Urtarrilaren 14an Magic txapelketa antolatu zuten Altsasuko Gaztetxean.
1. Zer da Magic?
Karta joko bat da, duela 30 urte inguru sortutakoa. Kartak kolekzionatu daitezke. Arau pila bat daude, azaltzeko zaila da. Jendeak uste du oso zaila dela, baina oso entretenigarria da. Zaila da, baina bizikletan ibiltzea bezala; pixkanaka ikasten hasten zara eta behin martxa hartzen diozunean oso dibertigarria da.
2. Zer nolako kartak dira?
Jendearendako oso arraroak dira. Magic The Gatering deitzen da. Oinarrian edo istorioaren atzean bi azti daude. Izakiak ere agertzen dira eta sorginkerien bidez besteari bizitzak kendu behar dizkiezu. Laburbilduz hori da helburua. Mundu honen barruan nobelak eta guzti daude. Pertsonaia asko daude; istorio handia dago atzetik. Kartetan agertzen diren pertsonaiak nobeletakoak dira. Guk egia esan ez ditugu irakurri, jokatu bakarrik egiten dugu.
3. Zer behar da jokatzeko? Kartak zuenak dira?
Formatu desberdinak daude. Bi nagusi daude: txapelketa batean parte hartzeko zuk zure kartak behar dituzula eta bakoitzak bere 60 karta mazoa erabiltzen du, eta gero dago Gaztetxean egin genuena, dendetan saltzen dituzten karta sobreak. Formatu horretan ezin duzu aurretik jakin zer duzun. Bakoitzak hogei bizitza ditu eta bukatzen zaizkizunean galdu duzu. Gaztetxeko txapelketan hiru partiden hoberenera jokatu genuen, hau da, ordu batean hiru partida jokatzen ziren eta hoberena sailkatzen zen. Jokoa atera zenean ere apustu joko bat zen, baina gaur egun debekatuta dago.
4. Zergatik gaztetxean txapelketa bat antolatu?
Denbora asko daramagu honetara jokatzen eta ez dugu inoiz hainbeste mugimendu ikusi. Hogei bat pertsona gaude Whatsapp taldean. Duela laupabost urte inguru geunden. Azken urteetan boom egin du eta uda osoan zehar ia-ia egunero gelditzen ginen. Pentsatu genuen torneo bat egin behar genuela. Abenduan Intxostiapuntan beste txapelketa bat egin genuen eta nahiko jende agertu zen, orduan, pentsatu genuen gaztetxean mus txapelketak antolatzen badira, zergatik ez Magic txapelketa? Tolosako Goiok irabazi zuen. Lagun bat, inork ezin izan zion irabazi. Donostiatik eta Iruñetik etorri zen jendea ere. Jendeak jokoa geroz eta gehiago ezagutuko du eta jokatzera anima daiteke. Edozein dago gonbidatuta.
5. Bitxia da bideojokoen garaian gazteak karta jokoetan ibiltzea.
Gaiak luzerako ematen du, baina badira Magic-en bideojokoak ere. Guk fisikoa nahiago dugu; lagunekin fisikoki gelditzen gara eta gehiago ikusten zaigu. Egia da pandemiarekin dendek ezin izan zituztela txapelketak antolatu eta arauak aldatu zituztela, adibidez, beste batek ezin zuela zure baraja moztu esanez. Orduan, pila bat jaitsi zen eta bideojokoak gora egin zuen.
6. Nola hasi zineten?
Haitz: 11 edo 12 urterekin. Gasteizko lehengusu batek jokatzen zuela ikusi nuen, baina beti aldamenetik bezala ikusten nuen zaila zirudielako. Herrian Hodei Unamunorekin hasi nintzen berak Iruñean jokatzen zuen lehengusu bat zuelako eta azkenean gurasoei kartak erosteko eskatuz jokatzen hasi ginen; gaizki, baina hasi ginen. Gorka 16 urterekin edo hasi zen, nire etxean.
7. Urte hauetan jokoa garatu da?
Pila bat aldatu da, esparru guztietan. Ekonomikoki kartek dirutza kostatzen dute. Lehen ez zuten hainbeste balio; urtean hiru edizio egiten zituzten, gaur egun hamar bat egiten dituzte.
8. Nola lortzen dituzue kartak?
Dendetan eta Interneten erosten ditugu. Altsasun Zelai bideoklubean zerbait badago. Bestela, Gasteizen eta Iruñean. Azkenean, karta bat lortzeko sobreak erosten egon behar bazara, askoz errazago da karta hori duen pertsona bati erostea.
9. Txapelketa gehiagotan parte hartu duzue, ezta?
Haitz denetan egon da: Madrilen, Bartzelonan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Errenterian zaletasun handia dago eta lagun asko ditugu, Valladoliden, Suancesen ere askotan egon gara...
10. Entrenatzen duzue?
Entrenatzea jokatzea da. Denbora tarte batean ez badugu jolasten, nabaritzen da. Hodeirekin txikitan jokatzen genuenean aspertu egiten ginen beti karta berdinekin jokatzean eta kanpora joaten ginenean toki guztietatik jipoia jasotzen genuen. Karta faltsuak inprimitu genituen gure artean jokatzeko. Tabernetan barajak utzi nahi ditugu nahi duenak hartzeko eta jokatzen hasteko. Whatsapp bidez gelditzen gara. Orokorrean, egunero izaten da. Dena den, profesionalak ere badaude, entrenatzen dutenak.
11. Friki dela esan dizuete?
Baina zer ez da friki? Jendea futbola ikustera joaten da eta hori ez da frikismoa? Beste frikismo mota bat da. Mahai jokoak friki bezala sailkatuta daude. Orain ez dago hain gaizki ikusita; ez gara frikiak, karta arraroetara jokatzen dutenak gara. Izendapena pixka bat aldatu da.