Atletismoa

2.000 korrikalaritik gora espero dira Altsasun

Maider Betelu Ganboa 2023ko ots. 24a, 12:29

Altsasuko Krosa. ARTXIBOA

Otsailaren 25ean Altsasuko 37. Krosa jokatuko da Dantzalekun. Harekin batera Nafarroako Kros Laburra jokatuko da, eta kategoria txikien NKJ-en Banakako Nafarroako Txapelketak.

Otsailaren 25ean, larunbata, korrikalariz beteko dira Dantzaleku eta ingurune zoragarriak. Dantzalekun lehen krosa antolatu zeneko 51. urteurrena ospatzen den honetan, 37. Altsasuko Krosa egongo da jokoan. Lasterketa herrikoiarekin batera, Nafarroako Kros Laburreko Txapelketa jokatuko da eta kategoria txikienen lasterketak Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Banakako Nafarroako Txapelketak izango dira. Guztira 2.100 korrikalari inguru espero dira, Nafarroako Atletismo Federazioak azaldu duenez.

Larunbata, akaso, ez da Altsasun lasterketarik antolatzeko datarik onena, "baina ez zegoen beste aukerarik. Nafarroako Atletismo Federaziotik argi esan ziguten, otsailak 25 edo 26, ez zegoela beste aukerarik Nafarroako Kros Laburreko Txapelketa antolatzeko. Eta larunbatean hiri inauteriak direla kontuan hartuta, okerragoa iruditzen zitzaigun igandea. Beraz, larunbat goizean korrika egingo dute askok, eta ondoren mozorroa jantzi eta ihoteetan murgilduko dira" azaldu du Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko Aitor Mendoza monitoreak. 

18 urtez azpikoak, goiztiarrenak
Kros lasterketak goizter hasiko dira, 10:00etan. 18 urtez azpikoen, 16 urtez azpikoen eta 14 urtez azpikoen lasterketak jokatuko dira lehenik eta behin, NKJ Banakako Nafarroako Txapelketak izango direnak. Ondoren, 11:40an, 37. Altsasuko Kros herrikoia eta Nafarroako Kros Laburreko Txapelketa abiatuko dira Dantzalekuko pistetatik, bi probak aldi berean. "Guri ere arraroa egin zitzaigun federatutakoak eta atleta herrikoiak aldi berean abiatzea, Nafarroako Txapelketa Laburra jokoan dagoenean, baina hala erabaki du federazioak" aitortu du Mendozak. Kroseko espezialista nafar onenak lehiatuko dira eta haiekin batera, atleta herrikoiak. Kros Laburreko Txapelketa denez, 4.550 metro osatuko dituzte. Bukatzeko, 12 eta 10 urtez azpikoen txanda izango da. 

Ibilbidean aldaketak egin dituzte. "Haritz amerikarrak moztu eta atera zituztenean zirkuitua barratuta geratu zen, eta eremu horretatik laburtu dugu zirkuitua. Bi zirkuitu prestatu ditugu: laburra, Usolarraingoa, kategoria txikiko probak hartuko dituena, eta luzea, 1.450 metrokoa, Dantzalekuko goiko futbol zelai zaharretik eta Dameroan sartzen dena, Altsasuko Kroserako". 

2.100 korrikalarien bueltan
Nafarroako Kros Laburreko Txapelketan 95 atleta daude izena emanda, izen ezagunak. Emakumezkoetan Maria Ordoñez, Izaskun Beunza, Sagrario Izquierdo, Leire Estarriaga... eta gizonezkoetan Ayrton Azcue, Alvaro Alduan, Iker Alonso, Israel Arbizu, Eukeni Goikoetxea, Sergio Garcia de Eulate, Ivan Sobredo... NKJ-etako Banakako Kros Txapelketan, berriz, 1.960 korrikalari daude izena emanda, "Nafarroako txoko guztietatik etorrita. Zalantza gehiago dugu Altsasuko Kros herrikoiarekin, baina hala ere, jendea animatuko dela uste dugu. Oraindik aukera badute". Beraz, 2.100 korrikalari inguru bilduko dira Dantzalekun. 

37. Altsasuko Kros herrikoian aurretiazko izena ematea itxita dago, baina probaren egunean bertan, larunbatean izena eman ahal izango da Dantzalekun, lasterketa baino lehen. Prezioa 5 eurokoa da, Dantzaleku Sakana klubeko bazkideek izan ezik. Hauek dohain izango dute parte hartzea. NKJ-etako probetarako eta Nafarroako Txapelketa Laburrerako, aldiz, izena ematea itxita dago. Lasterketa egunerako hotza aurreikusten da, baina bezperako egunekin alderatuta, hobekuntza iragartzen dute.

Dantzalekun 70 neska-mutiko
Aurten 70 haur eta gaztetxo ari dira Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolan trebatzen, kopuru handia. "Oso pozik gaude. Eskola ederra dugu aurten. Horietatik 42 neska-mutikok eman dute izena larunbatean Altsasun NKJ-etako Banakako Kros Txapelketan aritzeko, eta zenbaki oso ona da hori" dio Aitor Mendozak. Fermin Azkargorta da Dantzaleku Atletismo Eskolako koordinatzailea eta monitore lanetan aritzen da, Aitor Mendozarekin eta Ekhi Olabiderekin batera.

Aurten eskolak ongi antolatu dituztela aipatu du Mendozak. Hiru diziplinak lantzen dituzte: jaurtiketak (diskoa, xabalina, pisua, vortex...), pista (harresi lasterketa, luzera saltoa, erreleboak, serieak...) eta krosa. "Monitore bakoitzak kategoria bat hartzen du eurekin lan egiteko, baina gero kategoria hori beste bi monitoreen eskuetatik pasatzen da. Hau da, hiru monitoreek kategoria guztiekin lan egiten bukatzen dugu, eta oso positiboa ari da izaten". 

Aurreko larunbatean NKJ-en Kluben Arteko Txapelketa jokatu zen Lizarran. Sakanako hainbat herritan inauteriak zirenez, atleta sakandarren parte hartzean izugarri nabaritu zen. "Sakanako herri askotako korrikalariek huts egin zuten, normala zenez. Nafarroako Kluben Arteko Txapelketan gutxienez talde bakoitzeko lau korrikalarik hartu behar zuten parte kategoria bakoitzean puntuatu ahal izateko. Soilik 10 urtez azpiko mutilen kategorian puntuatu ahal izan genuen. Laugarren sailkatu ginen Dantzalekukoak, oso ongi. Gainontzeko kategorietan ere gure korrikalariak lehiatu ziren, eta oso ongi gainera, baina ezin izan zuten puntuatu". 

Dominak lortzeko aukera
Altsasuko NKJ-en Banakako Kros Txapelketarako aurreikuspen positiboa du Mendozak. "Ziur gure neska-mutikoak ongi ariko direla. Dantzalekurekin 42 korrikalari aritzea, jada, lorpen handia da. Eta nik uste dut dominaren bat lortzeko aukera izango dugula, gure atletetako batzuk oso ongi lehiatzen direlako. Ikusiko dugu".