Saskibaloia

CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bigarren faseari ekin dio

Guaixe 2023ko ots. 23a, 10:45

CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldekoak, entrenatzen.

Emakumezkoen Lehen Senior Mailako taldeak ezin izan zuen fase berria garaipenarekin mustu. Maila Interautonomikoko eta Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoko taldeek euren partidak atzeratu zituzten

Asteburuan hamaseigarren jardunaldia jokatu zen Nafarroako saskibaloi txapelketa ezberdinetan. 

Bigarren Maila Interautonomikoan Narum CBASK taldeak eta Valle de Egüesek jokatu beharreko partida martxoaren 19ra atzeratzea erabaki zuten. Sailkapenean Navasket taldeak jarraitzen du lider (30 puntu) eta Narum CBASK zazpigarren da (21 puntu), jokatu gabeko bi partidekin. Otsailaren 26an, igandearekin, talde altsasuarrak sailkapenean bigarren den eta lidergoa lortzeko borrokan sartua dagoen Logrobasket izango du aurkari, 12:00etan, Logroñon jokatuko den partidan. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Autonomikoan CBASK Ifuel taldeak Berriozarren kontra Iruñerrian jokatu beharreko partida martxoaren 6ra atzeratzera erabaki zuten bi taldeek, Berriozarren ihoteak baitziren. Valle de Egües C taldea da liderra (29 puntu) eta CBASK Ifuel bosgarren da (24 puntu), jokatutako partida bat gutxiagorekin. Otsailaren 25ean, larunbata, 16:00etan, CBASK Ifuelek sailkapenean hamargarren den Lagunak taldea hartuko du Zelandin. 

Emakumezkoen Lehen Senior Mailan bigarren faseari ekin zion CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak. Bigarren fase honetan 9 eta 15 postuen arteko sailkapen fasean lehiatzen ari dira altsasuarrak. Lehen partida Navasket SF´old taldearen kontra jokatu zuten altsasuarrek, eta lehia oso estuan, azkenean Navasket SF´old taldea gailendu zen, 8 punturen aldearengatik (64 eta 56). Sailkapenean lehen fasean egindakoa kontuan hartzen denez, CBASK Xabi Gorriz Tattos taldea da 9 eta 15 postuen arteko liderra (13 puntu). Bigarren jardunaldian talde altsasuarrari atseden jardunaldia dagokio.