Biak Bat elkarteak eskarmentu handi du animaliek lagundutako esku hartzeak egiten, horik onurak ateratzen direlako. Elkarte altsasuarreko kideak egoitze beharriaren egokitzapenean lanean ari dira eta laster mustuko dute. Josene Azpiroz Imaz elkarteko kideak azaldu duenez, aurretik zituzten proiektuz aparte, egitekoen artean okupazio zentro baten proiektua ontzea dute helburu aurten.
Hamar urte bete zenituztenean, Sakana Sariko aipamen berezia jaso zenuten. Hori azaroaren erdialdean izan zen. Abenduaren 10ean uholdea. Egun gutxitan pozetik negarrera pasa zineten.
Hamargarrena guretako urteurren berezia zen. Pandemiaren ondoren herritarrek emandako saria jaso genuen, guretako oso garrantzitsua. Baina egun gutxitara izan genuen oso egoera latza. Oso une konplikatua izan zen.
Uholdearekin egokituta zenuten pabiloia hondatu eta animalia batzuk hil zitzaizkizuen.
Emozionalki suntsituta gelditu ginen. Egia da materiala erosi dezakezula, edo marrazteko behar den guztia. Baina animaliak ere bertan galtzea... Pabiloira sartu ahal izan ginenera arte bizitako momentu horiek ez ditugu ahazten. Urte bat pasa da, distantzia gehiagorekin begiratzen duzu, baina galdutako guztiagatik oraindik doluan gaude.
Erabakitzeko momentua izan genuen: ordura arte egindako lana bukatutzat eman edo jarraitu.
Ordutik nola moldatu zarete?
Izan genuen momentu bat zeinetan ikusi genuen beharrezkoa zela bakoitzak bere prozesua egitea. Lanean jarraitu ala ez, erabakitzeko momentua izan genuen: ordura arte egindako lana bukatutzat eman edo jarraitu. Herritarrek eta inguruko pertsonek laguntza handia eta animo pila eman zizkiguten. Azkenean, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Azkenean, familia eta pertsona askok gure terapien onurak jasotzen dituzte. Altsasuko Udalak berehala erantzun zuen eta gazte guneko espazio bat utzi zigun gure ekintzekin aurrera jarraitzeko.
Harez geroztik han egon zarete?
Salbatzea lortu genuena hara eraman genuen eta han terapiekin jarraitu genuen. Ilbeltzetik garila bukaera arte egon ginen han, ludoteka espazio hartara lekualdatu behar baitzuten. Zentro berria izan gabe atera ginen handik. Herrian egotea nahi genuen, berezitasun zehatz batzuekin. Maiatzean jakin genuen gazte gunea utzi beharko genuela, eta hain denbora gutxirekin, bi hilabetetan ezin izan genuen leku berri bat aurkitu. Udan opatu genuen espazio berria, baina erreforma egin beharra zegoen, espazioa ez baitzen irisgarria. Zentroa eta gure ekintza guztiak irisgarriak izatea nahi dugu. Erreforma batean sartu ginen. Lanak noiz hasten diren badakizu, baina ez noiz bukatzen diren. Gorabehera askoren ondoren agorrilaz geroztik espazioa egokitzen ari gara.
Bitartean, terapia saioak geldi?
Bai, gelditu behar izan genituen. Esku hartzeak gure diru sarrera dira. Zerbait egin genuen kanpoan hainbat entitaterekin, baina gauza gutxi. Obrarekin buru-belarri sartu ginen, eta, orain, berriro martxa hartzeko gogoz.
Jendeak ez daki zehazki zer egiten dugun, nahiz eta lanean 12 urte eraman.
Egoitza berria non dago?
Altsasuko hilerri ondoan dago, garai batean elizarena zen Xabier zentroa zenaren zati bat hartzen du. Oso espazio polita eta irisgarria da. Isasia industrialdean geundenean oso erraza zen egoitzara iristea eta aparkatzea. Familiendako erraztasuna zen. Gazte gunean geundela, ikusten genuen beharrezkoa zela jendeak gure ekintzak eta erabiltzaileak, familiak, haur eta gazteak ikustea. Ez gaude ohituta Sakanan, edo Altsasun behintzat, aniztasuna ikusten. Jendeak ez daki zehazki zer egiten dugun, nahiz eta lanean 12 urte eraman. Horregatik, beharrezkoa ikusten genuen egoitza herrian bertan egotea, inklusioa, irisgarritasuna ikusgarri izateko.
Internet bidezko diru bilketa hasi zenuten abenduan.
Obra egiteko denbora gutxi izan genuen, eta momentuan zaila zen dirulaguntzetara aurkeztea. Gurea bezalako elkarte batendako ez dago erreformak eta guneak irisgarriak egiteko laguntzarik. Irisgarria dela esaten dizute, baina ez dizute errazten. Gu ez gara erakunde publiko bat, ez gara bizilagunen elkartea; irabazi asmorik gabeko elkartea gara eta lan guztia egiteko ez dugu dirulaguntza publikorik, ez pribaturik. Aurreko urtean behar bezala ezin izan dugunez lan egin, diru sarrera handirik ez dugu izan eta, gainera, erreformari ekin genion. Beraz, diru bilketa egitea erabaki genuen. 2.000 euro lortzeko erronka jarri dugu eta ia erdia lortu dugu dagoeneko. Diru hori obra egiteko behar dugu. Gutxi gorabehera 60.000 euro dira, dirulaguntzarik gabe. Zentro berriarekin ilusioa dugu, baina, batez ere, diru horren beharra dugu gure lana egiten jarraitzeko, eta zerbitzu gehiago eman nahi ditugu egoitza berrian. Herritar eta entitateei dei egiten diegu ekarpenak egiteko.
Non egin daiteke ekarpena? Noiz arte?
www.migranodearena.org webgunean sortu dugu erronka, eta han bertan egin daiteke diru ekarpena. Segurua da, txartelaren edo Paypalen bidez ordaindu daiteke, eta ekarpena egiten duenak errenta aitorpenean %80ko hobaria izanen du. Otsailaren 13ra arte egin daiteke ekarpena. Jendeak ezin badu dirua eman, elkarbanatu dezala lotura. Kontu korrontearen zenbakia ez dugu inon jarri, baina hara zuzenean dohaintza egin dezake. Horretarako, guri hots egin eta emanen diogu zenbakia.
Noiz mustuko duzue egoitza berria?
Uste dugu otsailean izanen dela, beranduenez martxoan. Urte hauetan eta zentro zaharretik dena ateratzen eta garbitzen, eta orain obran lagundu diguten pertsonei eskerrak emateko zerbait egin nahi dugu. Mustutze handia egin nahi dugu. Aurreko urtea oso zaila izan zen, baina hemen gaude berriro ere, ilusioz, herriari gure ekarpena egiteko.
Uholde ondorengo zure hitzak: “zirt edo zart egiteko garaia iritsi zaigu. Hemen probisional geunden. Eta gure hasierako apustua egitea baloratu beharko dugu: Sakanan okupazio zentro bat egitea zen”.
Bai, hori beti izan dugu buruan. Aurrera jarraitzea erabaki eta gure azken apustua izanen da, duela urte asko genuen ideia gauzatu nahi dugu. Nafarroako Gobernuak ere naturarekin eta animaliekin lotura duten halako zentro berritzaile ezohikoak nahi ditu. Aurten ezinezkoa izanen da: zentroa bukatu behar dugu, okupazio zentroaren proiektua aurkeztu... Ez da hain erraza sortzea. Baina 2024rako egitea espero dugu, edo behintzat eguneko arreta daukan zentroa.
Askotan hemengo pertsonek Iruñera joan behar dute horretara hemen ez dagoelako halako okupazio zentrorik.
Zer da okupazio zentro bat?
Hainbat behar dituztenei zuzenduta daude. Batzuk aniztasun funtzionala duten pertsonendako dira, beste batzuk adimen aniztasuna dutenendako, adinduendako eguneko zentroak ere badaude. Pertsonei eta familiei hainbat gaitasun lantzeko zerbitzua eskaintzen zaie. Okupazio zentro bereziaren helburua ez da pertsona horiei lan bat opatzea, baizik eta gaitasun batzuk lantzea; eguneroko ekintzak egiteko behar diren gaitasunak lantzea: autonomia, emozio ongizatea... Ordu horietan okupazio zentroan ikasten jarraitzea, beraiek dituzten behar horietara egokitzen diren terapiak eta ekintzak eskaintzea. Askotan hemengo pertsonek Iruñera joan behar dute horretara hemen ez dagoelako halako okupazio zentrorik. Oraindik ez dugu zehaztu zer ekintza eginen diren, baina natura eta animaliekin lotuta dauden ekintzak izanen dira. Ez da gauzak egitea eta sorraraztea, baizik eta beraiekin lotura duten ekintzak egitea. Baita beraien ekintzekin komunitatea laguntzea ere.
Ikasi hitza entzunda hezkuntza arautua datorkio askori burura.
Hau bestelakoa izanen da. Etengabe ikasten gaude. Batzuetan funtzio ezgaitasuna edo gizarte egoera zaila dutenak agian ez dituzte eguneroko ohitura horiek izaten: leku batera iritsi, hau, hura edo bestea egin. Beraien egoeragatik gaitasun edo abilezia horiek galdu dituzte. Horiek berriro ikasi behar dira, edo egokiak direnak berrikasi.
Onuradunak zentroan dauden pertsonak, familiak ere badira, ezta?
Bai. Horri garrantzia eman nahi diogu, behar hori ikusten baitugu. Askotan premia dutenak ez dira soilik erabiltzaileak, haur, gazte edo helduak. Familiak ere behar batzuk ditu, eta horiek ere zentroan sartu nahi ditugu. Alde batetik, laguntza, aholkularitza, baina baita prestakuntza ere. Familiak, derrigorrez, prozesuan zehar ikasten joan behar dira. Askotan prozesuan hainbat gai izaten dira: jarrera desegokiak, adin batera iristean nola jokatu jakitea... Laguntza hori ematea. Zentroa ez dela bakarrik erabiltzaileendako izanen, familiendako ere. Zalantzak dituztenean, hor izanen dute lantalde bat prozesuan laguntzeko prest.
Nafarroako Gobernuaren aurrekontuetan 36.000 euroko partida dago zuen zentrorako. Zertarako ematen du diru horrek?
Alde batetik, zentroa eta eguneroko ekintzak mantentzeko, materialak eta beste. Eta, bestetik, profesionalak eta animaliak mantentzeko. Gu oso espezializatuta gaude gure lanean. Uste dut aurten okupazio zentroa izanen denaren esperientzia pilotua eginen dugula, hura egiten dugunerako jakiteko benetan halako zentro batek hemen funtzionatzen duen edo ez; zein profil zehatzerako funtzionatzen duen edo ez... Oraindik guztia zertarako izanen den ez dugu zehaztuta, baina, ziurrenik, ez da nahikoa izanen. Azkenean, pertsonekin lan egiten dugunean baliabideak oso garrantzitsuak dira. Eta kasu honetan, animaliak daudenean, ere. Haien ongizatea ere garrantzitsua da. Poliki-poliki forma ematen joanen gara.
Pilotu hori zabaldu berritan hasiko litzateke?
Orain obra bukatu eta dena martxan jarri nahi dugu. Proiektu berriarekin dagoeneko hasi gara. Aurretik genituen programak martxan jartzen hasi gara ilbeltzean. Behin horiek martxan jarrita, proiektu berriei ekinen diegu, esaterako, okupazio zentroarekin. Hainbat elkarterekin harremanetan jarri, gizarte zerbitzuak... Eta forma nola eman ikusi. Gauza berriak sortzen direnean hasierak ez dira errazak. Behar bat dago, ideia bat duzu, martxan jartzen duzu eta ondoren, agian, ez dago pertsonen erantzunik. Horregatik hori guztia nola egin aztertu behar dugu, jendeak benetan parte hartzeko. Baita profesionalek ere, zentroa ezagutzeko, konfiantza sortzeko. Sakanan profesional askok ezagutzen gaituzte, deribazio edo koordinazio hori ez da hain zaila izanen. Gogo biziz gaude.
Goiz izanen da jakiteko okupazio zentroak zenbat plaza, langile eta animalia izanen dituen, ezta?
Hori 2024rako jakinen dugu. Lehenengo, zentroa martxan jarri behar dugu. Nafarroako Gobernuak hura ikusi behar du. Ondoren, zentroa erregistratu behar da eta, azkenik, okupazio zentroren proiektua onartu eta 2024ko aurrekontuetan sartu. Gure asmoa da aurten prozesu guztia egitea, 2021ean ez baikenuen astirik izan hori guztia prestatzeko. Agian ez zen gure momentua ere. Urte berria hasi berritan hurrengo urtera begira ari gara dagoeneko.