Sortuk "torturatuen ahotsa entzutea" eskatu du

Guaixe 2023ko ots. 14a, 11:42

Torturaren salaketa udaletxe parean egin zuten.

Torturaren aurkako egunean elkarretaratzea egin du eta tortura praktika salatu eta desagarrarazteko antolatzeko deia egin du alderdiak.

Torturaren ondorioz Joxe Arregi hil zela 42 urte bete ziren atzo eta, Sakanako Sortuk deituta, tortura salatzeko kontzentrazioa egin zen Altsasun. 60 pertsona baino gehiago elkartu ziren eta ibarrean, gutxienez, 149 tortura kasu egiaztatuta daudela gogorarazi zuten. Gaineratu zutenez, "tamalez, oraindik ere, gehiago izanen dira ziurrenik". Sortuko kideen iritziz, "zifra horrek gure herriak askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatzeagatik jasandako sufrimendua gordetzen du". Bestetik, Sortutik Nafarroako Gobernuari dei egin zioten Euskal Kriminologia Institutuak egindako ikerketa "bururaino eraman" dezala, "gure ibarrean eman den errealitatearen ikerketa egin dezan". 

Sortutik adierazi zutenez, "benetako erreparazioa eman dadin, tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu beharra dago. Bake prozesu integral bat bulkatu behar dugu, urte luzez modu kontzientean estali diren egoerak ikusaraziz eta aitortuz, ez errepikatzea berma dadin". Ezker abertzaleko alderditik nabarmendu zutenez, "egia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ez dira zerutik etorriko, borrokatu egin beharko ditugu. Horretarako, antolatzea ezinbestekoa da". 

Torturatuen agerraldia 
Egiari Zor fundazioak eta tortura pairatu duten makina bat pertsonek agerraldia egin zuten Donostiako Intxaurrondo auzoan larunbatean. Gogorarazi zuten Euskal Herrian 5.379 tortura kasu baieztatu dituztela datu ofizialek. Torturatuek instituzioei torturaren errealitatea argira ateratzeko eskatu zieten. Horrekin batera, "torturatuon aitortza eta erreparazio sozial, politiko eta instituzionalaren bidean sakontzeko konpromiso eta ekimen irmoak" eskatu zituzten. Jakinarazi zutenez, torturaren errealitatea herritarrei hurbiltzeko Karpeta urdinak dokumentalaren proiekzioak antolatuko dituzte.