Jubilatu elkarteak portxea mustu du

Guaixe 2023ko ots. 16a, 13:30

Gazte txokoaren eta jubilatu elkartearen artean dago azken horren portxea.

Udalak eraiki du jubilatu elkartearen eskaria aintzat hartuz. Atzeko patioan dago eta espazioa jubilatu elkarteak eta ludotekak erabiliko dute. Jubilatu elkartera joateko eta bere jardueratan partzeko gonbidapena egin du elkarteko buruak.

Altsasuko Udalak jubilatu elkartean portxea eraiki du, ludotekaren parean. Beraz, elkarteko taberna edo ekitaldi aretotik hara ateratzeko aukera dago. Estalpeak bere argiteria du. Eraikuntza lanek 21.599,71 euroko aurrekontua izan dute (BEZ kanpo) eta lana finantzatzeko Altsasuko Udalak La Caixaren gizarte ekintzaren 5.000 euroko dirulaguntza izan du. 

Jubilatu elkarteko buru Emilio Boulandier Maizak azaldu duenez, “atzeko patio hori egoera txarrean zegoen. Gauez edozer gauza gerta zitekeen han. Elkartearen aldamenean dagoen gimnasioaren eta gazte txokoaren artean burdin langa bat zegoen. Udalari proposatu genion langa hori gure eraikin pareraino atzeratzea eta portxea egitea”. Duela urte eta erdi inguru jo zuen elkarteak udalera. Aldean zeramaten teknikari lagun batek egindako proiektua eta aurrekontua. “Halako lanak udalari dagozkiola eta portxeetarako udal araudiak dioena bete behar zela azaldu ziguten, eta udalaren esku utzi genuen guztia”. 

“Horrela, udal eraikinaren egoera hobetzen da eta estalpeak jarduerak egiteko aukera ematen du”. Ludotekako haurrek erabiliko dute, baina jubilatu elkarteko kideek ere. Boulandierrek aurreratu du elkarteko zuzendaritzaren nahia: estalpean adinduek gimnasia egiteko elementuak jartzea, “herriko beste tokietan daudenen parekoak” zehaztu du. 

Elkarteaz
Erkuden kalean dagoen jubilatu elkartea pandemiagatik 2020a eta 2021eko zati bat itxita egon zen. Itxialdi hori baliatu zuten duela 19 urte zabaldutako egoitzan hainbat konponketa egiteko, esaterako, pintatzeko. Ateak atzera zabaldu zituenean edukiera muga 197 pertsonakoa zen eta CO2 neurgailua jarrita zuten. Baita udalak desfibriladorea ere. Pandemia aipatuta, Boulandierrek azaldu duenez, “oraindik nabari da jende dezentek etortzeko erreparoa duela. Edo adinduegiak egin dira. Hona edozein sar daiteke. Berogailua dago eta horrek ere jendea erakartzen du. Bazkariak ere egiten dira, esaterako Santa Agedan edo inauterietan”. 

Jubilatu elkarteak antolatzen dituen jardueretan izena emateko lehentasuna bazkideek dute. 2004an ateak zabaldu zituenean elkarteak 600 bat bazkide zituen, baina gaur egun 400en bueltan daude; “berri pozgarria da joan den urtean 15ek edo 20k izena eman zutela”, argitu du Boulandierrek. Antolatzen dituzten jarduerez galdetuta honakoak zerrendatu ditu: bingoa (astelehen, asteazken eta ostiraletan 18:00etatik 20:00etara), podologia zerbitzua (Nafarroako Gobernuaren laguntza duena eta elkarteak ere ekarpena egiten du), memoria tailerra (lastailetik abendura eta ilbeltzetik martxora 20na ordu), mantentze gimnasia (astean bitan ordu batez), eguneroko karta partidak (6 edo 8), egun bateko bidaiak (09:00etatik 20:30era. Errioxan, Erriberan, Zumaian, Donostian, Burgosen egon dira besteak beste) eta bidaia luzeagoak (Extremadura, Portugal, Valentzia...). “Eguneko bidaietarako autobusa atera ahal izateko gutxienez 30-35 pertsona nahi izaten ditugu, bestela ez da ateratzen. Elkarteen arteko karta txapelketak ere jokatu izan dituzte aurreko urteetan.  

Ospakizunak ere badituzte: klubaren eguna agorrilean, elkartea mustu zen egunarekin, eta bazkide eguna kultur astearekin ospatzen dutena lastailean. Hitzaldiez aparte, adinduei eta urrezko eta diamantezko ezteiak egiten dituztenak omentzen dituzte. “Jendeak bultzatu eta eskatzen badu, zuzendaritza jarduerak antolatzeko prest dago”. Horiek guztiak aurrera ateratzeko eta eraikinaren gastuak eta ezustekoak ordaintzeko urtero 50.000 euroko aurrekontua dute, bazkideen kuotekin eta erakundeen dirulaguntzekin estaltzen dute. Zuzendaritzan hainbat asmo dituzte. Haien artean dago “zuzendaritza pixkanaka berritzea. Zahartzen ari gara. Jendeak pausoa eman behar du eta ardurak hartu”. Bitartean, Boulandierrek elkartera joateko deia egin du, “denona baita”.