Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna asteazkenean ospatuko da. Hari begira, Sakanako mugimendu feministak "zaintza lanetan mugarria" jarri du. Feminista sakandarrek "egungo zaintza erregimen kapitalista eta zisheteropatriarkala eraldatzeko asmoz, mobilizazio prozesu bati ekinen" diote. Azaldu dutenez, "borroka dinamika bati" ekin diote, "epe luzerako proiektua" da eta haren lehen mugarria Martxoaren 8a izanen da. Gaztigatu dutenez, "zaintzarako eskubide kolektibo baten alde" egiten dute. "Pertsona guztiek bizi osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun eta konpromiso baldintzetan emateko eta jasotzeko duten eskubideen alde" eginen du mugimendu feminista.
Zehaztu dutenez, "hori mendekotasun egoeretatik baino askoz harago doa. Zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun erabakitzeko gaitasunaz ari gara; era berean, zaintzaren erantzukizunari pribilegiozko egoeretatik ihes ez egitea bermatzeaz ari gara". Azken horregatik, mugimendu feministak nahi du zaintza "erantzukizun soziala bihurtzea, eta ez negozio. Gizartea eraldatzeko neurriak bulkatu nahi ditugu, negozio izateari utz diezaion". Horretarako, mugimendu feministak "zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borroka ari direnekin indarrak batu" nahi ditu, baita "zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin" ere. "Aliantzak bulkatu nahi ditugu herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin". Hori lortzeko, feminista sakandarrak "aktibatzera" deitu dituzte, "asanblada feministak aktiba ditzaten, antolatu eta prozesu honekin bat egin dezaten".
Egungo egoera
Sakanako mugimendu feministako kideen iritziz, "zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitzeko. Ezin dira ikusezin bihurtu ezta horiekin merkantilizatzen jarraitu". Beraien iritziz, "krisiak oraindik eztanda ez badu egin etxeko langileen esplotazioaren ondorio da, erakundeek eta familiek betetzen ez dituzten beharrak asetzen baitituzte. Lan baldintza negargarriekin, sektorea desaraututa eta langile migratu asko Atzerritartasun Legearen ondorioz diskriminazio egoeran daudelako". Egoeraren argazkia zehazteko, feministek "gizartea krisian sakontzeko" faktoreak zerrendatu dituzte: "lanaren prekarizazioak eta langabeziak, pentsio baxuak, etxebizitzaren, gasolinaren eta oinarrizko beharren garestitzea.
Feministek ziurtatu dutenez, "etxeetan, lantokietan eta harremanetan langile klaseko emakumeak jarraitzen dugu zaintza sostengatzen dutenak izaten. Denboraren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen dugu: lanaldi bikoitzak, zerbitzu publiko urri eta prekarioak, denera ezin iritsiz, eta bidean gure bizitzak immolatuz".
Sakanako mugimendu feministako kideek gaztigatu dutenez, "gure diskurtsoaz jabetu dira edukiz husteko. Guk ez dugu isilaraziko gaituen promesa faltsurik nahi". Horren adibide lirateke, esaterako: edonork zaintzaren garrantziaz hitz egitea, zaintzaren krisia konpontzeko "azaleko soluzioak" proposatzea, konponbidea digitalizazio handiagoan bilatzea edo "ikuspegi ‘komunitarioaz’ abstraktuan hitz egitea, non zaintzaren feminizazioa eta familiarizazioa erreproduzitzen den".
Feminista sakandarrek prozesua abiatuko dute asteazkenean herrietan 18:00etan eginen dituzten kontzentrazioekin eta 19:00etan Altsasuko Foru plazatik abiatuko den manifestazioarekin. Mobilizazioek Denon bizitzak erdigunean leloa dute.