Astekaria

Gorputzaren barruko bidaia eszenifikatzen

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ots. 6a, 09:30

'El viaje de un Donut' antzezlana; Elur Olabide altsasuarra erdian. UTZITAKOA

Elur Olabide Izquierdo antzerkigile altsasuarrak Dopamina teatro konpainia sortu du Madrilgo zenbait lagunekin batera. Asteburuan 'El viaje de un Donut' antzezlana aurkeztu du Iruñean; azukrearen kalteaz irakasten duen lana.

"Oso-oso urduri" dago Elur Olabide Izquierdo "etxera" itzuli delako: Nafarroako Antzerki Eskolara. El viaje de un Donut antzezlana aurkeztuko du bihar eta etzi, larunbata eta igandea, 18:00etan, azken urteak Madrilen ikasten egon ondoren. "Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi nuen eta eta Madrileko jendearekin itzultzea... Oso pozik eta emozionatuta nago". Arturo Bernal Nazioarteko Antzerki Eskolan goi mailako ikasketak egin ditu Olabidek eta bertan ezagututako lagunekin Dopamina teatro konpainia sortu zuten.

Dopamina teatro konpainia nazioarteko talde bat dela esan daiteke, izan ere, kideen artean "valentziar bat, alemaniar bat eta brasildar bat" daudela azaldu du Olabidek. Guztira, bost dira kideak: Zales San Segundo, Renata Castro Campos, Kai Sánchez, Isabel Denzel eta Olabide bera. Konpainia 2022ko irailean sortu zuten, antzerki fisikoko goi mailako ikasketak ekainean amaitu ondoren.

"Ikasturte amaieran gradu amaierako proiektuak aurkeztu genituen eta Isabelen amaierako proiektua hau zen, baina motzagoa". Denzelen lanak "15 edo 20 minutu" irauten zuen eta emaitzarekin "oso pozik" gelditu zirenez, oporretatik bueltan antzezlana luzatzea erabaki zuten. "Ekainean egin genuen kale antzerki edo ikuskizun bezala utzi dugu, eta hau antzokietan egiteko".

"Egileak azukreak gorputzean sortzen dituen kalteak erakutsi nahi zituen" 

"Isabelek zerbait pedagogikoa egin nahi zuen. Haurrekin pila bat egin du lan, eta bereziki nahi zuen azukreak gorputza nola kaltetzen zuen erakustea". Ideia horrekin lantaldera joan zen eta "baietz esan genion". Haurrei eta familiei zuzendutako antzezlanak sortzeko ideiarekin sortu zuten antzerki taldea. Iruñean aurkeztuko duten antzezlanaren kasuan, sei urtetik gorakoendako gomendatuta dago.

Protagonistak
Neuronak, heste biloak, odola... El viaje de un Donut antzezlanean agertzen diren pertsonaiak gorputzaren barruan aurki daitezkeen "gauzak" dira. "Antzezlanean gorputzaren barruan sartzen gara; eszenatokia gorputz batean sartzen dugu". Argumentuari dagokionez, neska baten egunerokotasuna kontatzen da: gosaltzen du, eskolara joaten da, eta hamaiketakoan Donut bat jaten du. "Eta, orduan, erroskila gorputzean sartzen da, gorputz guztitik pasatzen da eta bidaian neuronak agertzen dira, odola eta horrelako gauzak".

Pertsonaia ezohiko hauek egiteko egileak "gorputzak nola funtzionatzen duen" jakiteko "asko ikasi" duela azaldu du Olabidek: "Bideoak ikusi ditu, odola nola mugitzen den, nola sortzen den eta horrelakoak". "Benetan" geratzen diren irudi horiek hartu dituzte eta "abstrakzioa" egin dute. "Dinamika hori nola eraman oholtzara eta nola sartu publikoa mugimendu eta sentsazio horretan".

El viaje de un Donut prestatzea prozesu luzea izan da eta entseguekin urriaren hasieran hasi zirela esan du aktore altsasuarrak. Iruñeko aurkezpenaren aurreko aste honetan erresidentzia artistikoa egin dute Nafarroako Antzerki Eskolan, "goiz eta arratsaldez gaude han, topera". Datorren hilabetean antzezlana antzerki jaialdi batean aurkeztuko dute eta mugitzen hasi nahi dutela esan du Olabidek. Gainera, ikastetxeetara iristea gustatuko litzaieke ere, eta behin antzezlana ikusi ondoren ikasleekin lantzeko dinamika eta unitate didaktikoa prestatzen ari dira ere.

Fisikoa
Ekainean amaitu zituen Olabidek antzerki fisikoko goi mailako ikasketak, Madrilen, eta Dopamina teatro konpainiarekin egiten ari den El viaje de un Donut antzezlana ez ezik, Olabide eszenatokiaren beste aldean lan bat prestatzen ari da; zuzendaria da "heroinari edo drogari buruzko" lan batean. Laster aurkeztuko du. "Horrekin nago". Datorren ikasturterako dantza ikastea pentsatzen ari da ere, "antzerki fisikoa ikasi dudanez, dantzarekin nahastea gustatuko litzaidake".