Futbola

Erregionalean Altsasu oso fin

Guaixe 2023ko ots. 28a, 10:33

Erregional mailako hemeretzigarren jardunaldiak 3 puntu oso gozo utzi zituen Dantzalekun

Erregional mailako hemeretzigarren jardunaldian Altsasu B taldeak Amaya taldea hartu zuen otsailaren 26an, igandea. Bezperako ihote ospakizunen ajea ez zen gehiegi sumatu, Altsasu ongi aritu baitzen. 

Lehen minutuetan parez pare ibili ziren bi taldeak, baina 22. minutuan Aitor Larak sartutako golak Altsasu B-ri haizea eman zion eta Alain Davilak bigarrena sartu zuen segidan. Eneko Verak hirugarrena sartzeko beta ere izan zuen. Amaya erantzuten saiatu zen eta 65. minutuan sartutako golarekin 3 eta 1 gerturatu zen, baina altsasuarrek ongi eutsi zuten eta markagailuan ez zen aldaketarik egon. 

Erregional mailako laugarren multzoko liderra Beti Onak B taldea da (48 puntu), Gazte Berriak 5 puntutara duela (43 puntu). Altsasu B hamaikagarren postuan dago (19 puntu). Hogeigarren jardunaldian arerio gogorra izango du Altsasu B-k, Beti Onak B liderra, hain zuzen ere. Partida Atarrabian jokatuko da.