Bertsolari alderdiagatik da ezagunagoa Ekain Alegre Gil, baina bere burua musikari gehiago ikusten duela aitortu du. Musika ikasketak sei urterekin hasi zituen, Altsasuko Musika eta Dantza Eskolan gitarra jotzen ikasi zuen, eta gero kontserbatorioan erdi mailako ikasketak egin zituen. Musika eskolatik sortutako El Txino Kudeiro rock taldean, ondoren Kaskarrako izan zen, parte hartu zuen. "Kontzerturen batzuk eman genituen". Bertsioak jotzen zituzten gehien bat eta taldearen azkenengo etapan abestiren bat ere egin zuten. Orain, Alegrek Elektrokela Elektrotxarangan jotzen du eta ordenagailuarekin abestien bertsioak egiten ditu.
Haize Berriak bandaren urteurren kontzertuan Deserrite taldearekin zuk moldatutako abestia jo zuten.
Deserritek bandarekin jo nahi zuen eta denboraz gaizki zihoazenez ez zuten denborarik beste abesti bat sortzeko. Kontserbatorioan konposizioa eta konponketak irakasgaia izan nuenez, niri esan zidaten Putzuaren barrunbean abestiaren konponketak egiteko. Saiatu nintzen ahal nuena egiten eta lehenengoa izateko nahiko txukun gelditu zen. Gozada bat izan zen. Deserritekoek oso ongi egin zuten, oso ongi moldatu ziren konponketetara eta banda ere oso ongi aritu zen. Oso gustura gelditu nintzen.
Nola egiten da abesti baten moldaketa?
Nik ez daukat esperientziarik eta zerotik hastea bezala izan zen. Kontserbatorioan Joselurekin izan nuen irakasgai horretik tiraka aritu nintzen. Kantaren akordeak kontuan hartu behar dira eta zer non sartu begiratu behar da. Instrumentu bakoitzak kantari zer motibo eman behar dion begiratu behar da ere. Bandaren partea kantaren influentzia izan behar da. Tonua, notak eta kolorea kontuan izan behar dira eta horrekin jolastu. Gero ikusi behar da ere oso kargatuta ez geratzea eta jo ote daitekeen. Lana izan nuen, bai. Uste nuena baino gehiago. Baina gustura. Ikasteko prozesu bezala oso ongi.
Abestien bertsioak sortzen dituzu ere. Nola sortu zen proiektua?
Teklatu txiki bat erosi nuen hasiera batean ordenagailuan zerbait egin nahi banuen izateko. Baina 2021eko udan pentsatu nuen: "Zergatik ez dut Altsasuko zortzikoaren bertsio bat egiten?". Neuzkan baliabide urriekin egin nuen eta nire youtube kanalera (youtube.com/@ 3k4in62) igo nuen. Egin nuen, ondo gelditu zen, eta beste bat egiten hasi nintzen, eta gero, beste bat.
Zein abesti egin dituzu?
"Euskal abestien bertsioak egiten ditut; momentuz Youtubera igo ditut"
Saiatzen naiz abesti guztiak, igo ditudan guztiak, euskaraz izatea. Ez dago arrazoi berezirik, euskaraz egin nahi ditudalako. Berrienak Burutik-en bat izan da, Ruper Ordorikaren pare bat ditut, Berri Txarrak taldearen baten bat eta Eguberrietarako Ole Olentzeroren bertsio bat egin nuen. Nire beste alderditik tiraka, Bertsolari Txapelketako sintoniaren remix bat egin nuen ere. Youtubeko kanalean zaharragoak ere badauzkat, baina beste programa bat erabiltzen nuen eta soinu aldaketa asko nabaritzen da. Orain beste programa profesionalagoa erabiltzen dut, eta nahiko nabaritzen da.
Nolakoa da abesti bat sortzeko prozesua?
Bertsio elektronikoak dira. Probatzen izaten da. Gustatzen zaidan abesti bat hartzen dut eta horren bertsioa egitea gustatuko litzaidakela pentsatu ondoren bideragarria ote den ikusten dut eta baiezkoa bada zerbait egiten hasten naiz. Lehenengo gauza abestiaren pultsua zein den ateratzea da. Interneten badago programa bat, abestia jartzen duzu eta ahotsa bakarrik deskargatzen dizuna. Horren gainean gauzak sartzen eta probatzen joaten naiz. Batzuetan buruan dudan guztia ez dut sartzen eta gauzak aldatzen joaten naiz.
Lan eta ordu asko dira, ezta?
Bai. Ez da ikusten atzean dagoen lana. Askotan pentsatzen da musika egiteko gitarra bat hartu eta jo egin behar dela. Jendeak ez du ikusten badaudela musika egiteko beste bide batzuk. Nik uste dut hori oso errotuta dagoela Sakana bezalako lekuetan tradizio musikal batetik gatozela non rock talde bat musikariak diren. Baina ez da entsegu lokal batean sartu behar sortu ahal izateko. Nik egiten dudana, adibidez. Horren atzean ez dut esango lan gehiago dagoenik, baina badago lana.
Zer nolako harrera izan dute?
Elektrotxarangako kideen artean ezagunak dira nahiko turra ematen diedalako abestia atera aurretik pasatzen diedalako haien iritzia jakiteko. Zortzikoarekin amodio-gorroto harremana daukat lehenengotarikoa izan zelako eta soinuan pila bat nabaritzen da. Tabernan jartzen dutenean esaten didate, eta ez zait gustatzen. Remasterizatzea pentsatzen ari naiz.
Estudiotik atera eta emanaldiak ematea pentsatu duzu, DJ antzera?
Ez. Ez dauka zerikurisik egiten dudana DJek egiten dutenarekin. Abesti zerrenda bat egiten dute eta nahasten dituzte. Meriturik kendu gabe, areto batean jendea dantzarazten egon behar direlako. Baina nirea desberdina da. Nire lana produktore lana da. Soinuak bilatu eta abar.
Etorkizunera begira?
Egin ditudan abestiak Youtubera igo ditut. Etorkizunera begira Amaiur Goikoetxearekin proiektu bat daukagu pentsatuta. Lau kanta edo ateratzea aurreikusi dugu. Bertsioak izango dira, baina ahotsa abestietatik atera beharrean, berak abestutakoak izango dira. Hasieran zerbait informala egiteko esan genuen, baina ikusten ari gara momentuz daukagunarekin materiala nahikoa dagoela. Ez dakit noiz aterako dugun, laster izatea espero dut. Remixekin jarraituko dut ikasketa prozesu bat delako; hau ikasteko egiten dut.