Saskibaloia

Narum CBASK-ek bolada txarretik atera gabe jarraitzen du

Guaixe 2023ko ots. 8a, 11:30
Hamalaugarren jardunaldiak denetatik utzi zuen. CBASK

Bigarren Maila Interautonomikoko taldeak laugarren aldiz galdu zuen jarraian. Bigarren Maila Autonomikoan bide bera egin zuen CBASK Ifuelek, eta Emakumezkoen Lehen Senior Mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak txapelketako lehen fasea bukatu zuen

Nafarroako saskibaloi txapelketetan hamalaugarren jardunaldia jokatu zen otsailaren lehen asteburuan. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan Narum CBASK taldearen boladatxo txarrak ez zuen etenik izan eta talde altsasuarrak 67 eta 80 galdu zuen Berriozarko Humiclima talde beteranoaren kontra, sailkapeneko bosgarren postua jokoan zutela. Laugarren porrota dute jarraian altsasuarrek eta sailkapenean seigarren postura jaitsi dira (20 puntu). Navasket taldea da liderra (26 puntu). Otsailaren 12an sailkapenean hirugarren den ENERParking Basket Navarra taldea izango du aurkari Narum CBASK-ek, 11:00etan, Arrosadia kiroldegian. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan CBASK Ifuel taldeak urte hasieratik zuen hiru garaipen jarraituaren bolada onari agur esan zion Mendillorri Egués talderen kontra partida oso lehiatuan 54 eta 66 galdu eta gero. Hala ere, sailkapeneko bosgarren postuari eutsi dio talde altsasuarrak (22 puntu) eta Selco Electrónica taldeak jarraitzen du lider (26 puntu). Asteburuan jokatuko den hamabosgarren jardunaldiko partida aurretik jokatu zuen CBASK Ifuelek eta 55 eta 68 irabazi zion Noain taldeari. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan lehen faseko azken partida jokatu zuen CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak eta bihotzekoa emateko moduko partidan azkenean altsasuarrak gailendu ziren, 73 ea 70, Burlada A liderraren kontra, garaipen garrantzitsua. Lehen faseko sailkapenean Burlada A izan da liderra (26 puntu) eta CBASK Xabi Gorritz Tattoos bosgarren sailkatu da (21 puntu), talde altsasuarraren debuterako lan ona. Otsailaren 17tik aurrera sailkapen faseari ekingo zaio Emakumezkoen Lehen Senior Mailan eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak 9 eta 15 postuen arteko sailkapen fasean jokatuko du. Lehen partida Navasket SF´old taldearen kontra jokatuko dute altsasuarrek, otsailaren 19an, 16:00etan, Teresianen kiroldegian.