar ditu.
H. Ongi egon daiteke eskaintzarekin batera sustapen kanpainak eskaintzea.
Iortia kultur guneak erreferentzialtasuna lortu du. Inguruko herrietakoak, ez soilik Sakanakoak, ere etortzen dira. Euskarazko kultur eskaintza batek ere erakar dezake?
Jo. Bai. Beste herrietan ere euskaldunak ere badira. Haiek ere ikusi dute euskarazko eskaintzaren urritasuna.
H. Jendea Iortiara gustura etortzen dela ikusten dugu. Baina euskarazko eskaintzaren falta orokorra da.
Sinadurak biltzen hasiak zarete, ezta?
Ju. Abendu erdialdean hasi ginen sinadurak biltzen. Paperak Kukuerreka elkartean, Portuko okindegian, rokodromoan, kiroldegian, ML dendan, Arkatz liburu dendan daude. Edonork bere establezimenduan edo beste inon sinadurak biltzeko paperak jarri nahi baditu, gurekin harremanetan jarri besterik ez du. Eguberritan plazan jarri ginen. Jendeari kostatzen zaio.
H. Horregatik erabaki genuen online sinatzeko aukera abian jartzea (https://labur.eus/LQ7LA). Eta jende gehiago animatzen ari da. Denbora gutxian ehunek sinatu dute. Lotura jasotzen duen jendea sinatzera eta inguruan zabaltzera gonbidatzen dugu. Oraindik ere denbora gehiago egonen gara sinadurak biltzen. Uste dugu gure inguruan jende erdaldun asko egon daitekeela gure eskaerekin ados.
Sinadurekin, zer?
Jo. Udaletxean aurkeztuko ditugu.
Ju. Gure helburua ere bada Euskal Herrian zer eskaintza dagoen udalari ikustaraztea. Gero eta artista gehiagok euskaraz lan egiteko hautua egin dute.
H. Eskaintza badago. Beste herrietan euskaraz egon diren antzezlanak hona gaztelaniaz ekarri dituzte. Borondate eta apustu kontua dela garbi dugu.