Aurretik izandako buru gaitasunen bat (hizkuntza, oroimena, adimena, arrazoibidea...) galtzean sortzen da dementzia. Gaitz sorta bat dira, baina guztiek, pixkanaka eta atzera bueltarik gabe, pertsona gaixoarengan eragiten dute, erabateko menpekotasunean utzi arte. Ez dute sendabiderik. Dementzien artean ezagunenak Alzheimerra eta dementzia baskularrak daude. Gaitz horiek gaixoaz aparte, bere senideei ere eragiten diete.
Nafarroako Alzheimer eta beste dementzia batzuk dituzten gaixoen senideen elkartea da Afan. Irabazi asmorik gabeko elkartea da eta Nafarroako Gobernuak osasun zentro gisa kreditatu du. Bere zerbitzu kartan, Afanek honakoak jasotzen ditu: harrera eta informazioa, psikologia arreta, aholkularitza (banakakoa, familiendako, legeen ingurukoa...) laguntza taldeak, prestakuntza ikastaroak, borondatezko lana, oinarrizko erizaintza arreta, sentsibilizazioa eta informazioa eta laguntza teknikoko zerbitzua.
Sakana
Alba Mozun Martin Afaneko osasun psikologoa eta Altsasu eskualdeko arduraduna da. Berak azaldu duenez, Afanek Sakanako familiak artatzen hainbat urte darama, "baina joan den urtetik zerbitzuak zabaldu nahi ditugu ibarrean; Iruñean orain ditugun zerbitzu guztiak Altsasura ekarri nahi ditugu. Gehiagotan etorri nahi dugu, presenteago egon nahi dugu". Afanek bere jarduera hiriburutik atera ahal izateko pertsona bat kontratatu du. Beste baliabide eta erakundeekin elkarlanean aritzeak errazten du haiek edozein egunetan etorri ahal izatea; "gela bat uztea nahikoa da". Mozunek gaztigatu duenez, "guri hots egin eta dauzkaten premiei egokituko gara".
Elkartearen baliabideen erabileraren onurak dira: "gaitzaren inguruko informazioa jasotzea. Diagnostikoa jaso ondoren jakiten ez diren makina bat kontu daude. Pitteka ikasten joaten laguntzen dugu, edo sortzen diren zalantzak argitzen". Mozunek azaldu duenez, "gaixoaren familiaren bizitza guztiz aldatzen da eta elkarteak gaixotasunak irauten duen bitartean, akonpainamendua egiten du: diagnosiaren garaian, hura ulertzeko; gaitza ezagutzen joan; emozio sostengua; lege aholkularitza; gaitza aurrera egitean agurtzen hastea... Badaude zaintza lanak egiten ari ez diren pertsonak, oraindik ere, elkartearen baliabideak erabiltzen dituztenak".
Afanek osasun etxeetan utzi ditu bere berri ematen duten euskarriak. Bestalde, Mozun Burunda mendebaldeko osasun eremuko zuzendaritzarekin, Sakanako Mankomunitateko presidente David Oroz Alonsorekin eta, Sakanako Garapen Agentziako ordezkariekin bildu zen ilbeltzaren 17an. "Atzera ere, informazioa eman diegu, pandemiarekin guztia gelditu izan balitz bezala izan da: hitzaldietara eta prestakuntzetara jende gutxi joaten da, sostengu taldea ez aurrera ez atzera dabil... Jendea informatzeko asmoz egin genuen elkarrizketa erronda hori", azaldu du Jokin Zelaia Oiarbidek, Afaneko kideak.
Laguntza taldea
Mozunek argitu duenez, "edozein dementziak gaixotutako pertsona baten senideak parte har dezake laguntza taldean, gaixotasunaren fasea edozein dela ere". Osasun psikologoak gaztigatu duenez, "aurretik Afan elkartearekin harremanetan jarri behar da jakiteko haiendako zein den baliabide egokiena. Familia, haren beharrak, gaixoaren diagnosia ezagutzeko hitzordua jarri eta elkarrizketatu eginen dugu. Haien egoera baloratuko dugu, zer baliabide nahi duten edo behar duten jakiteko. Ez da gauza bera dementzia bat edo bestea izatea. Ez da gauza bera gaitza aurreratuta edo hasieran egotea".
Horren arabera, Afanek hainbat baliabide eskaintzen dituela jakinarazi du osasun psikologoak: "aholkularitza, banakako arreta, sostengu taldea edo eskaerari erantzunez. Batzuek elkartearen baliabideak hilean behin erabiltzen dituzte, beste batzuk premia handiagoa dagoenean edo egoera aldatzen denean... Familia bakoitzaren profilera egokitzen goaz".
Hilabeteko hirugarren astelehenean elkartzen da sostengu taldea Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan, garil eta agorrilean izan ezik. "Kasu bakoitza desberdina da. Baina zure antzeko egoera bizi duen pertsona bat da zu ulertua sentiaraziko dizuna. Pertsona hori da horretarako egokiena. Askotan taldeetan ikusten duguna da: ‘hori ere pasatzen zaizu zuri? Ez naiz hain gaizki sentitzen!’ Lasaitze txiki bat dago, akonpainamendua", azaldu du Mozunek. Gaineratu duenez, herrietako sostengu taldeen beste onura bat da "kalean topatzea. Horrek ere lagun dezake".
Zelaiak 11 urte egin zituen ama zaintzen, eta aurten bi urte eginen du hil zela. "Josefina Arregi klinikan diagnosia eman ziguten. Alzehimerrak jota zegoen ama, eta berarekin nuen harremana kudeatzeko nuen baliabide bakarra Afan elkartea izan da. Duela 7 urte hasi nintzen sostengu taldeetara joaten. Horrek lagundu zidan amarekin nuen harremana kudeatzen. Baita ni ongi egoten ikasteko, emozioak kudeatzeko. Gainera, gaitza eta bere faseak ezagutzeko balio izan dit taldeak".
Zelaiak aitortu duenez, berarendako sostengu taldea izan da "laguntza, babesa, informazioa, ikasketa". Gaineratu duenez, "sostengu taldea espazio pribatu bat da, zeure burua azaltzeko balio duena, konfiantza izateko eta hustu ahal izateko. Husteko eta sostengurako terapia talde bat da". Beste aspektu bat gaineratu nahi izan du Zelaiak: elkarteak ematen duen lege aholkularitza: "uneren batean notarioarengana joan behar badut, zer egin behar dut? Edo noiz. Halako egoerak argitzeko informazioa ematen du Afanek".
Proiektua
Ceafak (Alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten pertsonen senideen elkarteen Espainiako kondefederazioak) landa eremuetara prestakuntza eramateko proiektua landu du, "joan den urtetik genuen gure ildo berean ari da Ceafa". Cinfa enpresak horretarako dirulaguntza eman du eta Nafarroan Afan izanen da prestakuntza horien ardura izanen duena. Prestakuntza hartuko duten herrietako bat Altsasu izanen da, "arreta hori, atzera ere, sustatu ahal izateko, eta familiek ezagut gaitzaten". Alzheimerraren gaixotasunari buruzko prestakuntza Altsasuko osasun etxean otsailaren 27an, astelehenarekin, 16:30ean izatekoa zen, baina eguraldiagatik atzeratu egin da. Ordu eta erdian "gaitza ezagutzeko eta gaixoak gobernatzeko beharrezko diren oinarrizko jarraibideak ikasteko aukera izanen da". Mozunek gaztigatu duenez, "halako gaixoren bat duten familiek Afan eta Sakanako bere jarduna ezagutzeko abiapuntua izan daiteke". Saioan parte hartzeko aurretik izena eman behar da. Horretarako, 948 275 252 edo 693 402 175 telefono zenbakietara hots egin edo afan@alzheimernavarra.com helbide elektronikora idatzi daiteke.
Azkenik, Altsasuko Udalak irabazi asmorik gabeko erakundeendako dirulaguntza deialdia egiten du urtero. Joan den urtean Afanek bere burua aurkeztu zuen eta udalak 3.296,39 euroko dirulaguntza eman zion. Horren bidez, laguntza taldearen bilerak, gai jakinen inguruko senideendako hiru prestakuntza saio eta bestelako sentsibilizazio eta zabalkunde hitzaldiak egin zituen Afan-ek joan den urtean.