Banksy grafitilari britaniarra da, kaleko artea egiten duen artista ezaguna bezain ezezaguna, bere obra mundu mailan ezaguna baita, baina inork ez baitu bere identitatea ezagutzen. Haren artelanak, maiz, satira grafikoak dira politika, kultura eta batez ere etikari buruzkoak. Beti gauez margotzen du, ezkutuan, inork ikusi gabe. Mito bihurtu da. Baietz ezagutzen duzuela aurpegia tapaturik lore-sorta botatzeko puntuan dagoen gizonezkoaren irudia. Edo Londreseko Sotheby´s enkante etxe famatuan milioi bat libera esterlinengatik saldu zen unean suntsitu zen "Nesakia eta puxika" artelana.
Ferroleko Canido auzoak 2008tik urtero antolatzen duen kultur-ekimen batean parte hartzeko gonbidatu eta pareta bat erreserbaturik dio Meninen interpretazio bat egin dezan. Orain arte ez du margotu. Ferrolekoa Espainiako estatuko Banksyren lehendabiziko obra litzateke.
Duela hamar bat egun Altsasuko Geroa Baik herrian "ezker abertzalearen fakzioen arteko pintadak" gaitzetsi zituen eta "eginiko pintadak ahal bezain agudo ezabatuko direla" gehitu zuen. Oker ez banago, kutsu politikoa duten pintada guztiak ere azkar asko garbitzen dituzte udaletxeko langileek eraikin publiko zein pribatuetan. Aldiz, bestelakoak ez.
Laster beteko dira bi urte Otadiako parkera ematen duen tapia batean pintada bat agertu zela. Gauez. Inork ikusi gabe. Auzotarrek instantzia bat egin zuten udaletxeko langileek garbi zezaten; ondoren, bilera bat ere egin zuten alkatearekin; baita beste eskari idatzi bat ere... Dena beharrezkoa den protokoloa betez eta orain arte, pazientzia handiz, esperoan. Alferrik, ordea.
Eta azkenean, pentsatzen hasita, kontua ez al da, bada, izango udalak mantendu nahi izango duela Banksyrena delakoan? Euskal Herriko edozein bazterretan eta Ferrolen baino lehenago egin du, aizue! Hortxe ote zegok/zegon koxka?!