Udalak etxerako egurraren loteak eskatzeko epea zabaldu du

Guaixe 2023ko ots. 22a, 11:18

Baso aprobetxamendua. ARTXIBOA

Eskaerak 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez egin behar dira.

Etxea egurrarekin berotzen duten altsasuarrek dagoeneko udalari egur lotea eskatzeko aukera dute. Epea martxoaren 6an bukatuko da. Udalak jakinarazi duenez, familia unitate bakoitzeko eskaera bat onartuko du. Eskaerak berrikusi ondoren, baldintzak betetzen dituztenen kopurua zein den jakinda, hura adina egur sorta markatuko ditu udalak, baina, gehienez ere, 150 lote izanen dira. Horiek 3.000 kilo inguru izanen dituzte, eta horietakoren bat eskuratzeagatik 20 euro ordaindu beharko da. 

Lote gehienak Baztarrotza dermioan daude. Udalak loteak markatu ondoren, baldintzak betetzen dituztenei, tasa ordaintzeko eskatuko die. Loteen zozketa ordaindu dutenen artean egingo da. Zozketa ekitaldi itxia izanen dela aurreratu du udalak. Ordainketa egiten dutenei posta elektronikoz bidaliko zaie esleitutako lotearen dokumentazioa. 

Eskatzaileek hainbat baldintza bete beharko dituzte egur lotea eskatzeko: adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea; biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatuta egotea 3 urteko antzinatasunarekin; Altsasun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea; Altsasuko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea; Zehatua ez izatea ordenantza ez betetzeagatik, aprobetxamendu eskubidea galduz eta, azkenik, urte berean eroritako zuhaitzik eskuratuta ez izatea.