Ados pilotaren Binakako Txapelketa Nagusia, Altsasun

Guaixe 2023ko ots. 1a, 10:06
Etxebeste - Capellan / Etxekolonea - Mujika Ados pilotako Binakako Txapelketa Nagusiko kartela. UTZITAKOA

Otsailaren 3an, ostirala, promozioko eta lehen mailako partidak jokatuko dira Burunda pilotalekuan.

Ruiz de Infate eta Orbegozo Zabaleta eta Agirreren kontra promozioan eta Etxebeste eta Capellan Etxekolonea eta Mujikaren kontra lehen mailan, Binakako Txapelketa Nagusiko kanporaketa partidak izanen dira otsailaren 3an, ostirala, 19:00etatik aurrera, Burunda pilotalekuan. Ados pilotak antolatutako txapelketa abenduaren erdialdean abiatu zen eta, guztira, 24 pilotarik parte hartzen dute. Bi hilabete inguru iraunen du eta hogei udalerritan jokatuko dira partidak, tartean Altsasuko kanporaketa.

2022an sortu zen Ados, emakume pilotarien lehen klub profesionala. Kluba eratzearekin mugarri bat ezarri zuten emakume pilotariek. Kluba hiru helbururekin sortu zuten: txapelketa gehiago jokatzea, euren lan baldintzak hobetzea eta euren buruaren jabe izatea. Momentuz txapelketa orekatua ari da izaten, baina eliteetan Maddi Barrocal eta Olatz Ruiz de Larramendi koska bat gorago daude, jokatu dituzten bost partidak irabazi dituztelako. Nolanahi ere, hasierako ligaxkan asko dago erabakitzeko, final laurdenetara eta final erdietara sailkatzea baitago jokoan. Altsasuko jardunaldiak asko du esateko. 

Ados pilotaren Binakako Txapelketa Nagusia

Otsailak 3 ostirala
Altsasuko Burunda pilotalekua, 19:00etan

Promozioa

  • Ruiz de Infante - Orbegozo
    Zabaleta - Agirre

Lehen maila

  • Etxebeste - Capellan
    Etxekolonea - Mujika