'Egunkaria', inoiz ez isildua

Guaixe 2023ko ots. 20a, 11:15

Euskaldunon Egunkaria-ren aldeko elkarretaratzea Altsasun. ARTXIBOA

2003ko otsailaren 20an 'Euskaldunon Egunkaria' hedabidearen bulegoetan sartu eta euskarazko hedabidea itxi zuten. Alberto Barandiaran kazetari altsasuarrak lehenengo pertsonan bizi izan zuen. Gerora, 'Berria' sortu zuten.

Gaur irekiko ditu ateak Durangoko 25. Azokak zioen Euskaldunon Egunkaria-ren lehenengo alearen azalak. 1990eko abenduaren 6a zen. Egunkaria Sortzen taldeak lan handia egin zuen euskarazko lehenengo egunkaria aurrera ateratzeko. 2003ko otsailaren 20ra arte. Egun horretan, goizaldean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria kazetaren itxiera agindu zuen, ETArekin kolaboratzea egotzita. Hedabidearen zuzendari taldeko kideak atxilotu, torturatu eta espetxeratu zituzten. Zazpi urte beranduago terrorismo deliturik ez zegoela erabaki eta auzipetuak absolbitu zituen. Itxieraren hurrengo egunean Egunero deitutako hedabidea sortu zuten eta, ondoren, zenbait hilabete beranduago Berria.

Lehenengo euskarazko egunkaria, egia esan, 1937an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak: Egunero. Hilabete gutxi batzuk iraun zituen Espainiako Gerraren ondorioz bertan behera geratu zelako proiektua. Ordutik, ez zegoen euskaraz egunero publikatzen zen prentsarik, 1989an euskal gizarte eta kulturgintzako hainbat kide elkartu zirenean eta euskarazko egunkari bat beharrezkoa zela pentsatu zuten arte. Egunkaria proiektuaren lehenengo urratsak ziren, eta gauzatzeko Egunkaria Sortzen Taldea sortu zuten. Proiektuak aurrera egiteko, eta dirulaguntza eta administrazioaren laguntzaren aurrean, 1990eko apiriletik uztailera kanpaina handia egin zuten. Euskaldunon Egunkaria gertu zegoen. Lan handia egin ondoren urtea amaitzera zegoela kaleratu zuten lehenengo alea, 32 orrirekin.

Itxiera
Alberto Barandiaran Amillano altsasuarrak proiektuaren sorreratik lan egin zuen Euskaldunon Egunkaria-n. Egunkarian eta Berria-n hogei urtez lan egin zuen eta Iruñeko delegaritzako burua zen Barandiaran 2003an itxi zutenean. 1990ko hamarkadaren hasieran egunkari bat egitea "oso desberdina" zela esan du Barandiaranek. Dena "eskulana" zen; artisautza. Idatzitakoa fisikoki bidaltzen zuten eta maketazioa ere eskuz egiten zen. Ordenagailu "antzeko" bat zuten bulegoan. Argazkiak errebelatu eta bidali behar zituzten ere. Pixkanaka teknologia berriekin lan egiteko modua aldatuz joan zen: "Helburua ez da aldatu, kazetaritzaren helburua ez da aldatu: informatzea. Baina lan egiteko modua asko aldatu da".

2003ko otsailaren 20an, 04:00etan, Guardia Zibila Barandiaranen bila joan zen, etxera

2003ko otsailaren 20ko 4:00etan etxera deitu zioten. Guardia Zibila zen, kalez jantzita. "Bulegoa miatu behar zutela esan zidaten eta atea ireki behar niela". Ezetz esatea ere pentsatu zuen, baina hala ere miatuko zutela pentsatuta, "ez dakit ongi ala gaizki egin nuen, baina bulegora joan ginen". Lau orduz aritu ziren bulego guztia miatzen. Tarte horretan Barandiaran "inkomunikatuta" egon zen, ez zekien zer gertatzen ari zen. "08:00ak aldera bukatu zutenean deitzeko aukera izan nuen eta orduan jakin nuen beste delegaritzatan berdina gertatu zela, miatu zituztela eta atxilotuak izan zirela". Miaketan kalez jantzitako eta uniformedun guardia zibilak zeudela gogoratu du altsasuarrak. Atxilotuta ote zegoen galdetu zuen ere altsasuarrak.


Alberto Barandiaran Egunkaria aurreraren ekimen batean. ARTXIBOA

Bulegoa goitik behera miatu zuten. Garai horretan informazioa karpetetan gordetzen zuten eta Barandiaranek gogoan du garaiko Nafarroako Gobernuko kide zen Rafael Gurrea politikariaren karpeta hartu zutela eta zerbait oso garrantzitsua topatu balute bezala aritu ziren. "Esan nien hedabide bat ginela, kazetariak ginela, eta informazio hori izatea normala zela".

Biharamuna
Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren operazioan hamar kide atxilotu zituzten, Egunkariaren administrazio eta zuzendaritza kide zirenak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomila. Bost egun inkomunikatuta egon ondoren Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzea agindu zuen epaileak. Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituen, bermea ordainduta. Zubiriari 72 orduz luzatu zion inkomunikazioa. Torturatuak izan ziren, "gerora ondorioak izan dituztela".

Ondoren, urrian, Martin Ugalde Kultur Parkearen eta Egunkariaren enpresa taldearen aurkako operazioan, Del Olmo epaileak gidatuta ere, beste zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra. Denak inkomunikatuta izan zituzten, eta egunetara bermerik ordaindu gabe edo hamabina mila euro ordainduta libre gelditu ziren.

Barandiaranek esan duenez, Iruñeko delegaritzan ez zuten aurretik ezer nabaritu; "ez genuen espero". Gerora jakin zuten Otamendik bere atzetik zebiltzatela susmoa zuela. "Baina guk ez".

Egunkaria itxi eta hurrengo egunean 'Egunero' kaleratu zuten; 70.000 ale saldu ziren

Hurrengo egunak oso mugituak izan ziren euskarazko egunkariaren kazetari eta langileendako. Euskaldunon Egunkaria itxi eta hurrengo egunean, 2003ko otsailaren 21ean, Itxita baina inoiz ez isildua lerroburuarekin Egunero deitutako kazeta publikatu zuten. "24 orduz lo egin gabe egon nintzen. Hurrengo egunean Egunero publikatu behar genuen eta Diario de Noticias de Navarrako inprentan egin behar genuen. Bertan egoteko eskatu zidaten". Guardia Zibila publikazioa kontrolatzen egon zen ere. Baina kaleratzea lortu zuten eta egun horretan 70.000 ale saldu zituzten. Egunero-k Berria atera arte iraun zuen. Berria-ren lehenengo alea 2003ko ekainaren 21ean kaleratu zuten.

Elkartasuna

Lehenengo momentutik elkartasuna eta babaesa oso handia izan zen

Egunkaria itxi zuten lehen momentutik elkartasun eta babes handia nabaritu zutela esan du Barandiaranek. Hurrengo egunean elkarretaratzeak deitu zituzten toki askotan, tartean, Iruñeko delegaritzaren aurreko plazan. "Elkartasun horri esker, jende horri esker, lortu genuen Egunero publikatzea eta, ondoren, Berria. Beharrezkoa zen". Elkarretaratzeak, manifestazioak, ekimenak, jarduerak... Sakanan ere Egunkaria itxi eta hurrengo hilabetetan izan ziren euskarazko hedabidearen aldeko ekimenak. Elkartasuna adierazteko ere Barandiarani 2003ko Altsasuko festetako txupinazoa botatzea eskaini zion Aralar alderdiak, herritar bati aukera ematen zioten lehenengo aldia.


Sakanan ere Egunkariaren aldeko ekimen asko egin ziren. ARTXIBOA

Espainiako Auzitegi Nazionala
Iñaki Uria izan zen 2004ko abuztuan aske geratzen azken. Urte berean, auzipetze autoa kaleratu zuen Del Olmok eta Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga eta Alegria auzipetu zituen. Helegiteak aurkeztu zituzten. Urteak pasatzen joan ziren eta Egunkaria Auzia ixteko artxibatzeko eskatzen zuten ahotsak entzuten hasi ziren Europako Legebiltzarrean, Espainiako legebiltzarrean eta senatuan, baita Eusko Legebiltzarrean ere. 2006. urtearen amaieran Egunkaria ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela onartuta, auzia ixteko eskatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Angel Carballo fiskalak. Baina 2007an hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituen Del Olmok, auzi ekonomikoa berpiztuz eta Egunkaria auzian, itxierari buruz epaitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. Ondoren, auzi ekonomikoa ere Auzitegi Nazionalean egitea erabaki zuten.

2009ko ekainaren 23an egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean Euskaldunon Egunkaria-ren itxierari buruzko azkeneko auzi saioa. Carballo fiskalak auzia behin betiko ixteko eskaera egin zuen, baita Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua defentsa abokatuek ere. Aldiz, AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek epaiketa egiteko eskatu zuten; eta horrela egitea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak. Egunkaria auziak aurrera egin zuen. Bost auzipetu izan ziren: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi eta Oleaga.

Epaiketak 2010. urte hasierara arte iraun zuen. Fiskalak ez zuen auzipetuen aurkako zigorrik eskatu eta auzibidea artxibatzeko eskaera egin zuen, deliturik ikusten ez zuela argudiatuta. Herri akusazioek 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin zituzten.

Apirilaren 12an eman zuten epaia: Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismo deliturik izan ez zela erabaki eta auzipetuak absolbitu zituen. Barandiaranek esan duenez, jakina zen zer gertatuko zen, baina itxiera, torturak, epaiketa... Urte luzeak izan ziren, "berandu zen".

Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren gau hartatik hogei urte pasa dira eta Barandiaranek esan duenez "gertatutakoa beti oroitzen duzu". Hala ere, denboraren poderioz efemeridea ahaztu duela aitortu du: "Gogoratzen zara, baina egia esan ez nekien hogei urte egiten zituenik eta data orain zenik".


Egunkariaren aldeko ekitaldi bat Altsasun. ARTXIBOA