Astekaria

Behar bezalako pediatriako ZIU bat eskatzen

Guaixe 2023ko ots. 9a, 14:01

Pediatriako ZIUko erizain Esther Salgado Reguero, ezkerretik lehena, Garazi Albarracin Albiztur olaztiarra eta haren ondoan Nafarroako Parlamentuko presideneta Unai Hualde Iglesias. UTZITAKOA

Nafarroako pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitate bakarraren espazioa eta baliabide material eskasak hobetzeko eskatzen ari dira bertako langileak. Han egon behar izan duten gurasoen laguntza ere badute.

Zainketa Intentsiboko Unitateak (ZIU) ospitale nagusietan besterik ez daude. Haietan lan egiten duten medikuak oso larri dauden gaixoez arduratzen diren espezialitate sendagilea dira,  intentsibistak. Bizkortze eta suspertze tekniketan adituak dira. Haiekin batera espezializatutako erizainek lan egiten dute. Guztien artean gaixoen zaintza biziagoa egiten dute. Kasuaren arabera monitorizatu, arnasgailua jarri, etengabeko zainketa eta beste egiten dute. 

Esther Salgado Reguero erizain altsasuarrak azaldu duenez, “garai batean haurrak helduen ZIUn sartzen zituzten; bukaeran haiendako bi box zeuden. Baina helduen eta haurren osasuna desberdina da eta, azkenean, lortu zen zaintza intentsiboko haurren ardura pediatriako intentsibisten esku uztea”. 2007an sortu zen pediatriako ZIU, jaioberrien atalean jarri zutena. Lau ohe ziren. “Behin-behinean hasi zen; lanean hasi eta ea zer martxan duen”.  

"Guk lan egiten dugun unitatea Nafarroako osasun sistema publikoak duen pediatriako ZIU bakarra da"

Han egoten diren haurren zaintza adin tarte horretan adituak diren mediku eta erizainen esku dago. Pediatriako ZIUk hilabete batetik 15 urte bitarteko ume eta gaztetxoak hartzen ditu. “Guk lan egiten dugun unitatea Nafarroako osasun sistema publikoak duen pediatriako ZIU bakarra da”. Egoera kritikoan dauden adin horretakoak gure unitatera eramaten dituzte; berdin dio Murchantetik, Beratik edo edonondik eraman. Patologia kroniko eta oso larriak, akutuak, hartzen ditu”. 

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko pediatria sail guztia garai bateko Bideko Ama ospitalean dago. Pediatria guztia ama berrien eraikinean dago, 4. solairuan, eta pediatriako ZIU eraikin orokorreko lehen solairuan, “baina beste eraikinean egon beharko luke”. Salgadok azaldu duenez, “helduen anestesia ondoko bizkortzetarako unitatean utzi ziguten espazio batean dago gaur egun, guretako propio prestatutako parte batean”. Gaineratu duenez, “gurea etengabe berregokitu eta adabakiak jartzen dituzten unitate bat da”. Bostetan aldatu dute tokiz unitatea. 


Esther Salgado Reguedo.

Aldaketak 
Pediatriako ZIUaren lehen tokia “oso txikia zen, argirik, altzaririk, ezer gabea... Hura ikusten dudanean pentsatzen dut: ‘nola egon gintezkeen hemen!’”, oroitu du erizainak. Han denboraldi bat egiten ari ziren guraso batzuek egunkarira gutuna bidali zuten 2016an. “Ospitaleratuta zuten umearekin eguneko 24 orduak ezin zutela egon jakinarazi zuten. Goizean eta arratsaldean hiruna ordu zituzten, baina gauez ezin zuten haiekin egon”. 

Fernando Dominguez Cunchillos osasun kontseilari zela, “egun batetik bestera, helduen ZIUko lehen solairura lekualdatu gintuzten. Aldaketa egitea ez da ZIU gelditzea eta kitto. Gaixo zeuden haurrekin batera lekualdatu ginen. Horrek estres handia eragin zigun langileei, ezin duzue irudikatu”, azaldu du Salgadok. Sei urtetan seitan aldatu dute tokiz pediatriako ZIU. Azarokoa da azken lekualdaketa “sei umerekin eta sei arnasgailurekin egin genuen. Bronkiolitis puntarekin bat egin zuen. Ume oso txikiak ziren eta larri zeuden. Umearekin jarraitu behar duzu, baina, aldi berean, xiringa nondik hartu behar duzun ere ez dakizu, espazio horretara iritsi berria zarelako eta gauzak non dauden ez dakizulako. Umearen egoera okertuko balitz jakin beharko nuke gauzak non dauden. Inor ez da horretaz jabetzen”. 

Lekualdaketa hartara kudeatzailea eta zuzendaritza joan ziren. “Ordurako hedabideetan gure egoeraren berri ematen hasiak ziren zenbait ama, ‘honek ezin du horrela jarraitu’ pentsatzen baitzuten. Oso urduri zeuden eta, horregatik, joan ziren. Zeren aurreko lekualdaketetan kudeatzailea ez zen agertu”, azaldu du Salgadok. 

Erabili gabeko gela bat zen, ZIUtik atera eta oraindik ere ospitaleko solairu arrunt batera joan ezin zutenendako zuten gela hori, bitarteko zainketa behar zutenendako”, argitu du erizainak. “Gela ireki batean parez pare dauden lau ohe zituen, eta parean heldu guztiak zeuden. Garbia eta zikina zegoenarendako gela txiki bat genuen, besterik ez”. 

Salgadok azaldu duenez, “jaioberrien ataletik eta haurrendako ebakuntza gelatik oso urrun zegoen, eraikin orokorrean baitzegoen. Hemen zerbait pasatzen bada, hilko gara”. Hamabost egunetara pasa zen. “Neska bat hil zen eta familiak ematea erabaki zuen. Organoak kendu arte han egon zen, 24 orduz bionbo artean, gainontzeko haur eta familiekin batera. Hori bizi beharra dago!” Unitateko lantaldeak egoeraren berri emateko hedabideetara jo zuen, lantaldea sortu zen, eta kontseilariarekin eta zuzendaritzarekin bildu ziren. Jakinarazi zietenez, ez kokapena ez aretoa ez zirela egokiak. “Beste adabaki bat zen. Ez zegoen intimitaterik, oheak perpendikularki jarrita zeuden”, gogoratu du. 

COVID-19 gaitzak eragindako pandemia hasi arte han egon ziren. Baina pandemiaren ondorioz ama berrien 3. solairuko pazienteen harrerako unitatera joan behar izan genuen. Ondoren, helduen tokira igo zituzten, atzera ere jaisteko. Azaroaz geroztik beheko solairuan daude, “eraikin orokorreko lehen solairuko klimatizazioa hobetu beharra zegoelako. Hotz handia zegoen, amak berokiak eta bufandak jantzita egoten ziren”. Gauzak ongi, martxoan seigarren aldiz tokiz aldatuko dute pediatriako ZIU eta lehengo tokira bueltatuko dira, eraikin orokorreko lehen solairura, pazienteen harrerako unitatea dagoen tokira. “Han egonen gara gobernuak, parlamentuak edo bakarren batek beste zerbait hobea jartzea erabakitzen duten arte”.

"Ospitalekoa kontrako giroa da berez, eta haurrendako are gehiago. Gure haurrak horrela egotea ezin dugu onartu, ez osasun erakunde ez gizarte gisa"

Hutsuneak
Helduen ZIUaren parekoa nahi dute pediatriarako ere: “oso ongi dago, haurrak ez dute gutxiago izan beharrik. Helduen boxak banakakoak dira, handiak, kontrol handikoak, telebista, akustikoki isolatuta, familiek beraien espazio propioa dute eta beste pasabide batetik pasatzen dira eta, beraz, bisita bat badago edo zerbait gertatzen bada beste boxetakoak ez dira ezertaz jabetzen. Zure aldamenekoa intubatu behar badut, zu ez zara ezertaz ohartzen”. 

Salgadok ziurtatu duenez, “ospitalekoa kontrako giroa da berez, eta haurrendako are gehiago. Umea bere ingurutik, etxetik edo ikastetxetik atera eta galdu egiten da. Harendako dena beldurrak dira. ZIU batean sartzearen inguruko eztabaidaezina den ebidentzia eta literatura dago: beldurra eta izua eragiten du luzera. Helduei gertatzen bazaie, umeei gehiago”. Azaldu duenez, “gaur egungo pediatriako ZIU dagoen bezala, umeak berarekin dauden beste haurrei gertatzen zaiena ikusten eta entzuten ari dira. Baita umeen familiak ere. Guztiz ikaratuta daude. Zerbait presaka egin behar izan  ondoren, normaltasunera bueltatzen saiatu eta gaixo dagoen ume batek galdetu izan dit: ‘Esther, ume horri pasa zaiona niri gertatu behar zait?’ Gure haurrak horrela egotea ezin dugu onartu, ez osasun erakunde ez gizarte gisa”, esan du irmo Salgadok. Bitartean “zuk lanean jarraitu beharra duzu, irribarre zabal bat egin eta ‘maitea, dena ongi dago’ esan beharra duzu”. 

Eskaeren garrantziaz
Erizain altsasuarrak azaldu duenez, “ume txikienak ez dira hainbeste jabetzen, baina 6-7 urteetatik aurrera badakite zer gertatzen den. Nerabeak guztiaz jabetzen dira”. Belarrietan tapoiak jartzen dituzte batzuk. Eta gurasoengan ere egoerak eragina duela azaldu du erizainak: “parekoari hori gertatu bazaio, eta arazo beragatik sartu bagara, nireari ere gerta dakioke hori. Gainera, denak egongelan elkartzen dira eta denek hitz egiten dute”. Salgadok ziurtatu zuenez, “beldur eta ikara horiek ezin ditugu onartu. Badakigu zein garrantzitsua den buru osasuna, eta hemen ez gaude hura zaintzen eta kontuan izaten”. Horregatik da intimitatea hain garrantzitsua. “Baita konfidentzialtasuna ere. Familiei informazioa ematean denek entzuten dute, hura Anai Handiaren modukoa da, ez dugu horretarako tokirik”. 

"Ni azkar erantzuteko prestatuta nago, baina nire inguruneak batzuetan ez dit uzten"

Oheez aparte bi box oso txiki egokitu zituzten. “Ez dituzte ezta 6 metro karratu, 24koak izatea aholkatzen dute”. Haietan ari dira klimatizazioa hobetzen. “Egoera kritikoan dagoen eta aparailu asko behar dituzten umeak ez ditugu han sartzen, ezin dugu. Edo arnasgailua sartzen da edo gu sartzen gara”, argitu du erizainak. Gaineratu duenez, “adabakiak dira. Sistema eta aparatu guztiak dorre batean integratuta, halakorik ez dugu. Pazienteen harrerako unitatea goizean ospitalean sartu eta ebakuntza txikiak egin ondoren jendea etxera bidaltzeko diseinatuta dago. Zailtasunak izanez gero, plantara igotzen dituzte. Han ez da arnasgailurik jartzen”. Horregatik, arnasgailuendako hartuneak jarri behar izan zituzten paretan “edonola. Bazter guztietan kableak daude. Dorretan beharrean mantenukoek egindako balda batzuetan dugu tresneria. Basea handitu behar izan zuten, monitoreagatik gainera erortzen zitzaizkigulako. Gauzak ez ditugu eskura. Ni azkar erantzuteko prestatuta nago, baina nire inguruneak batzuetan ez dit uzten. Gauzak hartzeko etengabe luzatzen egon behar dut”, argitu du Salgadok.  

Pediatriako ZIUn argi naturala egotea nahi dute. “Umeak galdu egiten dira. Ospitalean egun batzuk egon behar dute eta luzatzen denean ez dakite eguna edo gaua den. ‘Zein egun da?’ galdetzen dizute. Erabat desorientatzen dira eta, behar bada gauez esna daude”. Pertsianak jaitsitako bulego batean lan egitearekin parekatu du egoera erizainak, “ez dakizu goiza edo arratsaldea den”. 

Aukera
Pediatriako ZIU bat nolakoa izan beharko lukeen argi dute bertako langileek: “Iruñeko, Lizarrako edo Tuterako helduen ZIUen parekoa; ez dugu ez gehiago ezta gutxiago nahi. Osasun Ministerioak eta zientzia erakundeek aholkatzen dutena beteko duena”. Nabarmendu duenez, “ospitalean umeak familiaz lagunduta egon behar du eguneko 24 orduetan”. Gaixo bakoitzak box bana izanen duen espazio bat nahi dute. “Intimitatearekin, konfidentzialtasuna bermatuko den tokia, argi naturala duena, tresneria integratua duten dorreak. Familiendako espazio bat izatea, negar egiteko aukera izan dezaten, han informazioa emateko, zerbait jateko aukera ematen dien tokia, eta dutxa hartzeko aukera eskaintzen diena”. “Gutxienez hori”, esan du Salgadok. “Ez dut uste eskatzen duguna hain arraroa denik”. 

Haien unitateak ume jaio berrien eraikinean egon beharko lukeela uste dute lantaldeko kideek, “han baitago pediatria guztia”. Haien iritziz, pediatriako larrialdi gainean kokatzea egokia litzateke. “Larrialdietara etorri eta ZIUren beharra duten haurrak lekualdatzea oso azkarra litzateke, igotzea besterik ez baita egin behar. Ebakuntza gelak eta dena oso eskura leudeke”.  Erizainak azaldu duenez, “gaur egun han ekitaldi areto izugarri handia dago. Azalera handia du. Hari, lasai asko, uko egin diezaiokegu, Nafarroako Ospitalea zen hartan beste bat dagoelako. Argi asko du, leihotzarrak dituelako”. 

Gurasoak 
Erizainak ziurtatu duenez, “seme-alaben ospitaleratzean zehar gurasoak dira egoera sufritzen dutenak; nola edo hala egin behar dira. Zainketa intentsiboan ia ohe ondoan egoteak esan nahi du eta familiekin oso harreman estua sortzen da. Dena egonkor dagoen uneetan, erlaxatuago daudenean, haiek beraiek esaten digute: ‘nola ari zarete lanean? Nola egon zaitezkete horrela? Ikusten dut ez zarela iristen. Ikusten dut hau, hura eta bestea’. Baina ateratzean, hain gaizki pasa dutenez... Eta beldurra. Haietako askok galdetzen dute nola kexatu daitezkeen. Pazienteen arreta zerbitzuan. Hainbatek pentsatuko dute kexa jarriz gero errieta eginen digutela”. 

"Umeen alde eginahalak egiten dituen lantalde horri esker batzuetan ez dira gauza gehiago gertatzen, edo azpiegitura horren hutsuneak ez dira hain agerian gelditzen"

Hedabideetara jotzen hiru hilabete daramate. E-posta ugari bidali zituzten “eta guztiek ongi hartu gaituzte”. Salgadok aitortu duenez, “zaila da kontatzea, eta, gainera, halakorik bizi ez baduzu, egoera hain da ezezaguna! Kontatu dugun hedabideetan eta abarretan jende guztia aho zabalik gelditzen da. ‘Nola liteke halakorik?’ esaten dute”. “Hedabideetara jo duten familiek giza lantaldearen balio handia nabarmendu dute. Azpiegitura gabezia gure lanarekin tapatzen saiatzen gara. Umeen alde eginahalak egiten dituen lantalde horri esker batzuetan ez dira gauza gehiago gertatzen, edo azpiegitura horren hutsuneak ez dira hain agerian gelditzen”. 

Hala ere, guraso batzuek pausoa eman eta hedabideetara egoera salatzen duten gutunak bidali dituzte. Sinadurak emakumezkoenak dira. “Aitak ere egoten dira, baina amaren zaintza, amaren figura, oso garrantzitsua da. Bai, aitak bai, baina, batez ere, amak egoten dira”. Gaineratu duenez, “erizain eta laguntzaile lantaldearen gehiengoa ere emakumezkoak gara”. 

Nafarroako Parlamentuan
Erizainak azaldu duenez, “pediatriako ZIUaren 16 urteko ibilbidean, izan ditugun eta ditugun baldintzak kontuan izanik, estreinako aldiz Nafarroako Parlamentura joan ginen egoeraren berri ematera”. Ilbeltzaren 11n izan zen. Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesiasek hiru erizain, Salgado barne, eta pediatriako ZIUn egondako bi ama hartu zituen. “Esan zigun eskaera justua eta oso justifikatua zela. Gaztigatu zigun hiru hilabete genituela, maiatzeko hauteskundeengatik Parlamentua itxiko delako”.

Osasun Batzordearen lan saio batean egon ziren. Egoeraren berri emateaz aparte, unitateak dituen hutsuneen berri eman zieten parlamentariei: “umeak bionbo artean hiltzen dira, haur psikologiarako egokitu gabeko espazio bat da, intimitate gabea, 24 orduko unitatea izanda ere familiendako ez dago espaziorik (dutxa hartzera ume berrien eraikineko laugarren solairura joan behar dute), sartu nahi dutenendako tinbrerik ez dago eta gurasoak ateratzean berriro sartzeko konturatzen garenean edo telefonoz hots egiten digutenean atea zabaldu behar diegu... “Hain dira hutsuneak izugarriak!” 

Gogoratu duenez, “ni eta nire lankidea jota joan ginen, aurreko igandean ume bat hil zelako. Amen lekukotzekin emozioa egon zen. Gainera, guk aurretik esandakoak oso ongi indartu zituzten”. Salgadok nabarmendu du alderdi eta koalizio guztiek aho batez onartu zituztela haien eskaerak, eta proiektuari lehentasuna ematea. “Orain arte ez zen horrela. Ez zuen finantzaketarik. Lehen premiazkoa ez zena, badirudi orain baietz. Denek hiru hilabeteena gogorarazi ziguten, eta administrazioko erritmoak mantsoak direla. Ez ahazteko, etengabe ate joka ibiltzea aholkatu ziguten”. EH Bilduk emendakin baten bidez Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan jasoak daude 125.000 euro proiektua idazteko. “Orain Osasun Departamentuak proiektuaren erredakzioa emateko deialdia egin eta lanak egiteko finantziazioa lotzea falta da”. Parlamentutik pozik atera ziren. 

Martxoan eraikin orokorreko lehen solairura bueltatuko dira, “ordurako berririk jaso ez badugu, berriro ekinen diogu aldarrikapenak zabaltzeari. Kontseilariaren eta presidentearen ateak jotzea gelditzen zaigu”. Azaldu duenez, “agerian jartzeak ere badu kostu pertsonala. Lan egiteaz aparte hala ibili beharra tristea da”. 

Lantaldea 
Pediatriako ZIUn gaur egun lau ohe daude, baina sei ere izan daitezke. Han bost bikotek lan egiten dute: lanaldi osoko hamar erizain, erizainak diren bi umezain lanaldi partzialean eta bost erizaintzako laguntzaile. Lan txanda bakoitzean bi erizain eta laguntzaile bat daude. Sei oheak beteta daudenean hiru erizain eta bi laguntzaile aritzen dira lanean. Eta egun osoan dauden mediku intentsibistak ere badaude. 

Nahikoa langile diren galdetuta, Salgadok argitu duenez, “pediatriako ZIU humanizatzea da gure helburua. Horregatik, ez dugu langileen premian fokua jarri”. Bere ustez lantalde “egokia” dute, “baina ratioena ez dut sekula ulertu. Buruzagitzatik beti kopuruari erreparatzen zaio: ‘zenbat ume dituzue? Lau. Ongi, hirugarren erizainak jaioberriengana joan behar du. Sei daude. Bale, hor gelditzen da’ Ez! Buruzagitzak kopuru faktoreari baino kualitateari erreparatu beharko lioke. Zeren gerta daiteke bi umerekin ezin iritsi ibiltzea, ohetik ezin urrun egotea. Eguberrietan hala ibili gara. Edo sei izan ditzakezu, haien gaitzak hobera egin dutenak eta ongi zaude”. Altsasuarra buruzagitzan egona da, “badakit langileriaren kudeaketa zaila dela. Baina nire borroka hori da”. Gaineratu duenez, “ebidentziak eta argitaratzen den literaturak gero eta gehiago esaten du lan karga gaixo kopuruaren arabera ez dela jarri behar, baizik eta gaixoaren kalitatearen arabera”. 

Pediatriako ZIUn lan egiten dutenek ume batzuk gogoan dituzte, “batzuekiko maitasun berezia” dute, nahiz eta ospitaleratzearen ondoren hil. “Motibazioa da, eta, aldi berean, haurrekin egiten den  bidegabekeria salatzeko hazia ere”. 

Esther
Hogei urte daramatza lanean. Plaza 2012an eskuratu zuen. “Helduekin lan egina nintzen eta plaza eskuratzerakoan ez nuen pediatriako ZIUko erizain plaza lehen aukera gisa jarri. Pila bat ginen eta niri pediatriako ZIU tokatu zitzaidan. Aurreneko egunean errespetua ematen du. Ordutik beste toki batzuetan plazak hartzeko deialdiak egon dira eta sekula ez naiz aurkeztu. Poz-pozik nago pediatriako ZIUn. Ez naiz handik mugituko. Bokazioa da. Baina trebatzen segitzen dugu. Egunero ikasten dut. Gainera, egunean egon behar duzu, ZIUrako etengabe tresneria berria ateratzen delako”. Masterra egin zuen eta Master Akaberako Lana ZIUn dauden ume kronikoen gurasoek dituzten beharrei buruz egin zuen. Doktoregoarekin ari da orain eta “pediatriako ZIUaren humanizazioa gaiarekin segitzeko asmoa dut. Gai horrekin ez naiz geldituko. Honek liluratzen nau eta nire lanean poz-pozik nago”. 

Sinadura bilketa 
Sinadura bilketa abiatu dute Change plataformaren bidez (https://labur.eus/yRz7P). Dagoeneko 3.000 sinadura inguru dituzte jasota eta biltzen jarraitzen dute. Altsasuarraren izenean zabaldu zen sinadura eskaera. “Profesional gisa ezin dugu halakorik onartu. Onena nahi dut nire lantokirako. Gure osasun sistemaren defendatzaile tinkoa naiz. Ezin dugu halako unitaterik onartu. Gainera, hobekuntzan irmo sinisten dut. Egoera argitan jartzean ez diogu inori kalte egiten. Ez gara gezurretan ari. Ume eta familiendako asistentzia hobetzea da eskatzen duguna”. Gaineratu duenez, motibazio profesionalaz aparte, ama edo izeba gisa ere egin du eskaera. “Alabekin tokatuz gero, ez nuke nahi haiek han egotea. Niretako nahi ez dudana besteendako ere ez dut nahi. Horrek eragiten dit”. 

Lekualdaketen kronologia

  • 2007 Irekiera.
  • 2016ko lastaila Helduen ZIUra, 1. lekualdaketa.
  • 2020ko martxoa COVID-19, 2. lekualdaketa.
  • 2020ko garila Helduen ZIUra bueltan, 3. lekualdaketa.
  • 2020ko lastaila Helduen kirurgia handi anbulatoriora. 4. lekualdaketa.
  • 2022ko azaroa Eraikin Orokorreko lehen solairua. 5. lekualdaketa.
  • 2023ko martxoa 6. lekualdaketa.