Bigarrenez elkartasun bilketa antolatu dute

Guaixe 2023ko ots. 2a, 11:06
Sakana Harrera Haranako Juan Pedro Higuero eta Josu Rubio eta kuklturartekotasun teknikari Begoña Zestau.

Sakana Harrera Haranako kideak egoera onean dauden objektuak biltzen ari dira Erkuden kaleko 8. zenbakian. Jasotako guztia elkartasun azokan salgai jarriko dute apirilaren 23an eginen den elkartasun azokan.

Ilbeltzaren 13an, atzera ere, ateak zabaldu zituen garai batean Sociedad Deportiva taberna zenak. Eta hala eginen du apirilaren 14ra arteko ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara. Joan den urtean bezala, Sakana Harrera Haranako kideak egonen dira udalak utzitako egoitzan. Haiek arduratuko dira ostiraletan egoitzako ateak zabaltzeaz eta herritarrei dei egin diete objektuen elkartasunezko bilketan parte hartzeko. Etxean ditugun, erabiltzen ez ditugun eta egoera onean dauden arropak, jostailuak, bitxiak, oinetakoak, maindireak eta abar gustura asko jasoko dituzte. Taldeko kideek jaso ahala materiala sailkatu egiten dute. Jasotako guztia apirilaren 23an eginen den elkartasun azokan salgai jarriko dute. 

Antolakuntza lanetan ere Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua dago. Bakarren batek ostiraletan materiala eraman ezin badu, harekin harremanetan jarri eta nola eman zehaztuko dute. Horretarako, 648 070 710 telefonora hots egin edo anitzartean@sakana-mank.eus e-posta helbidera idatzi behar da.