Torregrosak espazio bat eskaintzen dio sexualitateari Altsasuko gazte gunean; zalantzak argitzeko edo hitz egiteko gunea da.
1. Nola definituko zenuke Sexgune zerbitzua?
Aholkularitza deitzen diot. Batzuetan galdera zehatzak erantzuteko espazio bat da; beste batzuetan, lagunartean sexualitateari buruz hitz egitekoa. Edonor hurbil daiteke, edozein zalantza edo kezka dela; zerbait hurbila da. Ez da erraza sexologoak zerbitzu publiko batean aurkitzea, eta eskertzekoa da Altsasun hau izatea.
2. Zein adin tarterako dago bideratuta?
Intxostiapuntan denez, gazteei bideratuta dago, baina adin tarte hori nahiko zabala da. Datozenak 12 eta 21 urte bitartekoak izaten dira, baina nahi duena hurbil daiteke, arazorik gabe.
3. Zer aholkatzen duzu?
Sexualitatea bizitzan zeharkatzen gaituen zerbait da. Askotan, koitora eta harreman heterosexualera mugatzen da, eta mugatzen denean jendeak ez du sexologoaren beharrik sentitzen. Baina, modu zabalagoan ulertzen badugu (norberak bere burua ezagutzea, onartzea, besteekin harremantzeko tresnak izatea, ongi sentitzea, autoestimua eta abar), gauza pila bat sartzen ditu barruan. Zalantza zehatz bat izan daiteke, identitatea, orientazioa, desiatzeko formak, beldurrak, zeloak... edo, beste batzuetan, gazteak etortzen dira galdera zehatzik gabe eta askotariko gaiak lantzen ditugu jolasen bidez...
4. Oro har, zer galdetzen dute zerbitzura bertaratzen diren gazteek?
Denetarik, pixka bat. Orokorrean ezjakintasun handia egoten da. Gai asko izaten dira, eta ni saiatzen naiz egiten dudan guztian aniztasuna ere presente izaten.
5. Aholkularitza zerbitzua baino zerbait gehiago bada.
Askotan, bai. Nabaritzen da ikastetxean landu ez badute, hutsunea sentitzen dutela.
6. Nolakoa da sexu hezkuntza ikastetxeetan?
Ni ez naiz bereziki baikorra. Geroz eta gehiago eta lehenago egiten da, baina askotan hitz egiten da pornoaren eta sare sozialen inguruan eta batez ere, sare sozialek geroz eta botere eta eragiteko gaitasun handiagoa dute gazteengan. Horren kontra egiteko, heziketa da aukera bakarra. Sexologiatik defendatzen da sexu hezkuntza bizitzaren etapa guztietan egin behar dela, eta ahalik eta goizen hasita, modu konstante batean. Egiten da, baina oso puntualki. Suhiltzaileak bagina bezala, kezka bat dagoenean deitzen digute sua itzaltzeko, baina elikatu behar den zerbait da.
7. Lotsa dago sexuari buruz hitz egiteko?
Baietz esango nuke. Oraindik etxeetan ez da asko hitz egiten eta ikastetxeetan ere gutxi hitz egiten da. Lagunartean agian gehiago, baina helduen artean kostatzen zaigu. Ziur nago batzuk ez direla hurbiltzen lotsagatik.
8. Pornoari buruz asko hitz egiten da. Nola ikusten duzu gaia?
Gazteek mundua ezagutu behar dute eta, beste iturririk ez dutenez, Internetera, pornora eta sare sozialetara jotzen dute. Arazoa da ez dutela informazioa filtratzeko errekurtsorik. Kontua ez da informazio gutxi dutela, baizik eta ez dutela informazio on nahikorik. Informazio txar edo kontrolik gabea asko dute, baina sexu heziketa handiagoa behar dute informazio hori filtratzen, irizpide propioa izaten ikasteko. Ereduak jasotzen ari dira etengabean, eta horrek autoestimuan eragin dezake. Sexu hezkuntza gutxi eta influencer asko.
9. Sexualitatearekiko harremana aldatu da?
Gauza batzuetan berdin jarraitzen dugu eta beste batzuetan, berriz, asko aldatzen ari da. Informazio mugimendu asko dago, etxetik kanpo. Ikastetxeetara joaten naizenean, argi ikusten dut zalantzak duela hamar urteko berberak direla. Aniztasunarekin poliki-poliki gauzak aldatzen goaz, baina asko falta da oraindik.
10. Zergatik da garrantzitsua horrelako zerbitzu bat izatea?
Behar baino gutxiago egiten delako, eta egiten dena hezkuntza formalaren bidez egiten da. Baina hezkuntza ez formalean horrelako espazio batean lasai eta lagunartean egotea garrantzitsua da. Hilabetero eskaintzen denez, gazteek ez dute beti beharko, baina kezkak sortzen direnean etor daitezke. Udalak zerbitzua mantentzeko apustua egiten du.
11. Zer egin behar da erabiltzeko?
Beharra duena nahi duenean etor daiteke. Hilabeteko azken ostiralean, 17:30etik 20:30era. Doakoa eta konfidentziala da. Hezitzaileek aurretik abisatzea nahiago dute, Intxostiapuntako kontaktu bideetatik. Intimitate gehiago nahi bada, beste toki bat aukera daiteke, beste ate batetik sartu...