Aita Barandiaran adinduen egoitzako eta Udal Musika eta Dantza Eskolako patronatuak kontuan izanik, Altsasuko Udalak 9.415.488,7 euroko aurrekontua du aurten; azken hamar urteetako handiena. Eta nahiz eta aurrekontuan ez jaso, udal kirol azpiegituren kudeaketaz arduratzen den Atabo Altsasu SL enpresaren galera eta irabazien aurreikuspena ere egin du. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, “Ukrainako gerraren ondorioz, energia kostuak handitu egin dira eta, horrek, aurrekontuak markatu ditu”.
Altsasuko adinduen egoitzak 1.382.504,48 euroko aurrekontua du aurten. Haietatik udalak 114.136,54 euro jarriko ditu, joan den urtean baino %58,92 gutxiago. Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziak kontzertazio sistema berria ezarri du eta, horregatik, jaitsi da udalak egin beharreko ekarpena. Bestetik, Udal Musika eta Dantza Eskolak 399.983,33 euroko aurrekontua du, haietatik 267.599,34 udalak jarriak. Udalak Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari 398.841,61 euroko ekarpena eginen dio eta Sakanako Mankomunitateari, berriz, 755.400,48 eurokoa.
Aurrekontua bozkatzeko garaian, EH Bilduk abstentziora jo zuen. Koalizioko bozeramaile Javier Paz Miñok azaldu zuenez, “aurrekontu kontinuista da. Epe motzeko aurrekontua da, unekoari begiratzen dio eta ez dago etorkizunera begira beharrezko diren proiektuen aurreikuspenik. Esaterako, energia trantsizioa edota eraginkortasuna”. Pazek gaineratu zuenez, “aurrekontuan ez dute zergatik jasoak egon inbertsio guztiak, baina proiektuak gauzatzeko oinarriak jarri daitezke, inbertsio horiek egiteko. Aurreikuspena izateko, lasai ibiltzeko eta altsasuarrek parte hartzeko aukera izan dezaten. Eta ez ibiltzea aurrekontu aldaketekin korrika eta presaka, dirulaguntza deialdi bat dagoelako”.
Javier Ollo Martinez alkateak erantzun zuenez, “diruzaintzako gerakinarekin, aurrekontu aldaketen bidez, udalak gauza asko egin ditzake”. Joan zen urtean 40 bat aldaketa egin zituztela azaldu zuen. Alkateak gaztigatu zuenez, aurreko urteetan ez bezala, aurtengo aurrekontuetan “gasaren prezioen igoera dela-eta Atabo enpresa publikoari egin beharreko ekarpena jasoa dago. Eta Sakanako Mankomunitateari ordaindu beharrekoa, joan den urtean igo zena. Hainbat faktore kontuan izanda, aurrekontua koadratzea edo egunerokoak ez diren kontuak sartzea, ez da erraza. Eta, eskerrak, gobernuaren ekarpenari, bestela arazoak izango genituzke”.
Emendakinak
Aurrekontuari bi taldeek bina emendakin aurkeztu zizkioten eta laurak onartu ziren. EH Bilduk bi egin zituen. Batetik, Haize Berriak bandarekin dagoen hitzarmeneko diru kopurua eguneratzea eta, bestetik, plantilla organikoan hutsik dagoen basozain lanpostua betetzea proposatu zuen. Izan ere, EH Bilduren ustez, “dugun basoa ikusita, pertsona bakarrarendako gehiegizko lana da”.
Geroa Baik, bestetik, aurrekontu zirriborroa egin ondoren, Nafarroako Gobernuak haur eskoletako langileendako soldata osagarrien berri eman zuen eta, horregatik, 22.594,3 eurotan handitu zuen aurrekontua. Horri oniritzia eman zion udalak. Azkenik, udaleko lanpostuen ebaluazio globala egitea erabaki zuen udalak. Ollok azaldu zuenez, “soldata osagarriak haur eskolako langileei bakarrik ez ezartzeko, eta beste langile batzuk halakoak eskatu dituztenez, banaka negoziatu beharrean, ebaluazioa eginen dugu, jakiteko lanpostu bakoitzari zer dagokion”. 9.500 euro bideratuko ditu horretarako udalak.
Plantilla organikoa
Ollok jakinarazi zuenez, zerrendatik bi lanpostu kendu dira: arkitektoa eta kultura laguntzailea. “Biak sekula ez dute aurrekonturik izan eta ez dira bete”. Emendakin bidez onartutakoari jarraituz, basoaz arduratzeko hutsik dagoen lanpostuari soldata jarri dio udalak. Beste berritasuna da Txirinbulo haur eskolako langileak udalaren lan hitzarmenaren barruan sartu direla; hezitzaileek C maila eta garbitzaileek E maila dute ikasturte hasieratik. Aldi berean, haien osagarriak ere jaso ditu aurrekontuak. Bestalde, langile guztien soldata %2,5 igo da. Geroa Bairen aldeko eta EH Bilduren kontrako botoekin onartu zen plantilla. Pazek azaldu zuenez, “plantilla organikoan euskararen ezagutza betekizuna kendu zen. Horrekin ez gaude ados eta administrazioa euskaldundu nahi badugu beharrezkoa da. Lanpostuaren arabera maila bat edo bestea eskatu behar da. Salbuespena izan daitezke Nafar Lansareren dirulaguntza bidez aldi baterako eginen diren kontratazioak”.
Diru sarrerak
Altsasuko Udalak tasak %2 igo zituen joan den urtean; aurten, berriz, bere horretan uztea erabaki du. Udalak zerga zuzenen bidez 2.061.400 euro jasotzea aurreikusi du. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergaren bidez, 194.000 euro eskuratzea aurreikusi du. Tasa, prezio publiko, trafiko isun eta antzeko kontzeptuengatiko diru sarreren aurreikuspena 882.549,77 eurokoa da.
Transferentzia arruntetatik datozen diru-sarreren aurreikuspena 3.593.860,57 eurokoa da. “Nafarroako Gobernuaren Toki Ogasunen Funtsetik datozen diru-sarrerak nabarmentzen dira, 2.944.000 euro dira, joan den urtean baino %12,2 gehiago”, azpimarratu du alkateak. Kopuru horretan sartu dira udalak urtero jasotzen dituen beste dirulaguntza batzuk ere: etxerik gabeko pertsonentzako aterpe zerbitzuagatik jasotzen dituen dirulaguntza arruntak, udalaren haur eskola, kirol eta gazte jarduerak, Indarkeriaren Aurkako Itunetik datorren Estatuaren ekarpena, Euskarabidea, eta abar.
Basoaprobetxamenduagatiko diru-sarreren aurreikuspena 104.644 eurokoa da. Horrekin batera, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 45.000,00 euroko dirulaguntza emango du, zortzi langaberen kontratazioaren zati bat ordaintzeko. Zortziak sei hilabetez ariko dira udalarendako lanean. Bestetik, Geroa Baik aurkeztutako mozioaren bidez Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuetan 400.000 euro daude tenis pista bat egiteko eta Dantzalekuko futbol-zelaiko belarra eta argiztapena berritzeko.
Zelandi eskolako argindar instalazioaren erreformaren bigarren fasea egiteko 84.907,29 euroko dirulaguntza jasoko duela aurreikusi du udalak, inbertsioaren %65. Bestetik, 2023ko Tokiko Inbertsioen Planaren Erabilera Askerako Funtseko 95.436 euroak Otadiako sektoreko euri urak eta ur beltzak bereizteko obra egiteko erabiliko da. Azkenik, San Pedro A-2 Taldean dagoen Udalaren jabetzako higiezina enkante publikoan saltzeagatik 48.011,88 euroko diru sarrerak aurreikusi ditu, eta Otadiako hiri orubearen salmentagatik, 14.656,93 euro.
Inbertsioak
- Futbol zelaiko belardia eta argiteria berritzeko 253.590 euro.
- Tenis pistaren eraikuntza 146.410 euro.
- Kirol eskolekin hitzarmenak 136.895 euro.
- Zelandi eskolako argindar instalazioaren erreformaren bigarren fasea 130.626,6 euro.
- Otadiako ur beltzak eta euri uren sareak bereizteko 95.436 euro.
- Festetarako 87.000 euro.
- Kultur jardueretarako 77.000 euro.
- Etxegabeen aterpearen kudeaketa 34.000 euro.
- Herriko sarbideak eta San Joango oinezkoen pasarela berritzeko 30.000 euro.
- Ospakizunak 30.000 euro.
- Klinikaren eguneko zentroa handitzeko 22.323 euro.
- Gazteria batzordearen jarduerak 22.000 euro.
- Kirol entitate eta klubendako dirulaguntza 21.000 euro.
- Iortia kulturgunearen inpermeabilizazioa 20.000 euro.
- Hilerrian hobekuntzak egiteko 20.000 euro.
- Ganadu feria 18.000 euro.
- Haize Berriak bandarendako 23.100 euro.
- Kirol batzordearen ekintzak 18.760 euro.
- Kontsumo bonuetarako 15.000 euro.
- Ikastetxeendako dirulaguntza deialdia 15.000 euro.
- Bideen mantentze lanak 15.000 euro.
- Jubilatu elkartearendako 14.000 euro.
- Liburutegiko 1. solairua soinuak eragozteko itxitura 12.000 euro.
- Peñen batzordea 9.000 euro.
- Suteen kontrako plana idazteko 8.000 euro.
- Eraikinak birgaitzeko dirulaguntzak 8.000 euro.
- Irabazi asmorik gabeko erakundeendako dirulaguntza 8.000 euro
- Ferietako gizarte eta kultur jarduerak 7.500 euro.
- Garapenerako kooperazio proiektuendako dirulaguntza 7.000 euro.
- Landareak, tresnak eta lorategiak 7.000 euro.
- Kirol ikuskizunak festetan 6.500 euro.
- Gizarte eta kultur erakundeendako dirulaguntzetarako 6.000 euro.
- Txitulariendako 5.991 euro.
- Euskarari buruzko jarduerak 5.000 euro
- Ekonomia Garapen batzordearen jarduerak 4.000 euro.
- DYArekin kontratua 3.500 euro.
- Basolanen proiektua idazteko 3.100 euro.
- Gurdilazko sarbideak eta itxiturak berritzeko proiektua idazteko 3.100 euro.
- Baso batzordearen jarduerak 3.000 euro.
- Eraikinen birgaitzerako bigarren esku hartze globaleko bigarren plana idazteko 3.000 euro.
- Basorako materiala 3.000 euro.
- Ekintzaileak laguntzeko 3.000 euro.
- Gaitariendako 2.700 euro.