Javier Ollo Martinez Geroa Baiko Altsasuko alkategaia izanen da

Guaixe 2023ko urt. 27a, 14:21

Javier Ollo Martinez azalpenak ematen Uxue Barkos aldamenean duela.

Maiatzeko udal hauteskundeetan "ilusioarekin" aurkeztuko dela esan du altsasuarrak.

Javier Ollo Martinez izanen da Geroa Baiko Altsasuko alkategaia maiatzeko udal hauteskundeetan. Azken bi legegintzaldietan izan da alkate Ollo eta hirugarren aldiz aurkeztuko da postura. Koalizioaren konfiantzak eta jasotako animoek pausoa ematera lagundu diotela esan du. Alkategaia aurkezpenean aldamenean izan ditu Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaia, eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidente eta udalerriko alkate ohiarekin, udaleko beste zinegotziekin eta Geroa Bairen herriguneko beste kideak ere.

Ollok “eskualdeko garapen ekonomikoaren alde lanean jarraitzeko” helburua azpimarratu du, bai eta “bizilagunen ongizate sozialaren alde eta ezberdinen arteko bizikidetzaren alde ere”, duela ia zortzi urte jardun zuen ilusio berarekin eta alkate moduan bi legegintzaldi eman ondoren gordetako esperientziarekin gainera.

Geroa Baiko alkategaiak esan duenez, “altsasuarron interes orokorrarendako onuragarriak diren inbertsioak gauzatzeko lanean jarraituko dugu, legegintzaldi honetan zehar industrialdeetan, eskola zentroetan eta haur eskolan egin dugun moduan, bai eta parke, espaloi, kale eta enparantzen berritze lan ezberdinen bitartez egin dugun moduan ere”.

Orain Altsasuko Oinarrizko Osasun Eskualdearekin oso kezkaturik, Olloren arabera “Nafarroan okerrenetakoa da”, eta gaineratu duenez “mediku langileria kopuruaren aldetik okerrena”. “Gaur-gaurkoz seriotasun osoz baloratu beharra dago Altsasukoa bezalako Oinarrizko Eskualdeak estaldura zaileko eskualde moduan aitortzea, Nafarroako araudiak berak aurreikusten duena alegia, hala aitortu direlarik komunikazio okerragoa duten eta sakabanaturik dauden eskualdeetan, horretarako sustagarri sorta bat aurreikusiz. Gure bizilagunek astero egiten dute elkarretaratzea Osasun Etxearen aurrean hobekuntzak eskatzeko eta Iruñera joan behar ez izateko, espero dezagun arazoa konpontzeko bidean egotea, guk gutxienez Udaletik bultzada eman diogu, gure jarrera argi utzi dugu eta gure arazoak behin baino gehiagotan helarazi dizkiogu Nafarroako Gobernuari”, adierazi du Ollok.

Barkos
Ollok azken 8 urteetan Altsasuko Udalaren buruan izan duen ibilbidea aitortu du Uxue Barkosek, “ekintza politikoan printzipioak eta pertsonak dira bi ardatz nagusiak. Horregatik, ohorea da niretako eta Geroa Bairentzat Javier Ollo Altsasuko Udalerako hautagaia izango dela iragartzea, 8 urte hauetan, printzipioetatik abiatuz, herritarren beharrei erantzuna izateko gai dela frogatu ondoren”.

Legegintzaldian zehar Nafarroako Parlamentutik eta Foru Exekutibotik gauzatu diren lorpen nagusiak eta ekintza-ildoetako batzuk aipatu ditu Barkosek, hala nola etxebizitza alorrean, garapen ekonomikoan, lehen-sektoreari laguntzan, oroimen eta bizikidetza alorrean, bai eta eskualdean euskararen sustapenerako inbertsioak ere. Halaber, parlamentu taldeak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan Altsasurako sartu dituen zuzenketa ezberdinak zerrendatu ditu ere, osotara 1,2 milioi euro baino gehiago batuz.