Sexualitateari buruzko film laburren lehiaketa deitu dute

Guaixe 2023ko ots. 8a, 14:03

Aurreko edizio batea aurkeztutako film labur baten une bat. ARTXIBOA

Gozamenez lehiaketara sexualitatearen ikuspegi positiboa ematen duten ikus-entzunezkoak aurkez daitezke, banaka edo taldeka. 12 eta 13 urte arteko sakandarrek parte hartu dezakete. Bi sari epaimahaiak emanen ditu eta bestea gazte altsasuarrek herri bozketa bidez aukeratuko dute.

Gozamenez programak eta Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Sexualitate hozkadak. Sexu eta Harremanei buruzko istorioak leloa duen film laburren lehiaketa antolatu dute. Haren bidez antolatzaileek sexualitateari buruz hausnarketa sustatu eta “haren gainean ditugun hainbat ideia eta ikuspuntu” adierazteko bidea eman nahi dute, batetik. Bestetik, sexualitateari buruzko “erredukzionismoetatik urrundutako ikuspuntu positiboa, plurala, integratzailea eta irekiak dituzten mezuak jaso nahi dituzte”. Azkenik, Gozamenez lehiaketaren bidez “aniztasunean eta gozamenean zentratzea, bost zentzumenen, fantasien, ilusioen eta abarren bitartez, pertsonen garapen globala bilatzen lagunduko” duten lanak nahi dituzte. 

Helburu horiei jarraituz, lehiaketara aurkeztuko diren lanek “sexualitatea zerbait
positibotzat hartu” beharko dute. “Izan ere, pertsona bakoitzak bere modura disfrutatzen du, bost
zentzumenen bidez, dastatuz, barre eginez, dantzatuz, komunikatuz ... eta norberak nahi duen
modu guztietan!”. Halako film laburra egin eta inspirazioa nahi dutenek, www.gozamenez.com webgunean dituzte aurreko edizioetako lanak ikusgai. 

Baldintzak
Lehiaketak sormen alorreko ikus-entzunezko genero eta teknika guztiak onartuko ditu. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik Intxostiapunta gazte txokoan izena eman behar dute, epea martxoaren 5ean despedituko da. Hori egin ondoren, ikus-entzunezkoak apirilaren 16ko 20:00ak arte aurkez litezke gazte gunean, 17:00etatik 20:00etara. Plika sistema erabili beharko da ikus-entzunezkoa eta egiletzari buruzko xehetasunak emateko. 

Film laburrak edozein gailu digitalean grabatu daitezke. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke. Haien iraupenak ezin du hamar minutuak gainditu, kredituak barne. Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkez ditzake, aldez aurretik argitaratu ez direnak. Eta horiek Nafarroako Gozamenez lehiaketara aurkezten diren berak izan daitezke. Formatua edozein dela ere, lehiaketara aurkeztutako ikus-entzunezkoak VLC media player programarekin ikusteko aukera izan behar da. 

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak www.altsasu.eus webgunean jarriko dituzte eta apirilaren 24tik maiatzaren 7ra arte haren bidez gogoko lanaren alde botoa emateko aukera izanen dute 12eta 30 urte arteko gazte altsasuarrek. Sari emate ekitaldia maiatzaren 12an izanen da. Gozamenez programako kideek banakako eta taldekako sariak banatuko dituzte, 100 eta 200 euro hurrenez hurren. Publikoaren saria, berriz, 100 eurokoa da.