Txirrindularitza

Sakandarren lehen podiuma

Guaixe 2023ko mar. 6a, 11:20

Iker Mintegi, ezkerrean. MARTIN EARLY

Afizionatuen Ereñoko lasterketan Iker Mintegi altsasuarra podiumera igo zen, eta Top 10ean Aimar Tadeo lakuntzarra sailkatu zen.

Larunbatean, marsuak 4, XX. Ereñoko Udala Sari Nagusia jokatu zen, afizionatuen mailako Euskaldun Txapelketarako puntuagarria den bigarren lasterketa. 102 kilometroko lasterketan 154 txirrindulari zeuden izena emanda, eta horietatik 103 sailkatu ziren. 

Lasterketa gorabeheratsua izan zen. Rural Kutxa-Alea talde sakandarreko Samuel Fernandez Garcia gailendu zen (2:44:43), eguneko ihesaldian erasoa jo, eta aurrera egin zuen gizonak. Atzetik indar handiz segika zuen taldearen erasoari eutsi zion Fernandezek. Finisher taldeko Dylan Westley eta Laboral Kutxako Iker Mintegi Claver altsasuarra 10 segundora sartu ziren. Aurten afizionatuen mailan bere hirugarren urtea du altsasuarrak, eta gogotsu dago. Hirugarren izan zenez, podiumera igo zen. Aurten afizionatuetan Finisher taldearekin debutatu duen Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarra zazpigarren sailkatu zen, 20 segundora. Tadeo mendiko sailkapenean bigarren eta tartekako helmugen sailkapenean hirugarren izan zen. Bestalde, Ailetz Lasa (Laboral Kutxa) 22. postuan sailkatu zen, eta Martxel Etxeberria (Rural Kutxa-Alea) 25. postuan.

Denboraldia hasi berria dela, txirrindulari sakandarrek afizionatuen lehen podiuma lortu dute. Ea gehiago diren. 

Erlazionatuak