Espazio publikoan terrazak jartzeko ordenantzan aldaketak eginen dira

Guaixe 2023ko ots. 27a, 11:41

Altsasuarrak terraza batean. ARTXIBOA

Urte guztirako baimen bakarra izanen da eta indarrean dagoen zergak segituko du.

Altsasuko Udalak lurzoru publikoan eta erabilera publikoko espazio pribatuetan terrazak eta beladoreak jartzea arautzen duen ordenantzaren aldaketa egin nahi du. Legediari jarraituz, aldez aurretiko kontsulta publikoa eginen du. Udalak jakinarazi duenez, “aldaketaren helburua ostalaritzako establezimendu batek terraza bat jarri ahal izateko epe bakarra urtebeteko epea izatea da, hau da, ilbeltzaren 1etik abenduaren 31ra”. Izan ere, indarrean den araudiaren arabera, establezimendu horietako terrazak urte guztirako edo udako denboraldirako (maiatzaren 1etik lastailaren 31ra) baimendu zitezkeen. 

Udaletik azaldu dutenez, “bereziki COVID-19 gaitzak 2020. eta 2021. urteetan eragindako pandemian ostalaritza jarduerari aplikatutako murrizketen harira terraza horien erabilera handitu denez, terrazen bitartez egindako eremu publikoaren okupazioak batzuetan gainditu egin du establezimendu bakoitzari baimendutako denbora. Horrek udal araudi fiskala ez errespetatzea ere ekarri izan du”. 

Ondorioz, Altsasuko Udalak ostalaritzako establezimenduei terraza jartzea baimentzeko bi epe eskaini beharrean urte guztia hartzen duen epe bakarra eskainiko die. Epe bakarra izateak ez du ordaindu beharreko zerga handitzea ekarriko. Aurtengo tasa metro karratuko 21,85 eurokoa izanen da. Horrekin batera, mantendu egiten da terraza horietan berogailuak jartzeko baimena zazpi hilabetekoa izatea, lastailaren 15etik maiatzaren 15a arte.

Altsasuko Udalak martxan jarritako aldez aurretiko kontsulta publikoaren bidez, herritarren iritzia jaso nahi du ekimenarekin konpondu nahi diren arazoen inguruan, haren behar eta egokitasunaz, helburuez, eta balizko konponbide alternatiboez. Prozedura 2023ko martxoaren 21era arte irekita egonen da. Ordenantza Altsasuko Udaleko webgunean dago.