Herri musikaren maisua, oholtzan

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ots. 2a, 12:19

Sinfonía Navarra orkestra 'Turrillas Sinfonikoa' kontzertuan. IORTIA KULTUR GUNEA

Sinfonía Navarra orkestrak Manuel Turrillas nafar konpositorearen lanean oinarritutako proiektua sortu du. Helburua haren musika zabaltzea da, baita herrietako tokiko eragileekin parte hartzea ere. Otsailaren 4an Altsasun egonen da.

Sinfonía Navarra orkestraren lehenengo kontzertua 2021eko azaroan izan zen, Cascanten, eta bertan mustu zuten haien lehenengo proiektua: Turrillas Sinfonikoa. Otsailaren 4an, larunbata, 18:00etan, nafar konpositorearen lanean oinarritutako hamabosgarren kontzertua emanen du orkestrak Altsasuko Iortia kultur gunean. Kontzertu berezia izanen da, izan ere, Santa Ageda bezpera izanik, Altsasuko Erraldoietako kinto eta kinta izanen dira emanaldian gonbidatuak, baita herriko dantzariak ere. Turrillasen lana oholtzaratzeko kontzertu bat baino gehiago da.

Orkestra oso berria da Sinfonía Navarra. "Joaquin Kinito Huerta tronpeta-jotzaileak eta Alvaro Iborra klarinete-jotzaileak sortu zuten Sinfonía Navarra orkestra, eta beste musikariak pixkat bat engainatu gintuzten proiektu honetan parte hartzeko". Eneko Azparren orkestrako tronboi-jotzailea eta proiektuan parte hartu duen musikaria da. Turrillas Sinfonikoa izan da Sinfonía Navarraren lehenengo proiektua eta duela gutxi Joaquín Gaztambide Tuterako konpositorearen musikan oinarritutako bigarren ikuskizuna aurkeztu dute.

Altsasuko Erraldoiek eta dantzarike emanaldian parte hartuko dute

Nafarroako konpositoreak oso garrantzitsuak dira orkestraren proiektuan: "Hori da ideia. Nafarroan badaude izenez ezagutzen ditugun konpositore asko, baina beren musika ez dugu ezagutzen". Turrillas Sinfonikoa kontzertuarekin "konpositore ezagun honen musika eszenatokietara eramatea zen ideia". Orkestraren beste helburuetako bat jotzen duten herrietan tokiko erakundeekin eta elkarteekin harremanetan jartzea da. Altsasuren kasuan, erraldoiak eta dantzariak ariko dira otsailaren 4ko kontzertuan.

Interesgarria
Manuel Turrillas Nafarroako konpositore garrantzitsu eta ezagunetariko bat da, gehienbat herri musikan egin zuen lanagatik. Azparrenek azaldu duenez, haren musika ezagunena "sanferminetan ezaguna dena" da, "batez ere, peñetako ereserkiak". "Orduan, norbaitek pentsa dezake kontzertua pixka bat festa, patxanga eta horrelakoa izango dela, eta horretatik badago, baina ez da hori bakarrik". "Pixka bat denetarik" egin zuen nafar konpositoreak, gehien bat herri musikan: zortzikoak, jotak eta abar. "Baita manboak, boleroak eta era askotako musika egin zuen". Guztira, mila abesti inguru sortu zituen. Turrillasen musika "alde guztietatik" interesgarria da: "Nik uste kalitate handiko kontzertua dela, ez dakit ongi dagoen nik esatea baina...".

Proiektuaren helburuetako bat, beraz, Turrillasen lana oholtzara eramatea denez, "musika hori moldatu behar izan dugu bai orkestrarako bai abesbatzarako". Musikan zer da moldaketa bat? "Musika tresna batzuetarako pentsatuta dagoen partitura bat beste musika tresna batzuetara pasatzea". Turrillasen musika batez ere haize tresnekin jotzeko sortua dagoenez, orkestra "txiki" batean jotzeko moldatu behar izan zuten. "Gure orkestran haize musika tresnez gain, hari musika tresnak eta perkusioa ere badago".

Abestien moldaketak hiru pertsonen artean egin dituzte: Jesus Garisoain, La Pamplonesa Iruñeko bandako zuzendari ordea, "ezaguna da sanferminetan La Pamplonesak jotzen dituen dianak zuzentzen dituelako. Oso moldatzaile bikaina da; oso moldaketa politak egin ditu". Mikel Abete Tafallako musikaria, "oso konposatzaile eta moldatzaile aparta da eta moldaketa dotoreak egin ditu". Hirugarren moldatzailea Azparren bera izan da.

Musika moldaketak egiteko hiru aukera daudela azaldu du musikariak. Lehenengoa abestia bere baitan uztea da, musika berdina egitea: "Instrumentu batetik beste baterako pasa. Gero ez da hain erraza musika tresna bakoitzaren ezaugarrietara moldatu behar delako". Bestetik, muturreko aukera dago, libreagoa egin, "musika horretan oinarritutako zerbait egin, musika erabat aldatu". Hirugarren aukera erdibideko "zerbait" egitea da, "melodia mantendu baina akonpainamendua aldatu".

Eta zer egin dute Sinfonía Navarra orkestrako hiru moldatzaileek? "Egin ditugun moldaketetan hiru aukerak daude. Nik uste abesti guztiak ezagunak direla, baina batzuk ezagunagoak egingo dira". Kontzertuari "aberastasuna" ematen dio: "Abesti guztiak berdin-berdinak izango balira, monotonoegia gera zitekeen eta muturrera eramanda ere agian pisutsuegia egiten zen". Oreka bat mantentzen da.

Sinfonía Navarra
Hogei musikari inguruk osatzen dute Sinfonía Navarra orkestra. Hari tresnen taldean biolinak, biolak, kontrabaxuak eta harpa daude; haize tresnetan tronboia, tronpeta, tronpa, klarinetea, oboea, fagota eta zeharkako txirula, eta bi perkusionista daude ere. Zuzendaria Javier Echarri da eta Luisa Martin tronpa-jotzaileak eta musikologoak esatari lanak egiten ditu eta abestien tartean Turrillasen musika eta bizitza azaltzen du. "Saiatzen gara toki bakoitzeko kultur eragileekin elkartzen: dantzariak, erraldoiak". Orkestrarekin batera Olitense Abesbatza aritzen da ere. Altsasuko kinto eta kinta erraldoiak, dantzariak, musikariak eta abeslariak... eta tarteko ere irudiak agertzen dira. Ikuskizun bat da.