Amiantoak hildako langilearen emaztearen alargun pentsioa %50 handitzeko proposamena

Guaixe 2023ko ots. 1a, 10:28
SC7 modeloko autobusak Sunsundeguiren lantegian. UTZITAKOA

Lan Ikuskaritzak proposatu du amiantoaren eraginez hildako Sunsundeguiko langile baten emazteari %50ean handitzea alargun pentsioa.

Lan Osasunerako ELAren fundazioak, Bidelagunek, jakinarazi duenez, Lan Ikuskaritzak bere demanda bat onartu du eta, ondorioz, “proposatu du Altsasuko Sunsundegi enpresak amiantoaren ondorioz hildako langile baten alargunari %50 handitzea prestazioa, hau da, maila gorenenean”. Langilea amiantoak eragindako pleura-mesotelioma baten ondorioz hil zen. Bidelagunek “oso positibotzat jo du” proposamena, “lor zitekeen errekargurik handiena baita”.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak egindako txostenaren arabera, Sunsundegui enpresaren instalazioetan, barrutik amiantoz estalita zeuden tren bagoiak eraberritu ziren 1982tik 1990era bitartean. Fundaziotik azaldu dutenez, “txosten hori oinarri hartuta, Lan Ikuskaritzak ondorioztatu du amiantoaren aurkako segurtasun neurririk gabe jardun zutela langileek enpresan, eta horregatik proposatu du errekargu hori. Orain, Gizarte Segurantzak egin behar du azken pausoa dagokion errekargua alargunari aplikatzeko”. 

Bidelagun fundazioak eta ELA sindikatuak gogorarazi dutenez, “amiantoaren ondoriozko gaixotasun profesionalak gero eta ugariagoak dira, ia dimentsio pandemikoarekin. Hori guztia kontrol publiko nahikorik ez dagoelako eta enpresek segurtasun neurri gehiago hartu ez zituztelako XX. mendean”. Bestetik, gogorarazi dute amiantoak eragindako gaitzen patologiak, “ia guztiak minbizia sortzen dutenak”, 30 urte ingurura agertzen direla. Horregatik, bai fundaziotik bai sindikatutik adierazi dute “ikusezin bihurtzeko eta lan giroarekin ez lotzeko joera duen fenomeno baten aurrean” gaudela. Bidelagun fundazioak eta ELAk erakunde publikoei eskatu diete “langile klasearen osasun eskubidea benetan bermatzeko behar adina baliabide eslei” ditzatela, eta, zehazki, “hitzetatik ekintzetara igarotzea” eta amiantoaren Biktimen Konpentsazio Funtsaren Erregelamendua behin betiko onartu dezatela. Funtsa “zuzenean kaltetutako langileak eta haien senideak babesteko baliatzea, atzerapenik gabe dagozkien kalte ordainak kobratu ahal izateko”.